Zeramika erabilgarria
Zeramika erabilgarria egiten du Zabalzak, eta baxerak sortzen ditu etxean prestatuta duen tailerrean. Duela hamar urte Debako Arte Eskolan ikasitakoarekin, azokaz azoka hasi zen egindako piezak plazaratzen, eta azken urteetan, batez ere, jatetxeetara saltzeko ontziteriak egiten dihardu.
Buztina
Artistak portzelanazko zein buztinezko piezak sortzen ditu, baina, batez ere, buztina du zeramika sortzeko lehengai; material horrekin hasi ohi da lanean. Mendian jaso izan du buztina, baina horrek prozesua luzatzen duela eta, egun, batez ere, eginda erosten du materiala. Kolore desberdinak izan ditzake buztinak: zuria, gorria, marroia... Eta horren arabera hartuko du piezak bere tonua.
Gorputza eman
Behin buztina eskuartean, tornuan ematen die forma piezei. Mugimendu zirkularren bidez, han gorpuztuko du ontzi bakoitza. Zeregin horretan sentitzen da erosoen, eta inprobisazioari bidea irekitzen dio: "Gehienetan, ez dut ideia zehatz baten gainean sortzen, unean-unean ateratzen zaizkit piezak".
980 gradutara
Piezak forma hartuta, bizpahiru egun itxaron behar da berriz tornura eraman aurretik. Pieza gastatu egiten du bigarren aldi horretan, eta orduan ematen dizkio azken ukituak. Behin betiko forma eman ondoren, pieza lehortzen jartzeko unea da. Gutxienez astebete behar du piezak hezetasun guztia kentzeko, labean 980 gradutara egosi aurretik.
Esmaltatu
Behin egosita, aurrez aukeratutako esmaltea ematen die piezei. Forma eta kolore adina esmalte egon daitezke, eta esmaltatzeko moduak ere askotarikoak dira. Asko ezin dira esmaltatu pintzelarekin, margotu ahala lehortzen direlako. Orduan, piezari gainetik botatzen dio esmaltea, edo zuzenean, pieza margotan murgiltzen du.
Etxeko esmalteak
Zeramika piezak amaitzeko modu nagusia da esmaltatzea, eta esmalteak, erosi ez ezik, egin ere egiten ditu Zabalzak zeramika egiteko duen txokoan. "Esmalteena mundu bat da, milioika errezeta egon daitezke. Prozesua kimika hutsa da, eta emaitza, berriz, oso polita".
Landareak, arrasto
Artistak inguruko txokoetan topatzen dituen hainbat landareren aztarnekin dekoratu ohi ditu zeramika piezak. Plantxen bidez, loreak edota algak lagungarri ditu, ontziak xehetasun bereizgarria eta ukitu propioa izan ditzan.