Hamar urte. Erraz esaten da, baina hamarkada bat bete du Jon Unanue arraunlari azkoitiarrak Bermeoko Urdaibai arraun taldean. Hain zuzen ere, 2010eko neguan hartu zuen Bermeorako bidea. Arraun taldearen bigarren traineruan hasi zen arraunean azkoitiarra, eta 2011. urteko udaberrian Zarautzera joan zen utzita; han egin zituen 2011ko uda eta 2012. urtea osorik. Zarautzen denboraldia amaitu, eta urte hartan bertan itzuli zen Bermeora Unanue. Oraindik orain, Urdaibain jarraitzen du arraunlari azkoitiarrak, traineru eta arraunlari onenak biltzen dituen Eusko Label ligan lehian.
"Proba" egiteko asmoz joan zen Urdaibaira azkoitiarra. "Pixkanaka pilota uzten hasi, eta kiroldegira joaten hasi nintzen korrika-eta egitera. Gorputza ondo mantentzea zen nire asmoa. Gero, ordea, Bermeotik egin zidaten kasu, han arraunean proba egin nahi al nuen galdetuz. Baiezkoa eman nien". Harrobiaren presentzia orduan txikia zela aitortu du Unanuek. "Harrobiko arraunlariak falta zituzten lehen taldearen traineruan; azken urteetan beti egon izan da arazoa alde horretatik".
Gaur-gaurkoz, astean bost alditan joaten da Bermeora, baina urtean zehar ez dute astean entrenamendu kopuru bera egiten. "Azaro aldean, asteburuan behin joaten gara Bermeora entrenatzera, eta urte berriaren ondoren, larunbatetan eta igandeetan ere hasten gara joaten. Otsaila iristearekin batera, ordea, hirugarren entrenamendu egun bat gehitzen digute. Udaberri aldera, berriz, laugarren saio bat ere izaten dugu, eta denboraldia hasi aurretik astean bost entrenamendu egin behar izaten ditugu".
Arraunlaria "gustura" dago Bermeon, eta "osagai desberdin batzuk" eman ditu esandakoa arrazoitzeko. Egun, Urdaibai eta Bermeo "bigarren etxea" dira Unanuerentzat. "Nire bigarren herria da. Dagoeneko etxekotuta nago han. Gainera, herri berezia da Bermeo, eta Urdaibai talde irabazlea izan da azken urteetan. Dugun taldetxoa ere azpimarratuko nuke. Kinto beretsuko lagunak gara; askotan ez du ematen talde bat garenik ere. Taldea ezagutzen dut, eta badakit asko kostatuko zaidala Bermeotik joatea. Nahiz eta Azkoititik oso urrun egon, Bermeon maitatuak sentitzen gara, ondo zaintzen gaituzte, eta gustuko lekua dut". Azkoititik Bermeora sarri egin behar izaten du bidaia Unanuek, eta "oso gogorra" dela dio. "Arraun kontu honetan alderdirik txarrenetako bat da hara bidaiatu beharra. Bermeotarrentzat erraza da etxeko atetik irten eta hamar minutuan entrenatzeko lekuan egotea, baina azkoitiar batentzat gogorra da hori. Gainera, urteak aurrera doaz, eta azkenean min egiten du horrek. Donostiako eta Getariako bi mutilekin batera egiten dut Bermeorako joan-etorria, eta eskerrak haiei".
Arrauna kirol gogorra izan arren, hamarkada bateko arraun ibilbideak askorako balio izan dio Unanueri; esanahi handia du azkoitiarrarentzat traineru barruko lanak. "Arrauna nire zaletasunik emankorrena da gaur egun. Saihetsezina da niretzat arraunarekin ez pentsatzea. Entrenamenduan zer egingo dugun, lehiatzen nola ibiliko garen, irabazteko gai izango garen edo ez, zenbateko potentziala dugun, gure zenbakiak zein diren, arraunlariak eta ordezkoak zein izan daitezkeen... Beti horri guztiari bueltaka ibili ohi naiz". Pentsamenduak pentsamendu, arraunak gozatzeko zein sufritzeko tarte asko eskaintzen dizkio Unanueri.
Denboraldia martxan
Hil honetan bertan hasi dute aurtengo Eusko Label liga, eta Urdaibaiko trainerua prest dago aurtengo sasoiari ekiteko. "Talde polita dugu, baina garbi dago ez dugula duela urte batzuk genuen potentzialik; bestelako distira behar da banderak irabazteko lehian sartzeko". Unanueren iritziz, egun Urdaibaik ez du garai batean izan zuen botererik. "Izan ditugu estropadak nahikoa erraz irabazten genituen urteak, baina orain ez dugu urte haietako ahalmenik". Aurten itsasoratuko den taldearen inguruko gorabeherak ere azaldu nahi izan ditu azkoitiarrak. "Iaztik ez da asko aldatu taldea, eta nahikoa txukun aritzeko gai izango gara. Betiko talde lehiakorra izaten jarraituko dugu, baina liga bat irabaztea oso zaila ikusten dut. Nahiago nuke okertuko banintz eta banderengatik lehian ibiliko bagina. Ez da erraza izango, ordea".
Aurretik 22 estropada dituzte ligan lehiatuko diren hamabi arraun taldeek. Faboritoak zerrendatzeko orduan, Unanuek uste du iaz itsasoan agerian gelditu zen joerari eutsiko zaiola. "Iaz goi mailan aritu ziren taldeak dira faboritoak: Santurtzi, Hondarribia eta Zierbena. Hiru talde horiek gainerakoak baino koska bat gorago egongo direla uste dut". Hiru traineru horien ondorengo taldean ikusten du Urdaibai. "Hiru horien ondoren Donostia, Orio eta gu egongo garela uste dut". Faboritoak faborito, Unanuek dio Urdaibai ez dela sekula helburuak finkatzearen aldeko taldea izan. "Betiko saltsan jarraitu nahi dugu, gainerakoei aurre eginez. Irabazteko aukera dugunean, berriz, muturra sartzen ahaleginduko gara. Guk ez dugu bi edo lau bandera irabazteko helbururik jartzen, ezta liga edota Kontxako estropada irabaztekoa ere. Martxan jarritakoan, denborak erakutsiko digu zertarako gai garen".
Arraunak emandakoa
Arraunarekin lotuta duen oroitzapen onena aukeratzeko buruari buelta bat baino gehiago eman behar izan badio ere, argi du zein den berea: 2014. urteko Kontxako estropadak ditu gogoan Unanuek. "Inor baino gehiago izan ginen, eta erraz irabazi genuen. Bi asteburuetako estropadetan oso-oso erraz aritu ginen: 19 minutu eta segundo bateko eta 19 minutu eta bi segundoko denborak egin genituen orduan, hurrenez hurren. Bestelakorik ere izan du Unanuek, ordea. Iaz sorbaldan izan zuen lesioa aipatu du. "Sorbaldako lesioak min egin zidan. Ez nekien lehiatzeko gai izango nintzen, eta une txarrak pasatu behar izan nituen". Hala eta guztiz ere, lehiatzeko gai izan zen Unanue, eta honela azaldu du. "Eskerrak arraunean egiteko gai izan nintzen. Gauza bat da fisikoki izorratuta egotea, baina beste bat burua izorratzea; hori askoz okerragoa da. Minez eta arrastaka hasi nintzen, baina azkenean arraun normal egiteko gai izan nintzen".
Kontxako hiru estropada ditu irabazita Unanuek, estropada "berezia" inondik inora ere. "Estropadarik nabarmenena da Kontxakoa, bai duen historiagatik eta bai estropada eremuagatik. Kirolari lotutako festa handi bat da Kontxa. Azken finean, ez du zerikusirik ezerekin; izan ere, ez baita liga txapelketako estropada bat. Lehiaketaren une horretan asmatzea eskatzen duen estropada da Kontxakoa. Uste dut azken urteetan liga pisua kentzen ari zaiola, baina, halere, pastelaren zatirik gozoena izaten jarraitzen du Donostiako estropadak". Egutegiko gainerako estropadak ere hizpide izan ditu arraunlariak. "Zarauzko estropada ere berezia eta ederra da, bi jardunalditara jokatzen baita". Badaude, ordea, gehiegi gustatzen ez zaizkion jardunaldiak ere. "Hemerotekari begiratuz gero, Urdaibai okerren moldatzen den estropada Getxokoa da; han beti izaten dugu zerbait".
"Irabazten jarraitu" nahi du Unanuek. Hori da arraun munduan zerbait lortzeko al duen galdetuta eman duen erantzuna. "Ez dut irabazteko zintzilik dudan ezer. Azkenean, ligak irabazi ditut, Kontxako banderak ere bai, txapelketak, Kontxako marka guztiak Urdaibairenak dira... Hori guztia pasatuta dago, eta ahaztu egiten da. Gure entrenatzaile batek behin arraunlari galiziar bati esan ziona esango dut: ‘Ez kontatu aurretik zer duzun irabazita; kontatu zer irabaziko duzun’".
Unanuek garbi du arrauneko ibilbidearen amaiera gero eta gertuago duela. Halere, ez du ibilbidea ixteko datarik eman nahi izan. "Asko ez zait gelditzen, eta gainera, garbi dut ez naizela 40 urterekin arraunean ibiliko. Ez diot nire buruari iraungitze datarik jarri nahi. Ez dut nire burua beste zazpi edo zortzi urte egurrean ikusten". Maila badu, ahala ere bai. Gorputzak nahikoa dela esan bitartean, urdinez jantzita arituko da lehiatzen Kantauri itsasoko uretan.
Motzean
-
Adina: 33 urte.
-
Ikasketak: Mantenuaren eta muntatzearen goi mailako zikloa.
-
Lanbidea: Artezketa muntatzaile mekanikoa naiz.
-
Arraunlaria ez banintz izan... nire burua 100 kiloko patata zakua ez bihurtzeko edozer egingo nuke.
-
Estropada amaitutakoan... posible bada ospatzea eta bestela etxera itzultzea.