Hotelen bolada zinez esanguratsua da murgildurik jarraitzen dugun pandemia-aldi latz honetan. Edo, behintzat, komunikabideetan izandako agerpena nabarmenki aipatua. Etengabe epaitua. Etsenplu pare bat jartzearren: aurreko azaroan itsasoak Kanaria Handira jaurtitako etorkin-saldoa, batetik, eta, arestian, ikasketak amaitu osteko Mallorcara bidaiatutako gazte parrandazale- aldra, bestetik. Multzo bien lokailua arkitektura izan da, eraikuntza bera, erroko arazoa urardotzeko balio izan duen hormigoizko bloketzarra. Eraikinaren atzean ostendu dira afera horien konponbiderako giltzarri behar luketen instituzioak. Eraikinak, lotsarik gabeko erakundeen ezkutaleku.
Ez naiz, ordea, "migratzaile" hitzari aurrizkiak kentzearekin gizaldeko arazoa ezabatzen ez dela esaten hasiko, ezta oporretara joandako nerabeen zuhurtziagabekeriari buruz arituko ere, ezta haien gurasoen malgutasunaren balizko gehiegikeriaz ere. Ez baita hori ene ataza; are gutxiago, horiei buruz jardutea neure xedea.
Hotelen aitzakian, hortaz, askoz atseginagoak zaizkidan batzuetara bidaiatuko dut. Leonard Cohen xuxurlarka ari zaidalarik, New Yorkeko Chelsea Hotelera iritsi naiz, lehenbizi. Artista ugariren bilgune famatu hartan ezagutu zuten elkar porrot egindako Cohen poetak eta Janis Joplin musika-izarrak. Erruz ezaguna da artista biek igarotako gau bakar hartan jazotakoaz Cohenek Joplini eskainitako Chelsea Hotel #2 kanta agortezina. Pasadizo hau ageri da, kasurako, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eleberri sarituaren amaiera aldera.
Ondoren, The Eaglesen Hotel California entzunez, taldekide haiek (ere) hoteleko paretak suntsitzen irudikatzeari utzi, eta Koro Navarrok euskaratu berri duen Ernest Hemingwayren Fiesta. Eguzkia jaikitzen da liburua datorkit oroimenera. Nobel saridunak Iruñeako La Perla hotelean idatzitako sanferminen inguruko eleberri sonatuaren aitzakian, iruindar hoteleko 201 suitean ostatatu naiz, festarik ospatu ezin den sasoi xelebre honetan, ez-jaiak hango leihotik begiztatzera.
Geroxeago, Elvis Presley Heartbreak Hotel abesten ari delarik, idazle errusiar bat datorkit gogora. Bihotz-minaren Hotel hartan imajinatu ditzaket berrogeitaka urteko Humbert irakaslea eta hamabi urteko Lolita. Ildo beretik, gure literaturak ere eman du Nabokovenarekin hainbestetan erkatu den lan eztabaidatsu bezain on bat: Jon Miranderen Haur besoetakoa, hain zuzen.
Eta Mirandez ari garenez, Elena Setien musikagile euskaldunak Grande Days eta Xabier Erkiziarekin batera musikaturiko poetaren hitzen fereka leunarekin, Amelie Nothomb idazle hiperaktiboaren Durduzaz eta dardaraz eleberriaz oroitu naiz, Joxan Elosegik euskaratua; belgiarra ere, behinola, sari bat zela bide, Bilboko hotelen batean ostatuz egona delako.
Horiek horrela, ausaz nahi gabe, zuri, irakurle adeitsu horri, gomendioen zertzeladak eskaini dizkizut udako egun luzeotan horietaz nonahi goza dezazun, hotelen batean akaso. Uda on!