Itziar Urbieta: "Inguruotan izugarrizko organo onak ditugu"

Nerea Uranga 2021ko abe. 6a, 16:27

Itziar Urbieta organo-jotzailea.

Instrumentuaren handitasunak eta sonoritateak erakarrita hasi zen Itziar Urbieta organoa ikasten. Orain dela hamar urtetik, Loiolako Santutegiko organo-jotzaile titularra da. Inguruotako elizetan eta parrokietan dauden organoak “altxorra” dira haren ustez. Gipuzkoako organoen zaindari lanean ari den elkarteko kidea ere bada.

Itziar Urbieta (Azpeitia, 1972) Loiolako Santutegiko organo-jotzaile titularra da, Loiolako artxibo musikalaren arduraduna eta Gipuzkoako Organoen Lagunen Fray Joseph de Echevarria elkarteko kidea. "Bizitza erdia baino gehiago" Azkoitian bizi den musikari azpeitiarra organoa ikasten hasi zela ia hiru hamarkada dira. Loiolako organo-jotzailea izateaz gainera, pianoa eta solfeoa irakasten ditu Mendaroko eta Getariako (Gipuzkoa) musika eskoletan.

Organo jotzailea zara. Nolatan hasi zinen organoa ikasten?

Egia esan, ez nuen pentsatzen nik organoa jotzen bukatuko nuenik. Piano karrera egin nuen aurrena, baina organoak beti eman izan zidan atentzioa elizan-eta ikusita, instrumentu handia eta sonoritate handikoa delako. Piano ikasketak bukatutakoan otu zitzaidan organoa ikasten hastea, eta hala sartu nintzen mundu horretan; 20 urte inguru nituen orduan. Donostiako Kontserbatorioan hasi nintzen organoa ikasten, eta gero behin hasitakoan... katigatuta gelditu nintzen.

Zer dauka organoak horren erakargarria izateko?

Instrumentu oso handia da, eta soinu aldetik aukera ikaragarriak eskeintzen ditu. Organo denak desberdinak dira, eta errepertorio aldetik, era askotako musika jo daiteke. Elizako musikarekin edota liturgiarekin lotzen dugu organoa beti, horiek elizetan daudelako. Hala ere, Elizarekin zerikusirik ez daukan musika asko dago organorako, oso ona gainera. Organoa jotzen ikastean gauza interesgarri askorekin egin dut topo.

"Kanpoko organo jotzaileentzat hemengo organoetan jotzea luxua da"

Urbieta, Loiolako basilikako organoan.

Organoa ikasteko, entseatzeko, kontzertuak prestatzeko, elizetara joan behar al da beti? Muga bat al da hori?

Alde horretatik zorte handia daukagu hemen inguruko elizetan eta parrokietan organo bikainak ditugulako: Azpeitian, Loiolan, Azkoitian... Organo asko daude inguru hauetan, eta normalean, ez dute oztoporik jartzen haietan ikastera joateko. Alde horretatik, eskerrak eman behar zaizkio parrokietako jendeari. Hala ere, neurri batean, partitura batzuk etxean ere ikas daitezke, bai pianorekin, positiboak deitzen diren organo txikiekin edota organo elektronikoekin. Aurrena partiturak ikasi, eta gero, benetako organoan jo daitezke horiek. Azkenean, baina, beti elizako organoan bertan ikasi behar izaten da, benetan jo nahi duzun pieza horrek zer soinu duen jakiteko.

Organo bakoitza instrumentu bakarra al da?

Bai, organo bakoitza instrumentu bakarra da. Organoa orkestra bat bezala da, erregistro piloa ditu, eta gauza bera jo arren, egiten dituzun konbinazioen arabera, sonoritate desberdinak atera ditzakezu: oso suabeak, oso fuerteak, tronpetak erabili ala ez... Loiolako organoa erromantikoa da, eta dauzkan fondoak edo erregistroak Ataunen dagoen organo barrokoaren oso desberdinak dira. Instrumentuaren arabera, garai desberdinetako musika jo ohi da.

"Emakumeen mundua ere badago organoan, eta horren lana aztertzen ari gara"

Inguruotako organo ondarea bikaina dela diozu.

Bai, hala da. Organo oso onak eta oso ondo zaindutakoak ditugu; izugarrizko altxorra daukagu. Uste dut, batzuetan, geu ere ez garela altxor hori daukagula jabetzen. Gipuzkoan oso organo onak daude: Loiolan, Azkoitian, Donostian, Bidanian, Errezilen, Beizaman.... ez sinistekoa da zer aberastasun dagoen, eta ia guztiak ondo mantenduta eta jotzeko moduan daude.

Loiolako organo jotzaile titularra zara. Noiztik?

2011. urtean hasi nintzen Loiolako basilikan organo-jotzaile titular, lan kontratu batekin. Lehenagotik ere jotzen nuen, bai ezkontzetan baita Esklabetako elizan ere.

Zer suposatzen du eliza edo parroki bateko organo- jotzaile titularra izateak?

Eliza edo parrokia bateko organo-jotzaile titularrak bertako elizkizun guztietan jo behar izaten du, batik bat asteburuetako elizkizunetan edota jai egun berezietakoetan. Horrez gain, ezkontzetan edota hiletetan ere jo behar izaten du; Loiolako basilikaren kasuan, jesuiten hiletak bakarrik egiten dira. Loiolako organoaren mantenuaz ere ni arduratzen naiz; organoak beti ondo egon behar du, eta adi egon behar izaten dugu, zerbait gaizki dagoenean organo- konpontzaileari deitzeko. Bisitak edota kanpoko organo-jotzaileak etortzen direnean –ugari etortzen dira, munduan zehar hemengo organoak ezagunak direlako–, haiei kasu egin behar izaten diegu. Kontu horiez gainera, meza bukaeretarako nahiz kontzertuetarako errepertorioa egin behar izaten dugu, baita jotzen ditugun kontzertuetako errepertorioak prestatu ere. Loiolako Santutegiko organo-jotzailea naiz, baina Loiolako musika artxiboan ere lan egiten dut.

Beraz, artxibo historikoaz gain, musikako artxiboa ere badago Loiolan?

Loiolako Santutegiko artxiboa oso handia da, zati asko ditu, eta horietako bat da musika artxiboa. Artxibo horretan hainbat musikariren funts desberdinak daude; horietako bat da [Nemesio] Otañorena. Orain, berriz, Granadatik musika funts izugarri handia etorri da, Diego Casaresena. Funts hori artxibatzeko lanean ari gara orain, fitxak egiten.

Organoa ez al da instrumentu ezezaguna?

Ez dakit ezezaguna den... Elizetan egoten den instrumentu bat da, eta orain, igoal, jendeak ez dauka ohiturarik elizara joateko, eta agian, horregatik da ezezaguna. Orain, musika eskola bakan batzuetan –Azpeitiko eta Bergarako musika eskoletan– organoa irakasten da, eta ari dira musikari gazte batzuk ikasten. Urte gutxitako kontua da hori, ordea. Horrez gain, organo kontzertuak-eta sustatzeko lanean ari gara. Kontzertuetan pantaila handi bat jartzen dugu, entzutera joaten den jendeak organo-jotzailea ikus dezan.

Azkoitian, Loiolan eta Bergaran organo erromantikoaren nazioarteko zikloa antolatzen duzue.

Ziklo hori orain dela 22 urte sortu zuten, egin berri da 22. edizioa. Azkoitiko, Loiolako eta Bergarako hiru organoak erromantikoak dira, oso ondo zainduta daude eta kalitate handiko instrumentuak dira. Hiru organo horiek jendeari erakusteko hasi ziren zikloa antolatzen. Izan ere, kontzertuak egiten diren bitartean, organo horiek doitu egiten dira. Era berean, kontzertuak iragartzeko lana egin, eta organoa ezagutarazten da. Zikloa nazioartekoa izanda, bertako organo- jotzaileez gain, kanpokoak etortzen dira, eta organo hauetan jotzeko aukera izatea luxu bat da haientzat. Azkoitikoa (1898) eta Loiolakoa (1889) Cavaille-Coll-ak dira eta Bergarakoa Stoltz Freres (1889). Parisen-eta Cavaille Coll organoak asko daude, baina asko aldatuta daude, pentsatuta instrumentuak hobetuko zituztela; urteak pasatu ahala, ordea, konturatu dira jatorrizko eran mantentzea dela onena. Azkoitiko, Loiolako eta inguruotako organo gehienak jatorrizko moduan mantendu dira, eta hori luxu bat da organo- jotzaileontzat.

Organo kontzertu bat jotzeko, askotan laguntzaile bat behar izaten da. Zergatik?

Eskuekin eta hankekin jotzen den instrumentua da organoa, eta erregistro piloa dauzka. Jotzen ari zaren bitartean, erregistroak aldatu behar izaten dira, soinuak aldatzeko. Organo-jotzaileak ezin ditu organoa jo eta erregistroak aldatu aldi berean, horretarako izaten du laguntzaile bat, edota kasu batzuetan, bi.

Nork irakatsi dizu organoa jotzen?

Donostiako Kontserbatorioan ikasi nuenean, Esteban Elizondo izan nuen irakasle. Gero, Loiolako basilikan hasi nintzenean, Loreto Fernandez Imazekin hasi nintzen ikasten, eta harekin urte piloa egiten ditut. Loretorekin asko ikasi dut musika egiten eta organoa ondo jotzen.

"Organo kontzertuetakin instrumentuak afinatu eta doitu egiten ditugu"

Emakume konpositoreek egindako lanekin-eta kontzertu bereziak ere eman dituzue Fernandez Imazek eta biok.

Bai, hala da. Orain, asko ari gara emakume musikariak-eta lantzen. Orain arte, arlo askotan bezala, organoen mundua gizonezkoena zen. Gipuzkoan gai hori asko landu dugu, eta egun gizonezkoak baino emakume organo-jotzaile gehiago gaude. Hamabostaldiko, urriko eta urte bukaerako kontzertuen zerrenda egin genuen iaz, eta emakume partaideak gehiago izan ziren haietan. Organoaren inguruan emakumeen mundua ere badago, eta konpositore emakumeen musika aztertzen hasi gara. Garai batean emakume konpositoreak ezkutuan zeuden, eta haiek egindako partiturak bilatzen eta biltzen ari gara. Horrez gain, kontzertuetan haien pieza bat edo bi jotzen saiatzen gara.

Gustukoa duzun konpositore bat?

Beti gustatu izan zaidana Johann Sebastian Bach [1685-1750] izan da; ikaragarria da. Loiolako basilikako organo erromantikoa ez da haren garaikoa, baina haren piezak ondo gelditzen dira. Cavaille Coll organoetan jotzeko asko gustatzen zaidan beste konpositorea Cesar Franck [1822- 1890] da; Parisen Cavaille Coll bat zeukan, eta berak idatzi zuen musika dena oso ondo gelditzen da organo horietan.

Organo-jotzaileren bat?

Asko daude onak: Karol Mossakowski, Olivier Latry, Juan de la Rubia, Thomas Ospital...

Kontzertua joko zenukeen toki bat?

Nik Loiolan jotzea dut gogokoen, egunero bertan egiten dudalako lana eta egundoko organoa delako. Urtea bukatzerako, lau eskuetara bi kontzertu joko ditut Loreto Fernandez Imazekin, Villabonan eta Oñatin. Gipuzkoako organo denak martxan egotea nahi izaten dugu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza bati esker, urtean zehar Gipuzkoako organoetan kontzertuak ematen saiatzen gara. Horrela instrumentuak afinatu eta doitu egiten ditugu, mantendu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide