Sanandresak 2021

Zapatuko danborrada, aurrera

Mailo Oiarzabal 2021ko aza. 17a, 20:02

2019ko danborradaren irudia.

Udaleko bozeramaileen batzordeak aho batez hartu du erabakia arratsaldean, eta uneotan Gurean azkenaurreko entsegua egiten ari diren taldeei jakinarazi diete ondoren. Festan parte hartuko dutenek bete beharreko hainbat neurri adostu dituzte; maskara "une oro" jantzita eramatea, besteak beste. San Andres jaiei dagokienez, COVID-19aren hedatze datuen arabera hartuko ditu neurriak udalak.

COVID-19aren hedapena berriro indartzen ari dela-eta Eusko Jaurlaritzak atzo iragarritako neurriak ezagutu ondoren, zalantzak sortu ziren zapatu honetan herrian ospatzekoa zen San Andres aurreko helduen danborradaren inguruan. Zalantzak argitu dira, ordea, eta danborrada egin egingo dute.

Udaleko bozeramaileen batzordean aho batez hartu dute gaur arratsaldean danbor festarekin aurrera egiteko erabakia. 18:00etan hasi da danborradarekin zer egin erabakitzeko udal bozeramaileen bilera. 19:00etan hitzordua jarria zuten danborradako taldeekin Gurean, erabakiaren berri emateko; hain zuzen ere, zapatuko festa ez ezik, gaur azkenaurreko entsegua egin ala ez zegoen jokoan. Azkenean, uneotan ari dira egiten azkenaurreko entsegu hori Gurean, eta hantxe elkartuko dira berriro taldeak zapatu goizean ere, azken entsegurako.

Hainbat neurri

Hartu dutena "erabaki zaila" dela adierazi du udalak ohar bidez, eta "denen gustukoa izatea ezinezkoa" izango zela jakinaren gainean hartu dutela eman du aditzera erakundeak, baina bi irizpide nagusi kontuan hartuta adostu dute danborrada egitea: "Alde batetik, herriko intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 150 kasuren mugatik nahikoa gertu dago; eta bestetik, danborrada aire libreko jarduera da".

Danborrada egin, egingo dute, baina COVID-19aren hedapena saihesteko zanbait neurri beteta egin beharko dutela argi utzi du udalak. Maskararen erabilerarekin lotuta daude neurri nagusiak: danbor-jotzaileek "maskara zuzen jantzita" eraman beharko dute "une oro" eta "ezingo dute jan, edan edo erre" ibilbide osoan zehar. "Udaltzaingoa saiatuko da ahal den neurrian distantziak mantenduarazten, bai danbor-jotzaileen eta bai publikoaren artean", aurreratu du udalak; eta jakinarazi du danborradan laguntzaile gisa ateratzen direnek maskarak eramango dituztela, behar "dutenen artean banatzeko".

"Ibilbidean aldaketaren bat egitea litekeena" dela jakinarazi du udalak, nahiz eta momentuz kontu hori ez dagoen "itxita". Erabakita dute, aldiz, aurten danborrada amaitu ondoren ez dela txokolate berorik banatuko Gurean.

Zapatu gaueko festari begira "konpromisoa eta erantzukizun indibiduala" eskatu ditu bozeramaileen batzordeak, eta danbor-jotzaileei zein gainerako herritarrei "kolaboratzeko erregutu" die, "geure esku dagoelako gauzak ondo egitea".

Sanandresei buruzko erabakirik ez

Hilaren 28tik 30era ospatzekoak diren San Andres jaien inguruko erabakirik ez dute hartu udal bozeramaileek gaurko bileran.

"Datuek erakutsiko dute zeintzuk diren hartzen joan beharreko erabakiak. Eusko Jaurlaritzak bihar argitaratuko ditu azken datuak, eta horiek ere ekar dezakete neurri gehigarriak hartu behar izatea", adierazi du udalak bere oharrean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide