Gaur, astelehena, goizean bildu da Labi batzordea lehendakaritzan. Azken asteetan COVID-19ak eragindako intzidentzia tasak behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –340,45ekoa da egun–, eta hori horrela, Jaurlaritzak zenbait aldaketa egin dizkio aurrez indarrean zegoen dekretuari. Hala, Labik erabaki du merkataritza, gizarte eta kultur jarduera guztien gehienezko edukiera muga %60koa izango dela. Hala eta guztiz ere, barrualdeko guneetan gehienez 600 pertsona bildu ahalko dira elkarrekin eta 800 lagun aire zabaleko guneetan.
Bestelako aktibitateak antolatzen diren gizarte, kultur eta kirol guneen edukiera mugak ere zehaztu ditu Labik. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten guneetan, 800 lagun sartu ahalko dira gehienez ekintza barrualdean egiten denean, eta 1.200 lagun ekintza aire zabalean egitean. 5.000 pertsona baino gehiago har ditzaketen instalazioetan, berriz, edukiera %30ekoa izango da gehienez.
Ostalaritzako zenbait neurri ere jakinarazi ditu Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Aurrerantzean, mahai bakoitzean zortzi pertsona eseri ahalko dira elkarrekin. Gainera, ostalaritzaren barruko guneetan %50eko gehienezko edukiera onartuko dute, baina ezingo da kontsumitu ez barran ezta zutik ere. Ordutegietan, ordea, ez du iragarri aldaketarik, eta hori horrela, tabernek eta jatetxeek 01:00etarako amaitu beharko dute beren jarduera. Elkarte gastronomikoetan ere neurri berdinak jarraitu beharko dira. Gazte lokalek eta gaueko aisialdikoek itxita segituko dute.
Hondartzetan eta igerilekuetan maskara erabiltzeari buruzko atala ere zuzendu du Jaurlaritzak. Gune horietan nahitaezkoa izango da maskara jantzita eramatea, pertsonen arteko metro eta erdiko gutxieneko distantzia mantentzea ezinezkoa denean. Dekretu berria asteazkeneko 00:00etan sartuko da indarrean.
Ikastetxeetako neurriak
Ikastetxeetan ikasturtea hasteko egun gutxi falta den honetan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakinarazi du eskoletan iazko neurri nagusiak mantendu beharko dituztela, hala nola maskararen erabilera, garbitasun eta higiene neurriak, segurtasun distantzia, aireztapena eta burbuila taldeak. 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoen artean lehen dosia jaso dutenak %62,5 dira Bildarraitzen hitzetan, eta hark adierazi du Jaurlaritzaren helburua %70era iristea dela.
Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan burbuila taldeak iazko ikasturteko berdinak izango dira, hau da, gela bakoitza izango da burbuila taldea. Azken ikasturtean bezala, HHko ikasleek ez dute maskara jantzi beharko ikasgeletan, baina bai LHko ikasleek. Halere, gela bakoitzean lau edo bost ikaslez osatutako taldeak egitea aholkatu du sailburuak, pandemiaren "jarraipen estuagoa" egin ahal izateko. DBHko lehen eta bigarren mailetan, aldiz, LHko irizpide bera jarraitu beharko dute. Gainera, sailburuak jakinarazi du txertatuta dauden ikasleek ez dutela berrogeialdirik egin beharko, horiek kontaktu estuak direnean. Eskola kirola ere martxan hasiko da, eta ez da inolako mugarik izango ez entrenamenduetan ezta txapelketetan ere.