Nancy Fraser pentsalari feminista estatubatuarraren artikuluak biltzen dituen Kapitalaren lantegi ezkutuak: mapa bat ezkerrarentzat saiakera liburua euskarara ekarri dute Mirentxu Larrañagak, Maialen Berasategik, Danele Sarriugartek eta Irene Arraratsek. Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren lan berria da, hain zuzen ere, gaur, asteartea, lau itzultzaileek Donostian aurkeztu dutena.
Larrañaga azkoitiarrak bi artikulu itzuli ditu, biak ere zaintza krisiaren ingurukoak. Hark azaldu duenez, 2016an hemezortzi zuzendarik Parisi buruz grabatutako film kolektiboa etorri zaio gogora Fraserren artikuluak irakurtzean. "Lanaren bosgarren atalean ikusten da Ana izeneko emakume hegoamerikar batek bere haurra egunero zaintzeari uko egin behar izaten diola, goi mailako beste emakume baten haurra zaintzeko".
Larrañagak zehaztu duenez, Fraserrentzat sustrai sistemiko sakona du zaintzari buruzko gaur egungo aferak. "Gizarte kapitalistaren molde guztiek babesten dute krisirako joera, eta Fraserren ustez, kapitalismoaren kontraesan sozial erreproduktiboa dago zaintza krisiaren sustraian".
Abenduko aldizkarian Larrañagari egindako elkarrizketa luzea kaleratuko du Maxixatzenek.