Izarraitz Lanbide Heziketakoek 'Ekilore' eskultura sortu dute, birziklatutako materialarekin

Nerea Uranga 2021ko aza. 27a, 09:00

Izarraitz Lanbide Heziketakoak atzo diploma jasotzen. Ondoan, 'Ekilore' eskultura.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia zirkularra modelatuz egitasmoan parte hartu dute Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleek. Programa horretan parte hartzeko, eskolan bildutako materialarekin Ekilore sortu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen departamentuak Ekonomia zirkularra modelatuz programa jarri du martxan, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan. Lanbide heziketako ikasleek parte hartu dute egitasmoan, birziklatutako materialekin eskulturak sortuz; tartean, Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketako Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko erdi mailako zikloko ikasketetako ikasleek. Horiek Ekilore izeneko eskultura sortu dute. Iaz, ikastetxean martxan jarri zuten baratzean txorimalo funtzioa egiteko osatu dute eskultura da hori.

Ekilore eskultura sortzerakoan ikasleek jarritako helburuak honakoak izan ziren, haien arabera: "Eskulturarekin gure zikloa azaldu nahi genuen, baita baratze proiektua eta ikastetxeko gainontzeko ikasketa zikloak ere. Horrez gainera, garbi izan dugu erabiliko genuen materiala berrerabilitakoa izango zela, ekonomia zirkularra sustatuz". Eskultura egiteko hautsitako aulki bat, motor bat, tuboak, helizea eta torniloak erabili dituzte.

Egitasmoan parte hartu duten hamahiru ikastetxeetako ordezkariek atzo, ostirala, jaso zituzten diplomak eta bi milana euro Aldundian, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuaren eskutik. Berrerabilitako materiala produktu berriak egiteko erabilgarria edo lehengai izan daitekeela gazteen artean kontzientzia sortzea da egitasmoaren helburua, Asensioren arabera. Horrez gain, nabarmendu du ekonomia zirkularra dela berak gidatzen duen departamentuaren helburu estrategikoetako bat.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide