Gutuna

Zer ari da gertatzen San Jose egoitzan?

Egoitzako senide taldea 2021ko urr. 2a, 08:45

Azkoitiko San Jose egoitza.

Azkoitiko San Jose egoitzako egoiliarren senide taldeak gutun bat bidali du Maxixatzenen erredakziora. Egoitzako egoerari buruz "galderak egiten hasi beharra" dagoela uste dute. Horren aurrean, senide taldeak dituen "kexak" eta "atsekabeak "zein diren zerrendatu dituzte honako gutun honetan.

Azkoitiko San Jose egoitzan gertatzen ari denari buruz galderak egiten hasi beharra daukagu; herritarren diruarekin herritarentzat egindako egoitza delako, eta ziur aski, etorkizunean gutako gehienok bertan bizitzen bukatu beharra izango dugulako.

Azkenaldi honetan, langileek eta senideek eman dituzten azalpenekin, garbi dago egoitzako kudeaketa ez dela inolaz ere ona. Nagusikeria eta "hemen nik agintzen dut" bezalako jarrerekin aurkitzen gara, mesfidantza eta bi aldeen arteko talka eraginez. Bata, bere eskubideak betetzeko eskaerekin, eta bestea, nagusikerian lasai, Azkoitiko Udal Gobernuaren babes osoarekin; azken horrek, beren zergekin ahalbideratzen dutenetaz arduratu eta modurik onenean zaindu beharrean, entzungor egin eta albo batera uzten ditu bere betebeharrak.

Kexen eta atsekabeen artean honako hauek aipatu ditzakegu:

  • Egoiliarrak batzuetan bereak ez diren arropekin janztea, betaurrekoak jantzi gabe izatea, eguzki galdatan txapelik gabe egotea...
  • Langileak oporretan egon eta ordezkorik ez izatearen hutsunea nabarmena da.
  • Egoitzako egonaldiaren ordainketaren fakturak ez duela existitzen –bankuko aurrezki-libretan azaltzen denarekin nahikoa agiri dugula entzunez–, eta Aldundiari bidaltzeko erregutu beharra. Ulertu ezin den gauza da beren aldetik; izan ere, gardentasuna behar duelako, Ogasuna behin eta berriz ari zaigu edozein lekutako fakturak eskatzen.
  • Medikuaren kudeaketak ere ez du konfiantzarik ematen. Aseguruan sartzen ez diren medikazioak ematen dituzte, eta generikorik ez al dagoen galdetzen dute, hori badagoenean; senideei inongo berririk eman gabe, botiken zerrenda gehitzen zaie egoiliarrei; botiken fakturak bankutik zuzenean kobratzen dituzte, ordaintzen ari garen botika zer den jakin gabe, eta gainera, batzuk aseguruan sartzen ez direnak eta faktura deigarrikoak izanik. Zergatik datoz botika horien fakturak Elgoibarko farmazia baten izenean, erakundeek gauzak herrian erosteko esaten digutenean?
  • Egoiliar batzuk, azkoitiarrak izanik, Azpeitiko egoitzara aldatzea ari dira eskatzen, hemengo kudeaketarekin gustura ez daudelako eta herritik aparte dagoen lekuan daudelako.
  • Apartamentu tutelatuetako zenbait egoiliarren esanetan, jasotzen duten zerbitzua ez dator bat ordaintzen dutenarekin.
  • Egoiliarrei ematen zaien janaria ez da oso osasuntsua, aurrez prestatuako jaki ugari eta janari freskoen eskasia baitago. Era berean, esan izan dugu bisita orduetan esnekiak, probiotikoak edo indartutako janariak etxetik eramateko aukera dugula, bertan horrelako ezer ez dagoelako. Kontuan izan, egunean 70,60 euro ari garela ordaintzen.

Horrela, zerrenda luzatu dezakegu.

Ez al da guztiontzat hobea izango, borrokak alde batera uztea eta hobekuntza bidean aldaketak ematen hastea, karguak-kargu edo denboraren menpe egon gabe?

Bakoitzak du bere ardura alderdi guztietatik ukituko gaituen hobekuntzarako, nahiz eta txikiena izan. Egiten ez dugunaren arduradun ere bagara, jarrera horrek gaur egun daukagun egoera luzatzera baigaramatza bakarrik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide