"Beltz ikusten dugu, noski, bestela ez ginateke hemen egongo"

Mailo Oiarzabal eta Andoni Elduaien 2021ko aza. 10a, 12:21

Egoitzako ordezkariak, eskuinean, goian, Batzar Nagusien Gizarte Politiketako batzordearen saioan. (Batzar Nagusiak)

San Jose egoitzako egoiliar, langile eta senideen ordezkaritza bat Gipuzkoako Batzar Nagusien Gizarte Politiketako batzordearen saioan izan da gaur. Beren salaketak eta eskaerak plazaratu dituzte han. Saio osoaren bideoa ikusgai dago.

Herritik Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman dituzte gaur beren salaketak, eskaerak eta aldarrikapenak San Jose adinekoen egoitzako egoiliarrek, horien senideek eta langileek. EH Bilduk egindako eskaera bat medio dela, Gizarte Politiketako batzordearen saio irekian hartu dute hitza San Joseko langileen batzordeko Ainhoa Larrañagak, eta egoiliarren eta beren senideen elkarteko Koldo Camposek eta Nagore Silvanek.

Orduerdiko tartea izan dute hasieran Azkoitiko egoitzako hiru ordezkariek. Batzar Nagusietan ordezkatutako talde politikoen ordezkarien txanda etorri da ondoren, Azkoititik joandako herritarrei galderak luzatzeko. Galdera horiek erantzuteko aukera izan dute San Josekoek, bigarren tarte laburrago batean lehendabizi politikoek eta bukatzeko egoitzako hiru ordezkariek beren azken hitzartzeak egin aurretik.

San Jose egoitzako egoiliarrek, langileek eta senideek azken hilabeteetan behin eta berriz salatu dituzten gabeziak eta horiek konpontzeko aldarrikatzen dituzten eskaerak –azaroko Maxixatzen aldizkarian ere luze eta zabal azaldu dituztenak– berritzeko aukera izan dute aipatutako hiru ordezkariek gaur Batzar Nagusien egoitzan. Egoiliarren, senideen eta langileen "borroka eta nahia adieraztera besterik ez" direla joan argitu du hasierako hitzartzean Larrañagak, sindikatuen eta alderdi politikoen "inolako presiorik gabe". Silvanek, EAJren ordezkariak esandakoen harira, "beltz ikusten dugu, noski, bestela ez ginateke hemen egongo", esan du, besteak beste, bigarrenez hitza hartu duenean; eta Koldo Camposek, besteren artean, larunbat honetarako iragarri duten protesta ekintzaren berri eman zuen.

Gaurko saioa osorik ikus daiteke bideo honetan.

ELAren balorazio "positiboa"

ELA sindikatuak "oso positiboki" baloratu du San Jose egoitzako langileen, egoiliarren eta senideen artean sortu den "batasuna eta antolakuntza". Sindikatuaren arabera, Batzar Nagusietan hitza hartu dutenek "argi" utzi dute egoiliarren ongizatea "kinka larrian" dagoela. Halaber, sindikatuak nabarmendu du mobilizazioen, agerraldien eta aldarrikapenen bidetik lortu dela egoera "publiko egitea" eta instituzioak interpelatzea.

"Pandemiaz geroztik, Azkoitiko egoitzako langileek eta egoiliarrek bizi duten egoera gero eta larriagoa da. Biharko Gipuzkoak kudeatzen du egoitza, eta kalitatezko zerbitzu bat eman ahal izateko pertsonala falta da, batik bat. ELAk behin eta berriro adierazi du egoitzetan dagoen arazoa egiturazkoa dela, eta Azkoitiko egoitzako egoerak argi uzten du hori", azaldu du sindikatuak.

Bide batez, langileen artean "prekarietate handia" dagoela salatu du sindikatuak. "Pertsonalaren erdiak baino gehiagok kontratu partzialak dituzte, eta horrek egutegi jasanezinak izatea dakar; izan ere, astean sei egunetik gorako lanaldiak egin izan dituzte, eta gainera, beraien egutegitik kanpoko orduak ez dizkiote hilean bertan ordaintzen, horrek kotizazioetan eta soldatan dakartzan kalteak kontutan hartuta. Langileek sufritzen dituzten lan karga fisikoak eta emozionalak ere gero eta nabariagoak dira. Sarri askotan ez dira ordezkatzen langileen oporrak zein bajak, eta horrek guztiak karga areagotzen die gainontzeko langileei". Aitzitik, ELAk uste du erabiltzaileen zaintzaren kalitatea "okerrera" doala. Gai horiei guztiei buruz hitz egiteko, ELA irailaren 16an bildu zen Kabia Organismo Autonomoarekin, baina sindikatuaren esanetan egoerak ez du hobera egin. 

Larunbatean, kale protesta

Datorren larunbatean, azaroak 13, protesta saioa egingo dute San Jose egoitzako langileek, egoiliarrek eta senideek, Azkoitiko plazan. Egoitzetako langileen lan baldintzak salatzeko, kale antzezlan bat egingo dute zenbait lagunek, 11:30ean hasita. Protesta ekitaldiaren ondoren, sindikatuetako ordezkariek hartuko dute hitza, eta egoitzetako egungo egoeraren berri emango dute. Horren harira, ELAk herritarrei protestaldian parte hartzeko gonbidapena luzatu die herritarrei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide