Herriaren historiaren parte

Aitziber Arzallus eta Anartz Izagirre 2021ko abu. 8a, 09:00

Sofia estudioaren garai bateko argazkia. (Argazkiak: A. Arzallus, A. Izagirre eta utzitakoak).

Azkoitian badira mendea betetzear diren familiako negozioak, baita mendea bete eta aurrera jarraitzen dutenak ere. Oztopoei aurre egin eta garaian garaira egokitzen jakin dute, baita bezeroen kontsumo joera berrietara egokitzen ere. Herrian ibilbide luzea egin duten lau negoziorekin hitz egin du Maxixatzenek.

Negozio txikiei bost, hamar edo hamabost urtean eustea ere ez da izaten erraza, baina Azkoitian badira ehun urteak betetzear edo ehun urtetik gora dituzten familiako enpresak, herriaren historiaren parte direnak. Krisialdi ekonomikoei aurre egiten eta herritarren ohitura aldaketetara egokitzen jakin dute, eta familian bertan erreleboa bilatzen, lekukoa belaunaldi batetik bestera pasatuta. Sofia estudioa, Bittor harategia, Martiarena inprimategia eta Aizterri dekorazio denda dira lau adibide.

Sofia estudioa: 125 urtez Azkoitian

Etxebizitzen eta bestelako lokalen apainketan zein diseinuan tradizio handia duen komertzioa da Sofia Studio 18. Maria Juaristi Espel (Azkoitia, 1972) da egun estudioa kudeatzen duena, eta bere birramona Sofia izan zen dendaren sortzailea; hortik datorkio establezimenduari izena. 1897. urtean ireki zituen ateak, eta lokal aldaketak zein bilakaera nabarmena izan baditu ere, gaur egun hasiera-hasierako esentzia mantentzen duela azaldu du Mariak.

Azkoitiarraren arabera, bere birramonak saltokia ireki zuenean ia ez zen komertziorik existitzen herrian: "Hasieran Plaza Berrin ireki zuen Sofiak denda, eta kooperatibarekin batera herrian zegoen denda bakarrenetarikoa izango zen". Bartzelonara joaten zen Sofia materiala erostera: "Ekintzailea izan zen nire birramona, eta bere anaiarekin batera joaten zen oihalak erostera. Jendea baserrietatik dendara jaisten zen, oihalak erosi eta horiekin soinekoak-eta egiteko".

Ondoren, 1942. urte inguruan, Ibai-Ondo kalera aldatu zuen denda Sofiak —egun han dago estudioa, 18. zenbakian—, eta bi pisuko etxebizitza egin zuen bertan; denda etxearen azpian ireki zuen. Urte batzuk geroago, Mariaren amak hartu zuen lekukoa: "Nire amak bere amamaren kontuekin jarraitu zuen, baina urte batzuk beranduago nire aitak tailerra jarri zuen bertan, eta amak berriro ere kalean jarri zuen saltokia. 80ko hamarkadan, ordea, berriro bueltatu zen Ibai- Ondora". Azkoitiarrak dio bere amak "denetarik" saltzen zuela: "Hariak, alfonbrak, oihalak... gauza asko izaten zituen".

1997an, 100 urte

Mariak Madrilen gauzatu zituen barne diseinuko ikasketak, eta horiek bukatu eta berehala Azkoitira itzuli zen: "Gu zazpi anai-arreba gara, eta inork ez zuen lanbide honekin jarraitu nahi. Nik, ordea, ez nuen Madrilen gelditu nahi, eta Azkoitira itzuli eta amarekin lanean hasi nintzen". Ordutik, komertzioak "bilakaera handia" izan duela dio: "Dendarekiko nuen kontzeptua aldatzen joan da urte hauetan guztietan, eta pixkanaka behar berrietara egokitzen joan gara".

