Ingurumen Administrazioaren Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Nerea Uranga-Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 9a, 17:34

Ingurumen Administrazioaren Legea onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Oposiziokoek kontra egin dute, hau da, EH Bilduk, PP-C’s-ek, Elkarrekin Podemos-IUk eta Vox-ek. Azkoitian ez zuten onartu EH Bilduk Interes Publiko Goreneko Proiektuen Erregulazio berriaz aurkeztutako mozioa azken udalbatzarrean.

Ingurumen Administrazioaren Legea onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak. Lege horrek udalen eskumenei bete-betean eragiten diela eta, eztabaida egon da proiektuaren prozeduran. Izan ere, EAJk sartutako zuzenketa baten ondorioz –PSE-EEk babestuta–, interes orokorreko proiektua izeneko figura sortu dute. Figura horren bidez, gobernuak eskumena izango du proiektu bat "interes orokorrekoa" dela esateko, eta kasu horretan, udalek ezingo diote uko egin beren herrietan proiektu hori gauzatzeari. Zuzenketa hori kontuan hartuta, eta legearen aurka eginez, EH Bilduk mozioak aurkeztu zituen herrietan azaroko udalbatzarretan.

Azkoitian ez zen aurrera atera Interes Publiko Goreneko Proiektuen (IPGP) erregulazio berriaz EH Bilduk aurkeztutako mozioa, EAJren, PSE-EEren eta Azkoitia Bairen aurkako botoekin. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiak herrian nola eragingo lukeen adierazi zuen EH Bilduko udal taldeak, eta Azkarateko hondakin plantaren gaia mahaigaineratu zuen, lege aldaketak halako kasuetan eragina izan dezakeela iritzita. Finean, Azkoitiko EH Bilduk "kezkaz" begiratzen dio gaiari, eta uste du "IPGP figura lurralde eta hirigintza plangintzaren inguruan ezarritako adostasunaren aurkako eraso bat" dela. "Toki eremuko autonomia eta demokrazia nabarmen urratzen da, udalari ez baitzaio aukerarik ematen bere lurraldearen barruan desegokitzat jotzen dituen erabilerak mugatzeko".  

EH Bilduk uste du, aldaketa horren bidez Eusko Jaurlaritzari "ahalmena" ematen zaiola "ustezko ingurumen hobekuntza izan dezakeen edozein azpiegitura Interes Publiko Goreneko Proiektu izendatzeko, baldin eta sustatzen publikoa badago". Esaterako, "energia berriztagarriak sortzeko proiektuak, zabortegiak, araztegiak, erauzketaproiektuak...". "Gainera ez zaie aterik ixten beste proiektu mota batzuei, hala nola ekipamendu handiei edo bestelakoei, baldin eta ingurumenaren aldetik nolabaiteko justifikazioa badute", zehaztu zuen koalizioak. 

Udal Gobernua, kontra

Udal Gobernuaren arabera, "zenbait gaik udalerri ikuspegitik herri ikuspegirako jauzia ematea eskatzen du, perspektiba zabalduz. Udalerri bakoitzak bere zilborrari begiratuz gero, herri gisa atzera gelditzeko arriskua egon daiteke. Bestalde, zenbait gaik eskuzabaltasuna eskatzen dute nahitaez, herri baten garapena bermatu nahi bada. Euskadi osoaz ari gara. Tokian tokiko diferentziek ezin dute helburu amankomun bat mehatxatu, eta horixe da lege proiektu honekin lortu nahi duguna". 

Horren aurrean galdera zehatza egin zuten EH Bilduko udal zinegotziek: "Orduan, Azkarateko plantaren gaian herri ikuspegiari garrantzia ematen bazenioten, zergatik diozue orain hori zilborrari begiratzea dela?". EAJren erantzuna ere zehatza izan zen, eta koalizioari leporatu zion lehengo gaiak berriro mahai gainera ekartzea. "Horiek lehengo kontuak dira. Gu oraingoa den gai zehatz baten inguruan ari gara hizketan. Gure iritzia garbia da, eta ez gara sartuko beste gai batean". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide