Zientzia Astea dela eta, hainbat tailer egingo dituzte liburutegian, azaroko lehen astean

Ane Olaizola 2021ko urr. 23a, 11:00

Azaroaren 2an, 3an, 4an eta 5ean eskainiko dituzte ikastaroak. Horietan parte hartzen dutenek astronomiaz, mineralez eta ozeanoaz gehiago ikasteko aukera izango dute. Plazak mugatuak direnez, aurrez izena eman behar da, liburutegian.

Azaroaren 1etik 7ra Zientzia Astea izango dela eta, Aizkibel liburutegiak doako hainbat tailer antolatu ditu egun horietarako. Hain zuzen ere, honako lau tailer eskainiko dituzte: Planeta salba ezazue azaroaren 2an; Ozeano urdinak, marea beltzak azaroaren 3an; Astronomia azaroaren 4an; eta Mineralmania azaroaren 5ean.

Tailer guztiak bi txandatan eskainiko dituzte: lehenengoa 17:30ean eta bigarrena, 19:00etan. 8 eta 12 urteko umeei (LH3-LH6) zuzendutakoak izango dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, tailerrek plaza mugatuak dituzte, eta saioetan parte hartzeko hilaren 29ra bitartean izena eman behar da, liburutegian.

Tailer zientifikoetan parte hartzen dutenek geologia, astronomia edota ingurumena ikasiko dituzte tailer zientifikoetan, jolasen edota esperimentazioen bidez. Planeta salba ezazue ikastaroan, esaterako, gizakiaren portaerak Lurrean duen eragina aztertuko dute. Modu praktikoan ikasiko dute zientziak nola lagun dezakeen eboluzioan eta garraiobideetan. Horren erakusgarri, hidrogeno autoak ezagutuko dituzte, eta, esperimentu erraz eta dibertigarrien bidez, haien funtzionamendua ere bai.

Ozeano urdina, marea beltzak ikastaroan, bestalde, ingurumenari buruzko oinarrizko kontzeptuak barneratuko dituzte, jarduera interaktiboekin eta esperimentu praktikoekin. Besteak beste, petrolio isurketak garbitzeko zailtasunak ulertuko dituzte eta tailerra amaitutakoan honako kontzeptu hauek ezagutuko dituzte: petrolioa, hipotesia, esperimentua, surgatzailea, dentsitatea, diluzioa, elikadura-katea, gainazaleko tentsioa, iragazgaitza...

Astronomia tailerrean, berriz, espazioko jantzi baten barruan moldatzeko zailtasunak ezagutuko dituzte umeek. Arny akuanauta bere aire-kameran sartuko dute, hutsak eta aire-faltak eragindako aldaketak ikusiko dituzte, mikrograbitateko igerileku batean bultzadak duen eragina ulertuko dute, galaxiako
hainbat puntutan tenperatura-tarteak ikasiko dituzte eta atmosferen konposizioa ikertuko dute. Ondoren, gainera, beren esperimentua etxera eramango dute.

Horrez gain, Mineralmanian geologiaren nondik norakoak azalduko dizkiete, eta besteak beste, eraldaketa geologikoen prozesuan, sailkapen sisteman, identifikazio metodoetan eta harri eta mineralen propietate fisikoetan sakonduko dituzte ezagutzak, jarduera praktikoen bidez.

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide