Iñigo Aranbarri: "Enpatia sortzea da aktoreon zeregina, eta horretan saiatu naiz"

Ihintza Elustondo 2021ko ira. 9a, 10:34

Iñigo Aranbarri, 'Nora' filmeko une batean. (Eneritz Medina)

Iazko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten Lara Izagirreren 'Nora' filma, eta egunotan hasi dira ohiko zinema aretoetan ematen. Azkoitiko Baztartxo antzokian, irailaren 25etik 27ra bitartean emango dute filma. Azkoitiarra lantaldeko kide da, eta filmaz hitz egin du.

30 urteko emakume batek aitona hil ostean Euskal Herrian barrena egingo duen bidaia kontatzen du estreinatu berri den Nora filmak. Ane Pikazak hezurmamitu du Nora protagonista, eta Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, 1983) bigarren mailako Joseba pertsonaia. Filmaren nondik norakoak aletu ditu aktore azkoitiarrak.

Joseba pertsonaia gorpuztu duzu filmean. Lara Izagirre zuzendariak adierazi duenez, pertsonaia hori antzezteko aktorea aurkitzea kostatu zitzaion gehien.

Pertsonaiak definitzerakoan, estereotipoetan oinarritzen dela esaten du Larak. Ligatzea gustatzen zaion mutil bat zen berak hasieran planteatzen zuen Joseba pertsonaia, ligatzen asko saiatzen zen neskazalea. Egungo gizartean gai hori pixka bat delikatua denez, halako pertsonaiek gutxiespena sortzen dute berehala. Entsegu-casting bat egin genuen Larak eta biok, eta pertsonaia hori pixka bat moldatzea erabaki genuen. Zirrikitu horretatik sartu nintzen Nora filmaren lantaldera.

Zuzendariak hasieran zuen ideia hori pixka bat moldatu zenuten, beraz.

Berak esaten zidan pixka bat gizatiartu egin nuela pertsonaia, sinesgarria zela antzezpena. Azken finean, gure lana horretan datza; pertsonaiak enpatizagarri egitea da gure egitekoa. Pertsonaia edozein izanda ere, baita hiltzaile bat baldin bada ere, gure lana da ulergarri egitea horretara zerk eraman duen. Enpatia sortzea da aktoreon zeregina, eta horretan saiatu naiz.

Zer moduz moldatu zara Josebaren larruan?

Filmaren alde jarri behar izan dut lan egiterakoan, eta ni bigarren mailako pertsonaia bat naiz film honetan. Protagonistaz aparte, hogei bat bigarren mailako pertsonaia daude. Filmean duzun pisuari neurria hartu behar diozu, eta pisu horren arabera, filmaren zerbitzura jarri. Kasu honetan, protagonista da garrantzitsua, eta nire pertsonaiak protagonistaren istorioa kontatzearen zerbitzura jarri behar du. Josebak Noraren egonezinak entzungo ditu, haren kezkak aditu; Nora entzungo duen pertsonaia da Joseba, berak behar duenerako hor egongo dena. Bien artean sortzen dena sortzen dela, Norari bizi puntu bat edo txispa pixka bat ematen dio Josebak momentu batean.

Zure izaeratik normalean baino gehiago jarri duzu film honetan. Hau da, zure lagunak, zure gertuko jendea... ageri dira bertan. Horrek ez al zaitu deseroso sentiarazi?

Deseroso ez. Film bakoitzak berea eskatzen du; agian, VIII. mendeko gerlari baten rola antzeztea tokatuko zait egunen batean, eta hori nire bizitzatik dezente urrunago egongo da Nora filmeko Joseba pertsonaia baino. Pertsonaia batek nahiz besteak zurekin izan ditzakeen antzekotasunak ezberdinak izan ohi dira, eta Larak errealismo puntu bat bilatzen zuen, interpretazioa nahiko suabe planteatzea, pertsonaiak gehiegi esajeratu gabe... Uste dut denak eragiten duela; giroa ere oso lasaia zen grabaketetan, eta horrek laguntzen zuen erlaxatzen. Dena den, askotan lotsa-edo sentitzen dugu halakoetan: "Maskara gehiegi kenduko ote dut? Azpian dagoena gehiegi ikusiko al da?" bezalako galderak etor daitezke burura. Film honekin lanean hasi ginenean, agian esango nukeen barrukoa gehiegi erakusten zela, baina orain ez zait hori horrela denik iruditzen. Film batzuetan maskara finagoa izaten da eta zure barrukoa gehiago nabarituko da, eta beste batzuetan, berriz, maskara lodiagoa izaten da eta zugandik urrunago dagoen pertsonaia bat antzezten gozatuko duzu. Uste dut biak direla gozamen politak.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide