'Herrilab +700' hausnarketa prozesua jarri du abian Azkoitiko Udalak

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 17a, 13:00

(Azkoitiko Udala)

Herritarren zein herriko eragileen eta elkarteen hausnarketak eta iritziak jaso nahi ditu udalak, premiei erantzun eta erronka berriak identifikatzeko helburuarekin. Irailerako, urrirako eta azarorako hainbat hitzordu jarri ditu.

Azkoitiak 700 urte beteko ditu aurki, eta hausnarketarako une egokia izan daitekeela pentsatuta, Herrilab +700 hausnarketa herritarra abian jartzea erabaki du Azkoitiko Udalak. Prozesu "ireki eta anitza" izango dela aurreratu du, eta "askotariko begiradez osatutako diagnostikoa" osatu nahi duela. Horretarako, herritarrak gonbidatu nahi ditu hausnarketan murgiltzera eta iritziak ematera. "Bakoitzaren kezka eta ezinegonak entzunez azkoitiarrek kolektibo gisa partekatzen duten diagnostikoa lortu nahi da, ondoren, erronka berriak identifikatu eta herritarrek adierazitako premia horiei adostutako plan baten bidez erantzuteko".

Hausnarketaren lehen urratsak udan zehar eman dituztela azaldu du udalak, dagoeneko prozesuak alderdi politiko guztien oniritzia jaso duela, eta udal langileak ere prozesuan parte hartuko dutela. Orain, berriz, herritarrei emango die prozesuan parte hartzeko aukera. Prozesuaren xehetasunak ezagutu eta iritziak plazaratzeko hainbat aukera izango dituzte.

Batetik, etxe guztietara banatuko duten inprimakia bete dezakete eta Elkargunean, udaletxean eta liburutegian jarri dituzten buzoietako batean utzi. Bestetik, Azkoitiako Udalaren webgunean (www.azkoitia.eus) esteka bat ezarri dute herritarren iritziak jasotzeko. Azkenik, kalean jarriko dituzten postuetara jo dezakete. Postuak honako lekuetan eta orduetan egongo dira.

  • Urriaren 4an, parroki aurrean, 10:30etik 13:30era.
  • Urriaren 5ean, Jausoron, 10:30etik 13:30era; eta liburutegi aurrean, 15:00etatik 19:00etara.
  • Urriaren 6an, Elkargunean, 10:30etik 13:30era; eta Balda plazan, 15:00etatik 19:00etara.

Herritarrekin ez ezik, herriko elkarte eta eragileekin ere egon nahi du udalak, "gai ezberdinetan gehiago zentratu eta sakontzeko", eta horretako hainbat saio egingo dituzte Elkargunean. Lehenengoa aurkezpen saioa izango da, eta bigarrena erabiliko dute diagnostikoan gehiago sakontzeko. Saio horietan parte hartzea irekia izango da, baina joan behar dutenek aurrez jakinarazi beharko dute partaidetza@azkoitia.eus helbidera idatzita edo 656 788 282 zenbakira deituta. Hona hemen udalak jarri dituen hitzorduak:

  • Irailaren 29an eta urriaren 27an, 18:30ean: kultur eta kirol elkarteak..
  • Irailaren 28 eta urriaren 28, 16:30ean eta 18:00etan: hezkuntza, hizkuntza eta aisialdia..
  • Irailaren 21ean eta azaroren 2an, 15:00etan: eragile sozioekonomikoak.
  • Irailaren 28an eta azaroaren 2an, 18:00etan: berdintasuna eta kultur aniztasuna.
  • Irailaren 30ean eta azaroaren 3an, 17:00etan: ongizatea eta bizitza kalitatea.
  • Irailaren 30ean eta azaroak 4an, 18:30ean: bizilagunak, ingurumena, lurraldea.

Hausnarketa prozesuaren lehenengo faseko emaitzak ezagutzera emateko Bateratze saio bat egingo dute azaroaren 20an, 10:30tan, Elkargunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide