Tokikom Saria irabazteko atarian gelditu da Maxixatzen

Maxixatzen.eus 2021ko aza. 13a, 09:13

Maxixatzeneko eta UKTko kideak, behean, ezkerreko lehenengo hirurak. (Tokikom)

Azalik onenaren eta edukirik onenaren kategorietan zituen Maxixatzenek sariketako bi hautagaitzak: Maritxu Errazkin autobus gidariaren azala, eta Azkoitiko gaitzizenen eta ezizenen erreportajea. Sari nagusia eskuratzetik oso gertu geratu da Maxixatzen.

Tokikom Sarien seigarren edizioaren sari banaketa egin dute gaur goizean Arrasateko (Gipuzkoa) Garaia Parke Teknologikoan. Tokikomek antolatu du ekitaldia, eta euskarazko komunikazioaren arloko ehun lagundik gora batu dira, tartean Maxixatzeneko kideak. Sari banaketa ekitaldiaz gain, nazioarteko adituekin batera, hedabideen inguruko komunitateen sorkuntzaz lanketa egin zuten parte hartzaileek. Ekitaldian, Britainia Handiko BBCko, Flandriako Het Belang van Limburgeko eta Espainiako eldiario.es-eko lankideen esperientziak entzuteko aukera izan zuten euskal kazetariek. 

Tokikomen lau sari banatu ditu aurten finalisten artean. Azalik onenaren eta edukirik onena kategorietako finalean eduki bana zituen Maxixatzenek, baina ez du irabazterik lortu. Halere, Maxixatzen kide den Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) Orioko Karkara hedabidearentzat izan da Komunitatearen Saria. Sari hori publikoak erabaki du, Internet bidez egindako bozketaren bitartez. Hala, finalistarik bozkatuena izan da Karkara aldizkariaren Bandera da Orion azala. 2020ko irailean plazaratu zen, Orioko nesken traineruak Kontxako Bandera irabazi eta gero. 373 boto jaso ditu, boz guztien %25. Aitziber Arzallus Karkarako erredaktoreburuak eta Arnaitz Rubio argazkilariak jaso dute garaikurra.

Edukirik Onenaren Saria, aldiz, Hego Uribeko (Bizkaia) Geuria aldizkariarentzat izan da, Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak monografikoagatik. Azalik Onenaren Saria Sakanako (Nafarroa) Guaixe aldizkariak irabazi du, eta Ikus-entzunezkorik Onenarena Goierri Irrati-Telebistak jaso du.

Urolako Komunikazio Taldeko lan gehiago izan dira finalista aurtengo edizioan. Hain zuzen ere, GUKA gehigarriko erreportaje bat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide