Azaroaren 25a

Udaleko Gizarte Zerbitzuetan hamabost indarkeria matxista kasu artatu dituzte iazko azaroaz geroztik

Andoni Elduaien 2021ko aza. 25a, 08:00

Azaroak 25 da gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Maxixatzen.eus-ek iazko azaroaz geroztik Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan artatu dituzten indarkeria matxisten kasuak jaso ditu; guztira, hamabost kasu zenbatu dituzte azken urtean.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur. Azkoitiko Udaleko Gizarte Ongizateko sailean artatutako indarkeria kasuen datuak bildu ditu Maxixatzen.eus-ek. Hain zuzen ere, guztira, hamabost indarkeria matxista kasu artatu dituzte udaleko Gizarte Zerbitzuetan; datuok iazko azaroaren 25etik gaur arte zenbatutakoak dira. Hamabost indarkeria kasu horietatik bat adingabe batek pairatu zuen, eta lau indarkeria kasu zenbatu dituzte 18 eta 30 urte artekoen artean; zortzi 31 eta 45 urtekoen artean; eta bi 46 eta 59 urte artekoen artean.

Gizarte Ongizatean artatu dituzten kasu guztietatik zazpitan erasotzailearen aurkako salaketa judiziala jarri du erasotua izan den pertsonak Ertzaintzaren aurrean; salaketa jarri duten pertsonak 20 eta 42 urte artekoak dira. Beste zortzi kasuetan, aldiz, biktimek ez dute erasotzailearen aurkako salaketarik jarri. Gizarte Ongizatean sailak jakinarazi duenez, gainera, hamabost kasu horietatik bi indarkeria sexualak izan dira. Beste hamahiru kasuak, ostera, bikoteak, bikote ohiak edo familiako kideren batek eragindako erasoak izan dira.

Udalak ez du erasotuen jatorriari buruzko daturik eman, baina jakinarazi du horiek Gizarte Ongizate sailera nork bideratuta iritsi diren. Hain zuzen, bere kabuz zuzendu dira udalera zazpi biktima, eta, eta beste bost familiak zein lagunek bideratuta edo Gizarte Zerbitzuen sailak detektatuta artatu dituzte Gizarte Ongizate sailean. Halaber, udal sail horiek Osakidetzarekin hasi dira koordinatzen, eta bide hori probestu dute beste bi lagunek. Aldiz, Ertzaintzak bideratuta lagun bat artatu dute udalean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide