"Zuk azaldu zenidan Arquimedesen printzipioarena, uretan edo ohetan gertatzen dena, nola gorputz berri bat bertan sartzen denean lehendik han zegoena ateratzen dan". Arquimedes – Anari
Bazen behin, urrutiko lurralde batean, Arkimedes deituriko pentsalari bat.
Bada orain, hurbileko lurralde batean, Anari deituriko bat zer pentsa ematen ari zaidana.
Honela hasten dira kondaira gehienak, baita Arkimedesena ere. Grezia deituriko urrutiko lurralde batean bazen Hieron izeneko errege mesfidati bat. Urre kopuru bat bildu eta koroa fabrikatzaile bati eskaera zehatz bat egin zion: berak emandako urre guztia koroa eder batean bihurtzea. Eskaerak baldintza bakarra zuen, koroak soilik urrezkoa izan behar zuen. Nonbait, fabrikatzailearen lanarekin fidatu ez, eta Arkimedes pentsalariarekin jarri zen kontaktuan Hieron erregea. "Koroa honek beste metalen bat ere badik, fabrikatzailea urrearen zati batekin gelditu duk...", errege baten erregekeriak. Edo ez. Arkimedesek jasotako aginduak oraindik eta zehatzagoak ziren: ditxosozko koroa urre puruz eginda zegoen ala ez frogatzea, bitxiari inongo harramazkarik egin gabe.
Buruhausteari erantzunik ezin emanda, hiriko termetan bainu bat hartzea erabaki zuen Arkimedesek. Larruazaleko poroak eta buruko ideiak irekitzeko asmoarekin, antza. Eta bai zabaldu ere. Bainuan bere gorputza sartzean urak gainezka egin zuela erreparatu baitzuen. Segidan, bainutik atera eta uraren mailak berriro behera egiten zuela ohartu zen. Hara! Kondairak dioenez, jarraian larrugorritan termetatik irten eta "Eureka!" garraxi eginez ikusi zuten Arkimedes hirian barrena. Istorio guztiek izan behar dute txispa apur bat.
Behaketa harekin gure pentsalariak honakoa ondorioztatu zuen: koroaren bolumena jakin zezakeela uretan sartuta; izan ere, likidoan bitxia sartzean mugituko zen urak koroaren bolumen berdina izango zuen. Edo Anariren hitzetan: nola gorputz berri bat bertan sartzen denean, lehendik han zegoena ateratzen dan. Behin frogapenak burututa, koroa fabrikatzailearen iruzurra azaleratu zen.
Erregeak eman zion urre kopuruaren bolumena eta amaierako koroaren bolumenak ez ziren berdinak, batak besteak baino ur gehiago mugitu baitzuen. Ondorioz, urreaz gain, bazen beste metalen bat koroaren konposizioan. Erregeak bazuen, beraz, fabrikatzaileaz ez fidatzeko arrazoirik, geuk ere istorio xelebre horren ziurtasunaz zalantzak izateko ditugunak bezalaxe. Ziurtasunez eta zalantzaz betea dago zientziaren ibilbidea ere. Badu zer irakatsi eta zer ikasi. Zer sartu eta zer atera.
Istorioak istorio eta iruzurrak iruzur, uretan edo ohetan zientzia sartzen denean ateratzen den gauza bakarra, lehendik han zegoen ezjakintasuna da.