Azoka biziberritzeko lan mahaia osatu dute

Anartz Izagirre 2021ko aza. 5a, 09:30

Aste honetan lehen aldiz bildu da azoka biziberritzeko lan mahaia. (Azkoitiko Udala)

Udalak nabarmendu du joan diren hilabeteetan egindako "parte-hartze prozesuaren emaitza" izan dela lan mahaia. Ekoizleen ordezkariek, Urkomek, Herrixen merkatarien elkarteak eta Azkoitiko Udaleko ordezkariek eta teknikariek osatzen dute taldea, eta aste honetan egin dute lehen bilera.

Azkoitiko Udalak azoka biziberritzeko plan integrala aurkeztu zuen joan den uztailean, eta orain, helburu horiek gauzatzeko lan mahaia osatu dute. Udalak adierazi duenez, joan diren hilabeteetan egindako “parte-hartze prozesuaren emaitza” izan da lan mahaia; planak “azoka eredu propio bat” garatzeko bide-orria zehazten du, eta hori guztia betetzeko osatu dute lan mahaia.

Taldea ekoizleen ordezkariek, Urkomek, Herrixen merkatarien elkarteak eta Azkoitiko Udaleko ordezkariek zein teknikariek osatzen dute, eta ate honetan egin dute lehen bilera. Behin diagnostikoa eskuartean izanda, lan mahaiaren egitekoa aurrera begira eman beharreko pausoak lehenestea izango dela zehaztu du udalak, baita aktibatu beharreko ekintzak zehaztea ere.

Diagnostikoak azokaren indarguneak eta ahuleziak azaleratu ditu, eta gunea biziberritzeko bost ardatz finkatu dituzte: azpiegiturak, azoka komunitatea eta komunikazioa, dinamizazioa, etorkizuna —erreleboaren eta lehiakortasunaren ikuspegitik—, eta gobernantza. Osatu berri den taldearen ardura arlo horietan sakontzea eta urratsak egiten joatea izango da.

Orain arteko lanketa Azkoitiko azoka Gipuzkoako Azoken Sarean sartzearekin batera hasi zen, eta Urkome atxikita dagoen Landaola elkartearen, Elika Fundazioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azkoitiko Udalaren artean egin da.

Guztira, 158 inkesta

Ikertaldek osatu du azokaren diagnostikoa, eta larunbatetako bi azoka egun baliatu ditu galdetegiak egiteko; guztira, 158 inkesta egin dituzte. Horrez gain, Azkoitiko azokan parte hartzen duten ekoizleekin ere bildu dira, azokaz haiek duten ikuspuntua zein den gertutik ezagutzeko. Galdetegietatik eta bileretatik jasotako informazioa kontuan hartuta, azokaren alderdi positiboak eta negatiboak zein diren zehaztu du Ikertaldek.

Alderdi positiboari dagokionez, besteak beste, Azkoitian azokara joateko gogoa edo nahia dagoela jaso dute, baita tokiko produktuek gero eta interes handiagoa dutela ere. Alderdi negatiboa kontuan hartuta, berriz, ikusi zuten bezeroak zein salmentak jaitsi egin direla azokan, eta azokaren azpiegitura ere ez dela erakargarria egiten, oro har.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide