Sorterria pixka bat gertuago izan dezaten

Gipuzkoako Hitza 2021ko urr. 30a, 09:08

Azkoitiko Izarraitz zentroko ikasle talde bat eskuko telefonoak biltzen ari da egunotan. Irungo Harrera Sareari eta hara iristen diren migratzaileei laguntzea da helburua. Julene Frantzesena kazetariak Gipuzkoako Hitzarako egindako erreportajea da honako hau.

Distantziak laburtzea. Horixe da Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketako Gizarteratze zikloko ikasleek martxan jarri berri duten kanpainaren xedea: eskuko telefonoak bilduko dituzte datozen asteetan, sorterria atzean utzita Irunera iristen diren migratzaileek senideekin gutxieneko kontaktu bat izan dezaten. Orain dela aste batzuk Irungo Harrera Sareko kideak Izarraitzen izan ziren beren elkartasun egitasmoari buruzko azalpenak ematen, eta han entzundakoei bueltaka hastean otu zitzaien ikasleei kanpaina hori martxan jartzea.

Izarraitzeko goi mailako Gizarteratze zikloko ikasle Eneko Jauregi beasaindarrak azaldu duenez, egin zezaketen "gutxienekoa" da kanpaina martxan jartzea. “Proiektu txiki bat abiatu dugu, laguntza txiki bat emateko". Haren arabera, "izugarria" da herritarrek Irunera iristen diren migratzaileei laguntzeko egiten duten lana. "Migratzaileek behar handiak dituzte, baina Harrera Sarekoek esan ziguten elikagaiak eta arropa errazago lortzen dituztela, hau da, herritarrek badutela horiek emateko joera".

Hori ikusirik, migratzaileek komunikatzeko dituzten beharrei erreparatu zieten, "arazo asko" baitute. "Asko dirurik gabe edo diruz larri iristen dira gurera, eta zaila izaten dute sakelako telefono bat erostea edo eskuratzea. Etxekoak urrun izaten dituzte, baina haiekin komunikatzeko beharra izaten dute, kilometro askotara edo Europako beste txokoren batean daudelako".

Eskuko telefono batek samina arindu dezakeelakoan, komunikazio behar hori asetzeko bidea urratzen hasi dira, eta herritarrak dira horretarako giltza. Horregatik, horiek "kontzientziatu" nahi dituzte. "Irunen diren migratzaileek bizi duten egoera ez da erraza; paperak lortzea oso zaila da, lana aurkitzea nekeza... Gainera, Euskal Herrira iristerako, izugarriak pasatzen dituzte askok eta askok", azaldu du Jauregik.

Horren aurrean, "migratzaileen azalean jartzeko eta bizi duten egoera ulertzen saiatzeko" eskatu die Jauregik herritarrei: "Herritarrok ikaragarri lagun diezaiekegu migratzaileei guretzat txikia den keinu batekin".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide