Udal Gobernuak 2022rako egin duen aurrekontu proposamenari zuzenketak aurkeztu dizkio Azkoitiko EH Bilduk. Udal Gobernuak joan den astean aurkeztu zuen datorren urteko aurrekontuen proposamena. Koalizioak "azterketa sakona" egin die haiei, eta "anbizio gutxiko aurrekontua" dela iritzi dio. "Ez dago partida berritzaile edo azkoitiarren benetako arazoei aurre egiteko modukorik. Positiboki ikusten dugu Azoka Plazako berritze lanak kontutan hartzea, baina ez dugu nahikoa ikusten".
Horren harira, EH Bilduk zuzenketa eta eskaera batzuk luzatu dizkio Udal Gobernuari "aurrekontuak hobetzeko". Azken urteetako zenbait eskaera mantendu ditu koalizioak, besteak beste, herriko kultur plana egitea, herriko sortzaileen eta artisten egoera ezagutzeko eta indartzeko "ezinbestekoa" izango dela uste baitu. Era berean, ibaien eta erreken garbiketan sakontzeko eta planifikatzeko eskatu dio Udal Gobernuari. "Azkenaldian erabat ahaztutako natur eremuak izanda, ezinbestekoa da udalak bere erantzukizunari heltzea eta arazo horri irtenbidea ematea". Udalak Ura agentziarekin protokolo bat sinatuta duela gogorarazi dute Iraitz Otaño eta Itziar Joaristi zinegotziek.
Memoria historikoaren lanketarako diru partida igotzea ere proposatu du EH Bilduk. "Ezinbestekoa da herri honen bakean sakontzeko lanketei adituen eskutik ekitea. Komunitate energetiko baten sorrerarako azterketa egiteko partida ere aurkeztu du koalizioak. "Klima larrialdi bete-betean eta argindarraren prezio historikoetan gauden honetan, ezinbestekoa ikusten dugu gaiari herritik eustea. Esperientzia ezberdinak daude Euskal Herriko txoko ezberdinetan, eta Azkoitian ere bere lekua izango luke komunitate energetiko baten sorrerak. Herrian bertan energia berdea sortu eta herriko familiei argindarraren kostua jaitsiko genieke". Horrez gain, Ingurumen Udal Kontseilua martxan jartzeko partida eskatu du koalizioak. "Ezinbestekoa da baliabideak eta tresnak jartzea herritarrekin eta eragileekin, egun bizi dugun momentu historiko honi erantzuteko".
Euskara ikasteko dirulaguntzetan doakotasunerako bidean pauso bat gehiago emateko aukera ere ikusten du EH Bilduk. "Gaur egun %75 arte laguntzen du udalak, eta laguntza hori %100era igotzea proposatu dugu". Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren atalerako Udal Gobernuak egin duen igoera proposamena ere hizpide izan dute Otañok eta Joaristik. "Nahiz eta igoera moduan agertu, ez dugu horrela ikusten. Partida igo egin da, baina igoera hori berdintasun plana ebaluatzeko eta berria egiteko da. Planak egitea gustuko du Udal Gobernuak, baina gero planak gauzatzeko baliabideak jarri behar dira; ez gastatu gehiago planak egiten, planak gauzatzen baino. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Udal Kontseilua osatzeko partida jartzea eskatzen dugu; egon bazegoen, baina kentzea erabaki du Udal Gobernuak, eta ezinbestekotzat ikusten dugu partida mantentzea eta martxan jartzea".
Hiru konpromiso eskaera
Aurrekontuak babestu ahal izateko, hiru konpromiso eskatu dizkio EH Bilduk Udal Gobernuari. Batetik, etxebizitza alokatzeko dirulaguntzaren oinarriak aldatzea eta herritar denei zabaltzea. "Pixkanaka kolektibo ezberdinei zabaltzen joan gara etxebizitza alokatzeko dirulaguntza, eta uste dugu herritar denei zabaltzeko garaia dela. Emantzipazio arazoa geroz eta hedatuago dagon honetan, egiturazko arazoa dela ikusten dugu, herritar denei eragiten diena. Beraz, diru sarreren araberako laguntza sistema moldatzeko eskatzen dugu". Bigarren eskaera, berriz, irisgarritasunaren inguruan egin du EH Bilduk. Floreagako irisgarritasun planarekin eta datorren fase berriaren lanketarekin jarraitzea eskatu dute; proiektua gauzatzeko gerakineko dirua erabiltzeko eskatu du koalizioak. Azoka Plaza berritzeko proiektuan, berriz, "anbizioa" eskatu dute Otañok eta Joaristik. "Azoka plaza bere horretan ez ezik, Kultur Etxea eraberritzea ere eskatzen dugu".
EH Bildurentzat neurri horiek "ezinbestekoak" dira azkoitiarren bizi baldintzak "hobetzeko" eta klima larrialdiari erantzuteko. Udal Gobernuari negoziaziorako eskua luzatu dio koalizioak.