Jon Unanue Goenatxo III.ak Euskal Herriko Harri Handien Txapelketako finala jokatuko du larunbatean, abenduak 18, Asteasun (Gipuzkoa). 18:00etan hasita jokatuko dute final handia, eta Azkoitiko harri-jasotzailearekin batera arituko dira lehian Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga eta Iñigo Eizagirre.
3 minutuko lau lan egin beharko dituzte lau harri-jasotzaileek. Lau harri desberdinekin aritu beharko dute eguneko protagonistek: 200 kiloko errektangularra, 175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Lau harriekin kilo gehien altxatzen dituen harri-jasotzaileak jantziko du 2021. urteko txapela.
Aimar Irigoien errezildarrarekin batera, Juan Jose Unanue Goenatxo II.a –Goenatxo III.aren aita– da Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan txapela gehien jantzi duen harri-jasotzailea. Azkoitiarrak 11 aldiz irabazi du txapelketa, 1991tik 2001era bitarteko guztiak, hain zuzen. Txapelketa horretako hiru txapel, gainera, herrian jantzi zituen Goenatxo II.ak: 1992an, 1997an eta 2001ean.
Binakako txapelketako finalean
Goenatxo III.a eta Xabat Olaizola zarauztarra Binakako Harri-jasotze Txapelketako finalera sailkatu ziren joan den asteburuan, Aian. Jokin Eizmendi zarauztarrak eta Gorka Etxeberria oriotarrak osatutako bikotearen aurka aritu ziren, eta bi bikoteak ezin hobeto aritu ziren lau harriekin egin beharreko lanetan. Hori horrela, abenduaren 31n Asteasun (Gipuzkoa) jokatuko den finalerako sailkatu dira.
Eizmendi-Etxeberria bikoteak 12.314 kilo altxatu zituzten: Eizmendik hemezortzi bider jaso zuen 150 kiloko laukizuzenari, Etxeberriak 22 aldiz 125 kiloko kopa, eta biek elkarrekin 28 jasoaldi lortu zituzten 113 kiloko kubikoarekin eta 37 jasoaldi 100 kilo bolarekin.
Goenatxo-Olaizolak bikoteak, berriz, 11.964 kilo altxatzea lortu zuten: Goenatxok hamalau altxaldi eman zizkion harri laukizuzenari, Olaizolak 24 kopari, eta biek elkarrekin 28 jasoldi lortu zituzten kubikoarekin eta 37 bolarekin.