Eskolako Agenda 2030 programa abian jarri dute Floreaga Ikastetxean, Azkoitia BHIn, Izarraitz Lanbide Heziketan eta Bizilore Eskola Aktiboan. Eskolako Agenda 21 zena, iaz igaro zen Eskolako Agenda 2030 izatera. Nazio Batuetako Erakundeak adostutako garapen jasangarrirako hamazazpi helburuetan oinarritzen da proiektua, eta helburua da mundu mailan pobrezia desagerraraztea, planeta babestea eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzea.
2020-2021 ikasturtean 15. helburua landu zuten ikastetxeetan, eta lehorreko ekosistemetako bizia ezagutu zuten ikasleek. Helburu zabala izanik, basoetan oinarritu zuten lanketa Azkoitiko eskoletako ikasleek eta Basoaren Astea ere ospatu zuten. Aurtengorako, gai berria dute eskuartean: zelaiak, larreak eta landare itsutasuna landuko dituzte.
"Zelaiak, belardiak eta larreak biodibertsitatez betetako ekosistemak izateaz gain, belarra altxor preziatua da Euskal Herriko baserrientzat. Guztion artean zaindu beharrekoa da, hala nola baserritarrek, mendizaleek eta naturaren gainerako erabiltzaileek", azaldu du udalak. Landareen itsutasuna lantzerakoan, berriz, kontuan hartuko dute ikasleek, oro har, espezieei buruz gizarteak duen ezjakintasuna. "Zuhaitz-espezie batzuk ezagutzen ditugu, baina ez dugu larre eta zelaietan bizi diren landare eta loreen izenik ezagutzen; izan ere, oharkabean pasatzen dira". Lurrazal kontinentalaren laurdena belardiez dago estalita, eta horietan aurkitzen diren landarediak eta lurzoruak karbono hustulekuak dira, klima aldaketaren aurka borrokatzeko ezinbestekoak.
Ikasturtean zehar, eskola komunitatean parte hartzen duten herritarrek gaiaren inguruan hausnartzeko aukera izango dute. Udalak herritarrei animatu ditu herriko belardiak eta larreak behatzera. Era berean, erakundeak nabarmendu du ikusgarritasuna eta ingurumen nahiz herri jasangarriago baten barruan merezi duten balioa eman behar zaiela larrei eta belardiei.