Emakumeek gaitasun politiko handiagoak eskuratzeko, "bitartekoak garatu" nahi ditu Itaiak

Andoni Elduaien 2021ko urr. 2a, 10:00

Elkargunean egin zuten aurkezpena, atzo.

Atzo, ostirala, 18:00etan aurkeztu zuen Itaia emakume sozialisten sareak bere burua, eta aurtengo ikasturterako taldeak dituen asmoak zein diren azaldu zituzten. Era berean, hil honen amaieran edo datorrenaren hasieran zenbait gai lantzeko mintegi irekiak egingo dituztela adierazi zuten taldekideek.

Itaia emakume sozialisten sareak aurkezpen ekitaldia egin zuen atzo, ostirala, Elkargunean. Antolakundeak bere egitekoa zein den azaldu zuen ekitaldian. Era berean, emakume langileek gaitasun politikoak eskuratzeko Itaiak emango dituen urratsak zein diren ere azaldu zituzten. Itaiaren asmoa da emakume langileen "problematikari" panorama politikoan "lekua" egitea.

Eskualdez eskualde emakume langileen babesa antolatzeko erabakia hartuta du Itaiak. Gainera, taldeak argi du emakume langileen emantzipazio erreala antolatzeko aukera bakarra harreman eredu sozialistaren eraikuntza dela. Horren harira, Euskal Herrian zehar Itaia antolakundeak klase kontzientzia garatzea du xede. Emakume langileen "bizi baldintzak eta baldintza estrategikoak" hobetzeko, "borroka prozesu eta lan ideologikoa" abiarazi nahi du taldeak.

"Gaur gaurkoz gauzatzen ari da proletarizazio prozesua. Gero eta jende gehiagoren bizi baldintzen kaskartzearen aurrean, errealitate kapitalista gainditzeko antolakuntza politikoaren beharrezkotasuna agerikoa bihurtu da. Ezinbestekoa da emakume langileon askapena gorpuztea, jendarte komunistaren eta zapalkuntzarik gabeko gizartearen eraikuntzaren bidean", azaldu zuten aurkezpenean. Gainera, nabarmendu zuten aurrerantzean "programa sozialistaren baitan" lan egingo duela. "Guztiok bizi baldintza berdinak izan ditzagun borrokatuko dugu. Hori egin ahal izateko, emakume langileak jasaten duen zapalkuntza zehatz bakoitza identifikatu eta horrek egitura sozial kapitalistaren baitan duen papera aztertuko dugu, horrela zapalkuntzari aurre egiteko bitarteko politikoak garatuz".

Era berean, azaldu zuten sarearen sorreratik Euskal Herriko eskualde ezberdinetan Itaiak martxan dituela emakume langileek bizi dituzten "problematikak sozializatu", horri aurre egiteko "bitarteko politikoak diseinatu" eta emakume langilea "antolakuntza politikora batzeko" tresnak. "Lan politikoa egiteko, ezinbestekoa dugu lanketa ideologiko-komunikatiboaren bitartez emakume langileok jasaten dugun problematika sozializatzea eta testuinguru teorikoa nahiz politikoa egitea.

Bestalde, egunerokoan emakumeek jasaten dituzten "forma ezberdinetako erasoak" salatu behar direla azpimarratu zuen Itaiak, egungo "inpunitatearekin" amaitzeko. "Emakume langileon bizi baldintzak hobetzeko, borroka prozesuak garatu behar ditugu. Momentuan ditugun indarrak aintzat hartuta, emakume langileak gaitasun politikoak eskuratu ditzan lan egin behar dugu".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide