Bulego taldea

Tomas Lizarazu: "Eskuartean dugun diskoa nahi genuen diskoa da"

Anartz Izagirre 2021ko abe. 2a, 10:49

Bulego taldeak Erdian oraina diskoa argitaratuko du bihar, abenduak 3. Lan berriaren aurkezpeneko kontzertu ofiziala abenduaren 26an emango dute Donostiako Tabakaleran, baina aurrez, Durangoko Azokan ere kontzertua eskainiko dute zapatuan. Estreinaldiaren atarian, "ilusioz beteta" daudela adierazi du Tomas Lizarazu abeslariak.

Ia bi urte igaro dira zuen lehen single-a plazaratu zenutenetik. Zer aldatu da ordutik?

Ilusio handiarekin ekin genion proiektuari, eta Hegan abestiarekin sorpresa handia hartu genuen, jende askorengana iristea lortu genuelako; feedback horrek ekarri du guk profesionalizatzeko esfortzu bat egitea. Sentsazioa dut harridura konstante batean gaudela, eta pauso bakoitzarekin gauza berriak deskubritzen ari gara, oraindik ere hasierako ilusio berarekin. Orain dela urtebete gure kontzertuetara azkoitiarra ez zen jendea etortzea sekulakoa iruditzen zitzaigun, eta oraindik ere harritu egiten gaitu. Orain dela aste batzuk Madrilen eta Bartzelonan egon ginen, eta euskal herritarrak ez ezik, kataluniarrak eta madrildarrak ere kontzertuetan ikustea ederra izan zen.

Joan zen urtean zuen lehenengo EP-a ere atera zenuten. Zer-nolako harrera izan zuen?

Hegan abestia publikatu genuenean Youtubeko gure kanalean jendea iruzkinak idazten hasi zen, eta ordura arte ez genuen halakorik bizi izan. Ondoren konfinamendua iritsi zen, eta gainontzeko abestiak kaleratzen hasi ginen, etxetik. Oso garai polita izan zen guretzat. Proiektua aurrera ateratzeko lan handia egin genuen, eta ez genekien jendeak nola erreakzionatuko zuen. Sare sozialei esker komunikazio bide berri bat zabaldu zaigu jarraitzaileekin, eta feedback zuzena jasotzen dugu. Gauza horiek pasatzeak ilusioa eragin digu; jendeak ondo hartu ditu kantuak, eta horrek indarra eman digu gauzak hobeto egiteko ere.

Bihar kaleratuko duzue Erdian oraina deituriko zuen lehen diskoa. Nola sentitzen zarete?

Aspalditik genuen diskoa ateratzeko gogoa. Gaur egun talde askok singleak edo EPak kaleratzen dituzte, baina guk musika egile nahiz kontsumitzaile bezala diskoa atera nahi genuen; ganoraz, gainera, dena emanda. Mimo handiarekin landu dugu diskoa, eta orain jendeak nola hartuko duen zain gaude. Eskuartean dugun diskoa nahi genuen diskoa da, eta inguruko profesionalei esker da hori. Irrikitan gaude ezkutuan egon den material hori jendeak ikusteko.

Zer topatuko du entzuleak lan berrian?

Abestiei eta soinuari dagokienez, salto garbi bat ikusten dela esango nuke. Lan asko egin dugu Eñaut Gaztañagarekin batera diskoari profesionaltasuna emateko; horrez gain, disko honetan Bulegoren soinua ondo definituta utzi nahi genuen, beraz, bere osotasunean ondo zainduta dagoen disko bat aurkituko du entzuleak Erdian Orainan. Esaterako, estetika zainduta egongo da, abesti bakoitzak bere bideoklipa izango du... Gauza horiek guztiak zaintzen ahalegindu gara, eta uste dut diskoa erosten duenak antzemango duela lan berri hau bere osotasunean koherentea eta profesionala dela.

Hain zuzen ere, Euskararen Egunean argitaratuko duzue diskoa. Zer-nolako garrantzia du zuentzat euskaraz abesteak?

Euskaraz abestea guretzat ez da bereziki planteatutako zerbait, gure identitatearen parte baita. Taldekideok euskaraz hitz egiten dugu elkarrekin, euskaraz egiten dugu egunerokoa, lana… Hasieratik horrelaxe atera zitzaigun, eta hala jarraitzeko asmoa dugu; arraroa egingo zitzaigun gazteleraz edo ingelesez abestea. Horrez gain, iruditzen zait euskara gure kulturaren parte den aldetik, ondo datorrela euskararen alde gure alea jartzea ere. Dena den, naturalki atera zaigun zerbait izan da. 

Nola joan da orain arte diskoaren aurresalmenta?

Orokorrean oso harrera ona izaten ari da. Aurresalmenta labur bat egin genuen asteburu batean, zain-zain dagoen jende horri diskoa edukitzeko aukera eman nahi baikenion. Horrez gain, silent concert bat eman genuen joan den astean Bilboko eskaparate batean, eta diskoa entzun nahi zutenek QR kode baten bitartez entzun zuten gure musika. Bulego guretzat ez da musika talde soil bat, guk behintzat ez dugu horrela ulertzen; diziplina anitzeko proiektua bezala ulertzen dugu. Zentzu horretan, izan dugun erantzuna oso-oso ona izan da.

Sare sozialetan adierazi duzuenez, 40tik gora emanaldi eskaini dituzue. Ez da zifra makala denbora gutxi daraman talde batentzat. Zein izan da sekretua?

Ez dakit zein izan den sekretua. Guretzako lehenengo abestia atera genuenetik pasatu zaiguna sorpresa bat izan da. Eta kontzertuak ere sekulakoak izan dira guretzat. Urte arraroa izan arren, 40tik gora kontzertu eman ditugu, beste musika talde asko geldirik egon direnean. Egia da emanaldiak ez direla izan pandemia aurretik ziren bezalakoak, baina guri hazten joateko eta zuzenekoak hobetzeko aukera eman digu. Orain ea honek aurrera jarraitzen duen, jada zuzenekoetarako prestatuta harrapatuko gaitu behintzat.

Durangoko Azokan izango zarete, eta han ere izango da diskoa eskuratzeko aukera. Azokan fisikoki egongo zareten lehen aldia izango da, gainera. Zer espero duzue?

Urtero egon ohi gara Durangoko Azokan kontzertuak entzuten, diskoak erosten… Nik neuk behintzat oso gustura hartzen dudan asteburu bat da. Eta gu, aurten, ilusioz beteta goaz. Garai arraroak izaten ari dira, proiektua jaio zenetik ia-ia maskararekin-eta egon garelako, konfinatuta… Guk oraindik ezagutzen ez dugun normaltasun bat ezagutzen ari gara; kontzertuak tente egitearekin, adibidez, gozatzen ari gara. Durangoko Azokan berdin, iaz egon ginen azoka birtualean, baina fisikoki han egongo garen lehen aldia izango da. Ez dakigu nolakoa izango den. Denek esaten digute musika taldeentzat oso intentsoa izaten dela azoka, eta dagoeneko ari da izaten. Gainera, azokako lehenengotako kontzertua guk emango dugu, larunbatean. Hantxe egongo gara, eta ikusiko dugu dena nola joaten den.

Zer-nolako bira aurreikusten duzue hemendik aurrera?

Abenduaren 26an diskoaren aurkezpeneko kontzertua eskainiko dugu Tabakaleran, eta dagoeneko salgai daude sarrerak gure webgunean. 360 gradutako kontzertua izango da, oholtza erdigunean izango delako eta publikoa inguruan izango delako. Horrez gain, beste hainbat kontzertu ditugu lotuta datorren urterako; besteak beste, Gasteizen, Miarritzen, Iruñean eta Bilbon.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide