Koltxoien salmentarekin Azkoitian ere iruzur egin duen ustezko talde bat desegin dute

Andoni Elduaien 2021ko abe. 15a, 13:34

Azkoitian, Azpeitian eta Gipuzkoako nahiz Bizkaiko beste zenbait herritan egin dute iruzur. Bilboko Udaltzaingoak desegin du taldea, eta pertsona bat atxilotu eta beste hiru ikerketapean jarri dituzte. Ustezko iruzurgileek Osakidetzako langileak zirela esaten zuten adineko pertsonei koltxoiak saltzerakoan.

Koltxoi salmentarekin adineko pertsonei iruzur egiten zien ustezko talde bat desegin du Bilboko Udaltzaingoak. Europa Press agentziak jakinarazi duenez, pertsona bat atxilotu dute eta beste hiru ikerketapean jarri dituzte iruzur delitua egotzita. Ustezko iruzurgileak Gipuzkoan eta Bizkaian aritu dira, tartean Azkoitian eta Azpeitian.

Kriminalistika Ikuskaritzak egin zuen ikerketa azaroan, Bilboko Miribilla auzoko ertzain etxean jarritako salaketa baten ondoren. Salaketaren arabera, enpresa bat etxez etxe koltxoiak saltzen aritu da, atez ateko metodoa erabilita. Ustezko iruzurgileek Osakidetzako edo Gizarte Segurantzako osasun langile moduan aurkezten zieten beren burua adineko pertsonei. Etxebizitza barruan zeudela, etxe jabeei tentsioa hartu edota beren osasun egoerari buruzko hitzezko inkesta bat egiten zieten. Une horretan, koltxoia eskaintzen zuten, "gaitz eta arazo fisiko guztien konponbide terapeutiko" moduan. Horretarako, "argudio anatomikoak, sendagarriak edo terapeutikoak" erabiltzen zituzten.

Salmenta behartuz, etxebizitza barrura sartutako ustezko iruzurgileak telefonoz deitzen zion berehala beste pertsona bati. Ordu laurdena betetzerako, biktimari etxeko koltxoi zaharra kentzen zioten, eta berria jarri. Ustezko iruzurgileek  1.000 eta 2.000 euro arteko zenbatekoa eskatzen zioten etxe jabeari koltxoiagatik. Hala eta guztiz ere, Europa Press agentziak jakinarazi du prezioa "irizpiderik gabe" aldatzen zutela. Koltxoi berria jarri ondoren, eta salmenta formalizatuta zegoela iritzita, dirua eskatzen zuten ustezko iruzurgileek seinale moduan, eta ordu eta egun bat adosten zuten gainerako kopurua eskura ordaintzeko; izan ere, prozesua eskudirutan ordainduta eta fakturarik aurkeztu gabe egiten zuten.

Azaroaren 30ean, Bilboko etxebizitza batean koltxoi berri bategatik egin behar zuten ordainketaren berri izan zuen Bilboko Udaltzaingoak, eta orduan dispositibo bat jarri zuen martxan. Une hartan pertsona bat atxilotu zuten, eta beste hiru jarri zituzten ikerketapean, horien artean enpresa saltzailearen administratzaileak. Era berean, udaltzaingoak hainbat miaketa egin ditu, eta antzeko iruzurren biktima izan daitezkeen pertsonekin lotutako dokumentazio ugari atzeman du.

Adineko pertsonak jomugan

Bilboko Udaltzaingoak dokumentazioa eta kaltetuak izan daitezkeenen profila aztertu du. Ustezko iruzurra jasan duten pertsonak adinekoak dira, eta horietako batzuk nolabaiteko gaitasun kognitibo eza dute. Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta udaltzaingoak ez du baztertzen atxiloketa gehiago egitea, ezta iruzurrezko jardunbide horiei lotutako zilegizkoak ez diren beste zigor penal batzuk egoztea ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide