Maialen Sudupe: "Zoragarria izan zen txapelketa taldean amaitzeko aukera edukitzea"

Julene Frantzesena 2021ko abu. 10a, 12:07

Maialen Sudupe igerilaria Campbell Unibertsitateko igerilekuan.

Maialen Sudupe (Azkoitia, 2002) igerilariak bi brontzeko domina lortu ditu Espainiako Txapelketan. Egindako lanarekin oso gustura dago azkoitiarra, baita Izarraitz igeri elkarteko taldekideekin gauzatutako lanarekin ere. Aurki itzuliko da Ipar Karolinara (AEB), hango Campbell unibertsitatean ari baita Kirol Zientzien gradua gauzatzen.

Espainiako txapelketan bi brontzezko domina eskuratu dituzu. Espero al zenuen podiumera bitan igotzerik?

Egia esan, ezusteko galanta izan zen, podiumera igotzeko aukera izatea ez baitzitzaidan burutik pasatu txapelketaren aurretik.

Bi dominak bizkar proban irabazi dituzu. Modalitate horretan aritzen al zara ondoen?

Bai, bizkar estiloa da ondoen moldatzen naizena. Dena den, proba desberdinetan aritzea gustatzen zait; batez ere, estiloetako probetan.

50 metro tximeletan ere finalera sailkatu zinen, baina ez zinen lehiatu. Zergatik?

Astearte arratsaldean 50 metro bizkar eta 50 metro tximeleta probetan lehiatu nintzen, eta bi finalak arratsalde hartan bertan ziren. Bi finalak jarraian izanik, oso denbora gutxi neukan bataren eta bestearen artean, eta bizkar estiloko probara lasaiago joateko asmoz, tximeletakoan baja ematea erabaki nuen. Bi finalen artean tarte handiagoa izan balitz, dudarik gabe bietan lehiatuko nintzatekeen.

Taldeko beste hiru igerilarirekin aritu zara txapelketan. Taldekako proban lan ona egin zenuten, eta klubeko errekorra ezarri ere bai. Gustura al zaudete egindako lanarekin? 

Bai, gu eta gure entrenatzailea oso gustura gaude. Entrenamenduetan txantxa moduan gure buruari ezarritako helburutxo bat zen, eta xedea lortzeak sekulako poza eman zigun. Gainera, erreleboetakoa azken proba izanik, txapelketa taldean amaitzeko aukera eduki izana zoragarria izan zen.

Txapelketarako jarritako helburuak bete dituzula esango al zenuke?

Bai, nire helburu nagusia txapelketaz disfrutatzea zen, neukan guztia ematea eta gustura geratzea. Esango nuke helburu horiek guztiak bete egin ditudala.

Arantzarik gelditu al zaizu?

Ez, egindakoarekin oso gustura nago eta ez nuke ezer aldatuko.

Aurten gauzatu duzun txapelketatik zer azpimarratuko zenuke?

Pertsonalki, txapelketara joan ginen laukotea azpimarratuko nuke. Izan ere, bakoitzak bere bakarkako probetan lehiatzeko aukera izateaz gain, aspaldiko partez, talde gisa txapelketan erreleboetan aritzeak sekulako ilusioa egin zigun.

Duela bi urte bi domina eskuratu zenituen Espainiako Txapelketan: urrezkoa horietako bat. Zer alde nabaritu duzu aurreko urteko eta aurtengo txapelketen artean?

2019ko uda Terrassan [Katalunia] lehiatu nintzenean lortu nituen domina haiek. Orduan junior mailan lehiatu nintzen, eta aurten absolutu gazteetan. Esango nuke, mailaz igotzen zoazen heinean, adinarekin batera, aldatzen joaten direla esperientzia eta perspektiba ere. Dena den, bi txapelketak asko disfrutatu ditut.

Lan saio bereziak egin al dituzu txapelketara begira?

Lan saio eta entrenamenduak betiko modukoak izan dira. Maiatzean, Euskal Herrira iritsi nintzenean, entrenatzailearekin hitz egin eta plangintza txiki bat osatuta, entrenatzeari ekin nion. Nahiz eta lan saio gehienak uretan gauzatu, beste hainbat saio ere egiten ditugu; kardioa eta core-a lantzekoak, gimnasioa... 

Udan itsas zeharkaldi bat edo beste izango da Euskal Herrian. Horietan parte hartuko al duzu?

Aurten ez daukat asmorik; izan ere, abuztuaren 20an Ameriketako Estatu Batuetara bueltatu behar dut, hilaren 25an eskolak hasiko direlako. Beraz, geratzen zaizkidan egunak lagunekin eta familiarekin disfrutatuko ditut.

Datorren urtera begira, zer helburu dituzu?

Berehala bueltatuko naiz Ameriketako Estatu Batuetara, eta abuztuaren amaieran edo irailaren hasieran ekingo diogu denboraldiari. Hango denboraldia da niretzat garrantzitsuena, eta taldekideekin elkar lagunduz garatzen joatea dut helburu; igerileku barruan eta kanpoan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide