Azkoitiak 2024an 700 urte beteko dituela eta, udalak martxan du Herrilab +700 hausnarketa prozesua. Bigarren faseari ekingo diote, eta aurreko fasean jasotako iritzien eta ekarpenen itzulketa egingo dute oraingoan. Horretarako, bilerak prestatu dituzte datozen egunetarako, eta orain arte bezala, udalak esparruzka banatuko ditu saioak. Dena den, gogoratu du bilerak irekiak direla eta nahi duen orok parte har dezakeela.
Etzi, asteazkenean, izango da aurreneko bilera (18:30), kulturari eta kirolari buruzkoa; ostegunean, hezkuntza, hizkuntza eta aisialdia izango dute ardatz (18:00); azaroaren 2an sozioekonomia (15:00) eta berdintasuna eta kultur aniztasuna (18:00) jorratuko dituzte; azaroaren 3an, ongizatea eta bizitza kalitatearen inguruko saioa izango da (17:00); eta azaroaren 4an, Bizilagunak, Auzoak, Ingurumena, Lurraldea saioa izango da (18:30). Saioetara joateko izena ematea ez da beharrezkoa, baina badago aukera, partaidetza@azkoitia.eus helbidera idatzita edo 656 78 82 82 telefono zenbakira deituta. Bilera guztiak Elkargunean izango dira.
Udalak aurreratu duenez, saio horietan jasotako ekarpeneki laburpena egingo du, eta diagnostikoan sakontzeko lan dinamika prestatuko du. Era berean, aste honetan lan saioak egingo ditu udal ordezkariekin eta udal teknikariekin.
Aurreko fasean, guztira, 757 lagunek bete zuten udalak banatutako galdetegia, eta erakundeak adierazi duenez, erantzun dutenen bi heren emakumeak dira, eta 10 gadetegitatik 9 euskaraz jaso ditu. Bide horretan, udalak eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartzeko prestutasuna azaldu duten herritarrei.