Gaizka Etxaniz: "Asmoa artzain txakur txapelketa irabaztea da, baina oso zaila ikusten dut"

Andoni Elduaien 2021ko urr. 1a, 14:25

Gaizka Etxaniz eta 'Ira' txakurra, Zestoan jokatu zen Gipuzkoako txapelketan.

Gaizka Etxaniz (Azkoitia, 1983) artzainak eta 'Ira' txakurrak Euskal Herriko Arraza Libreko Artzain Txakur Txapelketa jokatuko du datorren larunbatean, urriak 2, Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) Jauregiberriako belardian. Gipuzkoako txapelketa irabazi zuten Etxanizek eta 'Ira'-k, eta ondorioz, Euskal Herriko txapelketara sailkatu ziren. Etxanizek "ezustean" jantzi zuen Gipuzkoako txapela, eta larunbateko hitzordura "lasai" joan nahi du, "lan ona" egitera. Hitzordu nagusirako dituen asmoen berri eman du artzain azkoitiarrak.

Gipuzkoako artzain txakur txapelketa irabazi zenuen duela bi aste, Zestoan. Nola joan zen eguna?

Txakurra atera orduko ikusi nuen oso lasai zegoela. Orain arte hiru txapelketa egin ditu, eta hiruretan ikusi dut oso lasai. Ni txakurra baino urduriago nengoen saioa hasi aurretik. Orduan nuen beldur bakarra zen lehiatzen lehena ni izatea, eta halaxe egokitu zen. Lanean hasi ginenean, lehen banderak oso ondo pasatu genituen, baina txakurra bigarren banderen parera iritsi zenean gogoratu nintzen bandera artetik pasatu beharra zuela. Txakurra joan behar zuen tokitik igaro zen, eta ondo atera zen guztia. Horrek lasaitu egin ninduen pixka bat, eta oso lan ona egin genuen.

Larunbatean, Euskal Herriko Arraza Libreko Artzain Txakur Txapelketako finala duzue Amorebieta-Etxanon (Bizkaia). Zer dira zuen asmoak?

Asmoa artzain txakur txapelketa irabaztea da, baina oso zaila ikusten dut. Iaz txapelketa bizkaitar batek irabazi zuen, eta harez gain, Bizkaiko txapelketatik sailkatu diren beste hiru artzainek ere parte hartuko dute zapatuan. Gipuzkoako txapelketan ere, lehen hiru sailkatuak lau punturen bueltan ibili ginen. Horregatik, oso maila altua dagoela ikusten dut. Gure lana ondo egitera joango gara; izan ere, parte hartzaile guztiak antzera ibiliko garen irudipena dut. Zorteak eragin handia izango du, eta akats txiki bat egitea nahikoa izango da sailkapenean atzean gelditzeko.

Noiz hasi zinen artzain txakur txapelketetan?

16 urte nituenean parte hartu nuen lehendabizikoz. Joxe Osinalde aitona ibili izan da beti artzain txakur txapelketetan, eta txiki-txikitatik berarekin ibiltakoa naizenez, hari esker ditut gustuko txapelketa hauek. Gainera, aitonak nazioarteko txapelketa ere eskuratu zuen Oñatin [Gipuzkoa] Orduan, euskal artzain txakurrekin parte hartzen genuen, baina hiru urte eta gero utzi egin genien txapelketei. Harrezkero ere ibili izan naiz txakurrekin, baina orain ikusi dut dezenteko txakurrak ditudala etxean. Arraza libreko txapelketek nola funtzionatzen zuten ezagutu, eta lehiatzen hastea erabaki nuen. Iaz, Etxanon egin genuen lehen erakustaldia Ira txakurrarekin. Aurten, berriz, Ira txakurrarekin bi erakustaldi egin ditut. Halere, beste txakur berri bat ere prestatu dut txapelketetarako, eta harekin erakustaldi batean parte hartu dut.

Zeuk ere ikasi egin beharko zenuen artzainaren ofizioa.

Mundu honetan ikasi dudan guztia aitonari zor diot, eta ez diot soilik artzain txakur txapelketei buruz. Asko oroitzen naiz txapelketen aurreko egunetan ere berarekin. Gauza asko irakatsi zizkidan txapelketen inguruan, baita txakurraren inguruan ere. Nolabait esatearren, aitonak sartu zidan artzain txakur txapelketetarako arra. Azken finean, txakurra ulertu egin behar da; nik txakurra ezagutu behar dut, eta txakurrak ni, txapelketetakoa bion arteko lana baita.

'Ira' txakurrarekin joango zara Euskal Herriko txapelketara. Zer nolako txakurra duzu?

Lau urteko txakur emea da Ira. Oso apala da eta eramateko ere oso erraza. Bere buruarekin egundoko konfiantza duela ikusten diot, eta niri ere horrela transmititzen dit. Horregatik, iruditzen zait Irak eta biok bikote ona osatzen dugula. Segurtasuna erakusten du ardien aurrean, eta horrek lasaitu egiten nau lanean hasitakoan.

Etxaniz artzaina, Zestoan.

Nolakoa izan ohi da txakurrak ardiekin ohitzeko prozesua zuen etxean?

Txakur guztiekin berdin jokatzen dut. Ira, esaterako, etxean jaio zen; etxeko txakur eme baten eta Manuel Gorriti artzainaren ar baten kumea da. Lau hilabete betetzen dituztenean arditara bidaltzen ditut, eta arditarako duen sena nolakoa den ikusten ditut. Ondoren, beste hilabete batez edo ez dut berriz eramaten arditara. Zortzi edo bederatzi hilabete betetakoan hasten naiz berriz ere poliki-poliki txakurra arditara eramaten. Ez zait gustatzen txakurrak urtea bete aurretik haiei presioa sartzea, helburua txakurra ardiekin gustura ibiltzea baita.

Zer egiten zaizue zailena txapelketetan?

Niretzat zailena nire urduritasunei eustea izaten da. Txapelketan egin beharreko antzerako lanak egiten ditugu etxean, eta etxean ondo lan eginez gero, beti dago txapelketetan ondo ibiltzeko aukera. Lehen esan ohi nuen, zailena txakurra banderen artetik pasatzea egiten zitzaidala, baina orain kasik banderak pasatzen ditu ondoen txakurrak. Ardiak nolakoak tokatzen diren ere kontuan hartu behar izaten da.

Artzainok txakurrekin hizkuntza berezia erabili ohi duzue. Nola komunikatzen zarete?

Normalean, artzain guztiok antzerako hitzak erabiltzen ditugu. Nik orain arte keinu bidez agintzen nion txakurrari; izan ere, 16 urterekin ez nekien zein zen txakurrarekin erabili beharreko hizkuntza. Duela bost-sei urte hasi nintzen txakurrei ezkerrera edo eskubira joateko hitzez agintzen; nik eskuinera joateko 'eskubi' hitza darabilt, eta ezkerrera joateko 'ker'. Bi hitzak e hizkiarekin hasten direlako eta txakurra ahalik eta gutxien nahasteko egiten dut horrela. Gainerakoan, 'etzan', 'toz' eta 'atzera' hitzak ere erabiltzen ditut.

Ardiek eragina izan dezakete txapelketetan. Zer motatako ardiak dituzu nahiago?

Biziegiak baino nahiago ditut ardi lasaiak. Ez dit gehiagi axola txakurrekin asko ibilitakoak eta hesatera nahiz eskortara sartzeko denbora behar badute. Ardiak biziak badira, ordea, txakurra urduri jartzen da. Txakurrak artaldea kontrolatu nahi izaten du, eta ardi biziekin mugimendu biziagoak egin ohi ditu Irak ere. Artzainari txapelketa izorratzeko nahikoa arrazoi izaten dira askotan artaldetik ihes egiten duten ardiak.

Nolako etorkizuna aurreikusten diezu artzain txakur txapelketei?

Badago arraza libreko txapelketetan parte hartzen duen ni baino artzain gazteago bat, baina gainerakoak ni baino nagusiagoak dira. Zaila ere bada; izan ere, ardirik ez baduzu etxean mugatuta zaude lan hauetarako. Horren bueltan, ezagutzen dut txapelketetarako bere txakurra prestatzeko ardiak nahita erosi zituen artzain bat ere. Gure kasua, ordea, desberdina da. Aitonarekin ibili izan nahiz ardiak eta txakurrak zaintzen txiki-txikitatik. Askoz ere erraztasun gehiago eduki ditugu ni bezalako artzainok.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide