"Beti ahal duzuna baino gehiago ematen ahalegintzen zara"

Anartz Izagirre 2021ko aza. 3a, 10:07

Quintana, ezkerrean; Repulles, eskuinean.

Donostiako 15K Klasikoan podiumera igo dira Nieves Quintana (Azkoitia, 1955) eta Elizabeth Repulles (Azkoitia, 1955), 60 urtetik gorakoen mailan. "Konstantziaren garrantzia" azpimarratu dute.

Donostiako 15K Klasikoan lehen eta hirugarren postuak lortu dituzue, 60 urtetik gorakoen mailan. Zein sentipen duzue?

Nieves Quintana: Lasterketa amaitu eta helmuga igaro nuenean txartela jarri zidaten, eta ez nintzen konturatu lehenengo postuan amaitu nuenik, nahiz eta han argi eta garbi jartzen zuen. Elik deitu zidan, eta berak esan zidan lehenengo korrikalaria izan nintzela. Sorpresa handia hartu nuen. Aurretik beste proba batzuetan bigarren eta hirugarren egin izan dut, baina… Ez nintzen kontziente izan momentu horretan.

Elizabeth Repulles: Helmugara iritsi nintzenean ikusi nuen bigarren postuan beste emakume batek egin zuela, eta kartelarekin ikusi nuen hura. Baina niri ez zitzaidan burutik pasatu ere egin hirugarren postuan nik egingo nuenik. Urte asko igaro dira Donostiako 15K Klasikoa egiten hasi nintzenetik, eta behin bigarren ere egin nuen. Nievesi pasatu zitzaion gauza antzekoa gertatu zitzaidan niri ere orduan; bigarren postuan egin nuela zioen txartela jarri zidaten, eta etxera bueltatu nintzen; beraz, podiumera ez nintzen igo. Podiumera sekula igo gabe nengoen, beraz, eta momentu polita iruditu zitzaidan.

Zer pasatu zitzaizuen burutik korrika egiten ari zineten bitartean?

N.Q.: Ez da ondoen sentitzen naizen urtea, baina Behobia-Donostia egin aurretik probatu egin nahi nuen aurrez ea zer moduz sentitzen nintzen. Egia esanda, Donostiako Klasikoan nahiko ondo moldatu nintzen, baina hego haizea zegoen, eta halakoetan apur bat gehiago kostatzen zait korrika egitea. Dena den, sentipen onarekin amaitu nuen lasterketa. Nire lehen aldia zen proba hau egiten nuena, eta asko gustatu zait. Ikusi egin behar datozen probetan nola moldatzen naizen.

E.R.: Niretzako bero handiegia egin zuen proban zehar, eta ni beroarekin gaizki moldatzen naiz. Gainera, hasiera batean pandemia dela-eta ez nuen asmorik aurten proba hau egiteko. Entrenatu egiten gara, ez dut ezetz esango, baina bereziki ez gara lasterketa baterako prestatzen. Niretzako Donostiako Klasikoa Behobia-Donostia baino askoz proba politagoa da, lasaiagoa baita, eta Behobian jende asko denbora ona egiteko asmoz ateratzen da.

Zein izan da lorpen hori eskuratzeko sekretua?

E.R.: Konstantzia, besterik ez. Ibiliz eta entrenatuz gero, edonork egin dezake lasterketa hori. Eta, noski, gustatu egin behar zaizu. Lau entrenamendu egiten ditut astean, eta gero Nieves eta biok crossfitera ere joaten gara. Proba batzuetan nire buruari esaten diot: ‘Nork esan ote dit niri hemen sartzeko. Azken aldia izango da’. Baina lasterketa amaitu eta hurrengo urtean berriro ematen dut izena. Gainera, izenik eman ez eta proba kanpotik ikusten badut, inbidia pasatzen dut.

N.Q.: Bai. Nik normalean astean hiru aldiz entrenatzen dut. Hamar kilometro inguruko bi itzuli egiten ditut, eta beste bat hamabostekoa. Eta, igandean, mendira; hori ezinbestekoa da niretzat. Iruditzen zait sufritzen ikastea garrantzitsua dela. Hasieran pentsatzen nuen ohitura hartzen nuenean hobeto ibiliko nintzela korrika, baina ez da horrela, beti sufritzen da. Beti ahal duzuna baino gehiago ematen ahalegintzen zara, eta ohitu egiten da horretara ere.

Zein beste probatan parte hartu izan duzue?

N.Q.: Nik, adibidez, Diego Garciaren oroimenezko lasterketa egin nuen, eta bertan parte hartu aurretik ikustera ere joaten nintzen. Sekulako inbidia pasatzen nuen, eta urte batean izena eman nuen proban. Dena den, egin nuen lehenengo proba Zarauzko Kros Mistoa izan zen, eta Madrilen ere egin nuen lasterketa bat; orduan ere hirugarren postua eskuratu nuen. Horren ostean hasi nintzen Behobia-Donostia egiten, eta gero maratoia egiteko gogoa sartu zitzaidan eta Valentziako maratoia egin nuen, 2019. urtean.

E.R.: Hainbat urtez egin dut Behobia-Donostia, baina gero utzi egin nion han parte hartzeari. Donostiako 15K Klasikoa asko gustatzen zait, Igeldoko Igoera ere bai, Hiru Hondartzetako Krosa, Zarauzko Kros Mistoa, Azpeitiko San Silbestrea…

Noiz hasi zineten korrika munduan interesa edukitzen?

N.Q.: Txikitatik gustatzen zitzaidan korrikalariak ikustea. Orduan, proba gutxi batzuk zeuden Azkoitian, eta gogoratzen dut urtean behin Lasarteko krosa ikustera joaten nintzela. Uste dut han sartu zitzaidala korrikan aritzeko gogoa. Gero, ordea, ezkondu egin nintzen, hiru ume izan nituen, lanarekin topera nengoen… Ez nuen korrika egiteko betarik. 60 urte bete nituenean hasi nintzen honetan.

E.R.: Kirola betidanik gustatu izan zait niri, eta orain dela hamazazpi urte-edo hasi nintzen korrika. Ordutik, hainbat kirol egin izan ditut.

Adin batera iritsita, kirolari askok utzi egiten dute beren ibilbidea. Zuek, ordea, jarraitu egiten duzue.

N.Q.: Oso beharrezkoa da kirola egitea, guztiontzat. Pertsona batek bere buruari ez dio mugarik jarri behar, eta ahal dena eta gustatzen zaiona egin behar du. Orain dela gutxi mediku batek esan zidan bizkarra ondo izatea nahi duenak kirola egin behar duela. Badakit jende askok arazoak dituela, eta pentsatzen dutela kirola eginda okertu egingo dela beraien egoera, baina ni konbentzituta nago kirol pixka bat egiteak lagundu egiten duela. Bakoitzak bere gustuko kirola topatu behar du, hori bai.

E.R.: Niretzako ere beharrezkoa da, baina ez horrenbeste. Korrika egitea asko gustatzen zait, pila bat disfrutatzen dut eta bizipoza ematen dit. Ez naiz dudan adinaz konturatzen lasterka ari naizenean, eta hori niretzat oso ederra da. Gainera, adin guztietako jendearekin lehiatzen zara, nahiz eta badakizun beste batzuk baino gutxiago egin dezakezula.

Laster Behobia-Donostia lasterketa izango da. Parte hartuko al duzue proba horretan?

N.Q.: Bai, prestatzen ari naiz lasterketarako. Ea zer moduz egiten dudan aurten. Beste urte batzuetan hobeto egon izan naiz, baina ahal dudana egingo dut. Alabarekin parte hartuko dut, eta disfrutatzera goaz, helburu jakinik gabe.

E.R.: Nire kasuan, urteak dira Behobia-Donostia egiten ez dudala. Probatu nuen urte batzuetan, eta gero utzi egin nuen.

Zer esango zenieke korrika egiten hastear daudenei baina ausartzen ez direnei?

N.Q.: Ez uzteko gauzak egiteke ausartzen ez direlako. Egia da herri txiki batean bizita gehiago kostatzen dela pausoa ematea. Pentsatzen duzu: ‘Zer esango ote dute…’. Baina ez utzi horregatik zerbait egiteari. Egia da kirolean asko sufritzen dela, baina gozamen handia ere bada. Korrika egin, etxera iritsi eta izaten duzun sentsazioa sekulakoa da.

E.R.: Gero eta jende gehiago animatzen da korrika egitera, batez ere gazteak. Baina gure adineko jendea ere animatuko nuke; nire bizimoduari zentzua ematen diola iruditzen zait, eta gehiago adin hauetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide