Udako oporren ostean, behera egin du Azkoitiko langabezia tasak. Izan ere, Lanbidek emandako datuen arabera, irailean %7,9koa zen herriko langabezia tasa; hau da, 459 lagun zeuden lanik gabe Azkoitian.
Uda hasi zenetik herrian jaso den daturik onena da; zehazki, ekainean baino 13 lagun gutxiago, uztailean baino 5 gutxiago eta abuztuan baino 21 gutxiago zeuden irailean langabezian. Are gehiago, 2020ko iraileko datuarekin alderatuz gero ere, behera egin du langabetu kopuruak: orduan 599 lagun zeuden lanik gabe, hau da, herritarren %10,2 zeuden lanik gabe. Beraz, urtebetean 2,3 puntu jaitsi da ehunekoa.
Dena den, generoaren arabera, alde nabarmena dago langabezian dauden herritarren artean: gizonen artean %6,6 dira langabetuak, eta emakumeen artean, %9,4.
Azkoitiko langabezia tasa Urola Erdikoaren (%7,6) gainetik, baina Gipuzkoakoaren (%9) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoaren (11,1) azpitik dago. Dena den, irailean tasa horiek guztiek egin dute behera.
Urola Erdiko herrietan ere antzekoa da joera; herri guztietan egin du behera langabetuen kopuruak urtebetean. Hala eta guztiz, 1.210 lagun daude lanik gabe gaur egun. Herri horien artean Aizarnazabal da tasarik altuena duen herria (%11), eta haren atzetik daude hurrenez hurren, Beizama (%9,1), Azkoitia (%7,9), Zestoa (%7,7), Azpeitia (%7,4) eta Errezil (%5,4).
Hona hemen eskualdeko langabeen kopuruak, herrika:
- Aizarnazabal: 42 langabetu 2021eko irailean (iazko irailean baino 13 langabe gutxiago).
- Azkoitia: 459 langabetu (iazko irailean baino 140 langabe gutxiago).
- Azpeitia: 539 langabetu (iazko irailean baino 196 langabetu gutxiago).
- Beizama: 5 langabetu (iazko irailean baino langabe bat gutxiago).
- Errezil: 17 langabetu (iazko irailean baino bi langabetu gutxiago)
- Zestoa: 148 langabetu (iazko irailean baino 30 langabe gutxiago)