Bezeroen kontsumo joerak aldatu diren heinean, eskaerak ere aldatu egin direla dio azkoitiarrak. Egun, etxebizitzetako eta lokaletako barne diseinuez arduratzen dira, besteak beste: "Etxeetako obra integralak egiten ditugu, eta azkenengo xehetasunera arte zaintzen dugu dekorazioa". Internetek ere gauzak "asko" aldatu dituela dio: "Produktuetatik haratago, zerbitzuak eskaintzen hasi gara; etxean ordu asko igarotzen ditugu, eta norbera bertan ondo eta goxo sentitzeko erremintak eskaintzen ditugu". Hala eta guztiz, "betiko bezeroei" ere eusten dietela nabarmendu du Mariak: "Amak zituen bezeroek ere oraindik etortzen jarraitzen dute, eta horiek funtsezkoak dira guretzat".

Sektore gehienei COVID-19aren pandemiak kalte nabarmenak eragin badizkie ere, azkoitiarrak dio beren sektorean kontrako efektua izan duela. Hain zuzen ere, etxean ordu asko igarota, jendeak bizilekuari "garrantzi handia" eman diola nabarmendu du, eta "oso ondo" egin dutela lan. Hala eta guztiz, motelaldiak ere izan ditu Sofia Studio 18k; batez ere, eraikuntza krisiak eztanda egin zuenean: "2008ko krisiak zuzenean eragin zigun, azken finean guztia kate bat delako. Nik, ordea, 2009an obra garrantzitsua egin nuen lokalean, eta duela zenbait urte buelta eman genion krisiari. Orain oso momentu onean gaude". Hemendik aurrera ere etorkizun oparoa espero du Mariak: "Garrantzitsuena da gustatu egiten zaigula gure lana, eta orain arte bezala jarraituko dugu aurrerantzean ere".

Bittor harategia: belaunaldi aldaketa kolokan

Bittor harategiak 70 urte inguru daramatza Azkoitiko Berdura Plazako postuan, eta Maite Larrañaga Aramendi (Azkoitia, 1961) eta bere anaia dira egun saltokiaz arduratzen direnak. Bi anai-arreben aitak ireki zuen harategia. "Bizi balitz, gure aitak 101 urte beteko zituen aurten. Soldaduska zela-eta sei-zazpi urte kanpoan egin zituen, eta itzuli zenean Azpeitiko plazako familia batean egon zen, morroi lanetan. Azkoitira itzulitakoan, harategia ireki zuen, 28 urterekin edo", azaldu du azkoitiarrak.

Larrañagaren arabera, garai hartan lanik izan ez eta harategia irekitzea otu zitzaion aitari: "Orduan ez zuen dirurik, beren amaren etxea abal moduan jarri eta harategia ireki zuen Berdura Plazan". Gogoan du bera txikia zenean postua nolakoa zen ere: "Harategia lehen bi zatitan zegoen; egurrezkoa zen, kolore gorrikoa. Erdian pertsiana bat zuen, eta harrizko mostradorea zuen orduan". Ondoren, ordea, harategia itxuraldatu zuten Larrañaga anai-arrebek: "Eusko Label marka du orain harategiak, eta obrak egin genituen, saltokia eskatzen zizkiguten baldintzetara egokitzeko".

Bilakaera itzela

Larrañagak azaldu duenez, "ikaragarri" aldatu da harategian lan egiteko modua ere: "Ni txikia nintzenean, txahala ez beste animalia guztiak harategian bertan hiltzen zituzten. Baserritarrek hona ekartzen zituzten untxiak, arkumea eta bestelakoak, eta hankarik gabeko trangetaren gainean hiltzen zituzten animaliak. Duela hainbat urte, ordea, osasungintzakoek debekatu egin zuten hori egitea". Egun, haragiaz gain aurrez prestatutako janaria ere saltzen dute: “Sukaldari bat kontratatu genuen, eta Berdura Plazan dugun beste postuan janariak prestatzen ditu".

Azkoitiarraren arabera, kontsumo joerak nabarmen aldatu dira: "Lehen askoz garrantzi handiagoa ematen zitzaion jateari, agian gure aurrekoek gosea pasatu zutelako edo... Horrez gain, asteburuetan familiarekin biltzen zen jendea, eta produktu asko erosten zituzten otorduetarako". Egun, ordea, gazteek harategian erosteko ohitura galdu dutela dio: "Jende askok herritik kanpo egiten du lan, eta askok aste osorako erosketa egun bakar batean egiten dute, askotan supermerkatuan".

Bestalde, Berdura Plazaren egoerak ere ez duela laguntzen azaldu du Larrañagak: "Inguruan ez dago aparkamenturik, eta Berdura Plazaren atzean bost minutuz kotxea utzita agian isuna jartzen diete bezeroei. Horrela nor etorriko da? Nik uste erraztasun gehiago jarri beharko lituzketela, eta hona saltzera etortzen diren baserritarrei ere gehiago lagundu beharko litzaiekeela".

Larrañagak "zaila" ikusten du Bittor harategiak hirugarren belaunaldi bat ezagutzea. "Nire seme-alabek ez dut uste harategiarekin jarraituko dutenik, eta nire anaiarenek ere ez". Izan ere, azkoitiarraren arabera "dedikazio handia" eskatzen du bere ogibideak: "Lotura handia dugu harakinok, eta hemen ez da jaiegunik izaten zapatuetan, ezta zubirik ere. Jendeak ostiral eguerditik aurrera jai edukitzea nahi izaten du, eta harategi batean zaila da hori".

Martiarena inprimategia: mendea betetzear

Martiarena inprimategiak hiru urte barru beteko ditu ehun. Domingo Martiarenak zabaldu zuen negozioa 1924an Azkoitiko Plaza Berrin, eta gaur egun haren birbilobek, Iñigo (Azkoitia, 1982) eta Aitor Arribas (Azkoitia, 1994) anaiek, dute familiako negozioaren ardura. 2000. urteaz geroztik, Juin Txiki industrialdean dute lantegia.

Domingo donostiarra zen izatez, eta oso gaztea zela, Zarauzko Quintanilla inprimategian hasi zen lanean; han ikasi zuen ofizioa. Domingok Azkoitian ireki zuen inprimategia bere seme Iñakirekin, Aitor eta Iñigoren aitonarekin. Iñakik erakutsi zion ofizioa Tito Arribas (Zumarraga, 1957) suhiari; Titok bere emazte Arantxari (Azkoitia, 1958); eta senar-emazteek oraindik ere inprimategian jarraitzen duten arren, dagoeneko pasatu diete lekukoa Iñigo eta Aitor semeei. Urte batzuez bi tailer izan zituzten martiarenatarrek: Azkoitian bata, eta Zarautzen bestea. Duela hogeita bost bat urte itxi zuten Zarauzkoa, eta harrezkero, Azkoitikoa bakarrik daukate.

Aldaketa handiak

Ehun urteotan ikaragarri aldatu da lanbidea, eta horretaz jabetzeko aski da garai hartan erabiltzen zituzten makinei eta gaur egun erabiltzen dituztenei begiratzea. Makina horietako bat Juin Txikiko lantegian dute, eta gainontzekoak ere gordeta dituzte beste leku batean. "Oroigarri gisa daukagu hemen, ez lanerako", zehaztu du Iñigok. "Erabili izan dugu norbaitek lan berezi eta puntualen bat eskatu izan digunean, baina oso-oso gutxitan". Lanbidea nola aldatu den azaltzeko, 1956ko Azkoitiko jaietako programa hartu du eskuetan Titok. "Garai hartan metalezko eta berunezko moldeak hartu eta hizkiak bata bestearen alboan jarriz osatzen zituzten hitzak. Argazkirik ere ez zen erabiltzen, klitxe deitzen ziren zigilu moduko batzuekin egiten zituzten irudiak. Eskulan hutsa zen dena, arte hutsa, artisauak eta artistak ziren". Arrazoia eman dio Arantxak. "Sekulako abilezia zeukaten eskuekin; osaba Josek egundoko koadroak marrazten zituen".

Ordenagailuen etorrerarekin eta makinaria berriarekin, batez ere azken hogei urteotan, lanbidea izugarri aldatu dela ziurtatu dute. "Azkoitiko festetako programa hori egitea hilabeteko lana izango zen garai hartan; orain, aldiz, bi edo hiru egunean diseinua egin eta astebetean nahi adina ale izan ditzakegu paperean", esan du Iñigok. "Digitalizazioak asko erraztu digu lana, baina etengabe berritu beharra ere ekarri digu. Lau urtean behin-edo makina digital berriak sartu behar izaten ditugu". Kolorearen erabilera da beste aldaketetako bat. "Garai batean oso zaila zen koloreetan inprimitzea; azken urteotan gauzak asko erraztu dira zentzu horretan". Bezeroei dagokienez, hamarretik zortzi enpresak direla esan du: "Lehen ere hala zen, eta orain ere bai, gehienbat bailarakoak eta inguruko herrietakoak".

Prestatutako segida

Ia ehun urtez irauteko sekretua zein den galdetuta, lana gogor egitea izan dela aitortu dute laurek, "eta garai berrietara egokitzen jakitea", gehitu du Arantxak. "Kontatu izan digutenaren arabera, aitonak-eta nahikoa komeria izan zituzten frankismo garaian. Garai hartan oso kontrolatuta zituzten inprimategiak, eta, besteak beste, ez zuten euskaraz ezer inprimatzerik izaten", esan du Iñigok. "Garai hartan nahikoa oztopo izan zituzten lanerako". Hala baieztatu du Titok ere. "Lan egiteko baimen bereziak behar izaten zituzten. Inprimategi bat ez zen edozein negozio; farmaziak irekitzeko-eta baimen bereziak ematen zituzten bezala, halaxe ematen zizkieten inprimategiei ere".

Martiarenako lehendabiziko hiru belaunaldiek ofizioa elkarri irakatsi zieten, baina gazteenek bestelako prestakuntza jaso behar izan dute. Iñigok arte grafikoko ikasketak egin zituen, eta Aitorrek, administraritzakoak. Biek zuten buruan familiako negozioari eustea. "Oso gaztetatik etorri izan naiz inprimategira laguntzera, eta dagoeneko hogei bat urte izango dira hemen lanean hasi nintzela", esan du Iñigok. "Gurasoek sekula ez digute eskatu familiako negozioari eusteko, honetarako prestatzeko, baina geuri lanbidea gustatu egiten zaigu eta horregatik erabaki genuen arte grafikoak eta administraritza ikastea".

Aizterri dekorazioa: 106 urte eta aurrera

Kale Nagusiko Aizterri dekorazio denda da denboraren joanari aurre egiten jakin duen beste negozioetako bat. 1915ean zabaldu zuten Jose Alberdik eta Ascension Txurruka senar-emazteek, gaur egun dendaren ardura duen Txaro Alberdiren (Azpeitia, 1988) birraitonak eta birramonak. "Hasiera batean aroztegia jarri zuen aitonak, eta handik pare bat urtera zabaldu zuten denda, duela 106 urte", kontatu du Jorge Alberdik (Azkoitia, 1955), Txaroren aitak eta Joseren eta Ascensionen bilobak. "Orduan burdindegia zen, baina denetarik saltzen zuten: janaria, gerrikoak, aterkiak... harrapatutako guztia".

Gerora, Jorgeren izeba-osabek hartu zuten dendaren gidaritza, Alberdi-Txurruka anai-arrebek; Angelitak, Maritxuk eta Raimundok, hain zuen. "Haiek gauza berriak sartzen joan ziren: dekorazioko gauza gehiago, apaingarriak, oparitarako gauzak, altzari laguntzaileak... baina burdindegiari eutsi egin zioten", zehaztu du Jorgek. Bera izan zen hirugarren belaunaldia. "Bizitza guztian hementxe ibili izan naiz, baina hasi-hasi, 20 urte nituela hasi nintzen dendan, eta 45 urtean jardun dut".

Jorgek dendan igaro dituen urteetan goitik behera aldatu da herritarren bizimodua, eta garaian garaira egokitzen asmatu behar izan du Aizterrik. Sekretua "konstantzia" izan dela uste du. "Nire izeba-osabek oso garai onak bizi izan zituzten, herrira jende pila bat etorri zen garaiak. Nik garai haren parte bat harrapatu nuen, baina baxualdiak ere ezagutu ditut: 1983an krisia, 1995ean krisia, 2008an egundoko krisia...". Baita Interneten etorrera ere. "Horrekin ez daukagu lehiatzerik, baina guk beste zerbitzu bat ematen diegu bezeroei, gertukoa eta konfiantzazkoa, eta horretan jartzen dugu indarra. Saiatzen gara bezeroak ahalik eta ondoen zaintzen, ahalik eta gauzarik politenak eta interesgarrienak ekartzen, marka esklusiboak eskaintzen, ahalik eta erakusleiho politenak jartzen.... Gorabehera handiko urteak izan dira, baina, hala ere, eutsi egin diogu".

Laugarren belaunaldia

Orain, alabak hartu dio erreleboa. "Egia esateko neuk ez zuen gehiegi animatzen; berak bazuen bere lana eta bide hartatik jarraitzeko esaten nion, bere bidea egiteko. Izan ere, dendak, begiratu batera, oso polita ematen du, baina egundoko barruko lana dauka; ordu asko sartzea eskatzen du, eta gaur egun dagoen egoerarekin, dendari eusteak merezi ote zuen galdetzen nion neure buruari", aitortu du Jorgek. "Bestalde, ordea, kristoren karga sentimentala sentitzen nuen; ehun urtekoa nik akabatzeak egundoko pena ematen zidan". Bere buruarekin borroka handia izan zuela esan du, eta Txarok esan zionean dendarekin jarraituko zukeela, lasaitu egin zela adierazi du. "Halaxe da; ez nuen animatzen, baina egundoko lasaitua hartu nuen".

Txarori beti gustatu izan zaio dendan jardutea, eta oso gaztea zenetik joaten zen aitari laguntzera. "Hiru anai-arrebetatik gehiena etortzen zena izan da", Jorgeren arabera. "Duela hiruzpalau urte dendara gehiago etortzen hasi nintzen". Jorge orduan hasi zen Txaroren gaitasunez ohartzen. "Konturatu nintzen gustatu egiten zitzaiola, eta, gainera, balio zuela: gustu ona dauka, jendea tratatzen goxoa da, eta gauza horiek asko balio dute". Pixkanaka-pixkanaka dendari denbora gehiago eskaintzen joan da Txaro, erabateko ardura hartu duen arte. "Duela urtebete pasatxo hasi nintzen dendan bakarrik egoten, eta orduan erabaki nuen beste lana uztea eta honetara buru-belarri jartzea".

Txarok ez darama denbora asko dendaren arduradun, baina dagoeneko eman dio bere ukitua. Aizterri zena, Aizterri Home & Decor da orain, eta produktu berriak eskaintzen hasi da. "Arropa batzuk, txakurrentzako lepokoak, belarritakoak... niri gustatzen zaizkidan gauzak". Aitarekin eskuz esku jardun duen urteak dendaren martxa ikasteko "funtsezkoak" izan direla aitortu du. "Bakarrik etortzen hasi nintzenean banituen nire zalantzak. Banekien mostradorearen atzean egoteko gai izango nintzela, baina neure buruari galdetzen nion gai izango ote nintzen eskariak behar bezala egiteko, erakusleihoa aldatzeko... Baina ikusi dut baietz, bakarrik ondo moldatzen naizela, kapaz naizela eta egiten dudanarekin gustura sentitzen naizela".

Momentuz, beraz, Aizterrik badu segida, eta pozik daude aita- alabak. Familiako negozioari eustea "polita" iruditzen zaio Txarori, eta aurrera ateratzeko bere esku dagoen guztia egiteko prest agertu da. Hala ere, aitak aholkua eman dio alabari: "Dendari eutsi diezaiola merezi duen bitartean, baina ixteko garaia iristen bada, lasai itxi dezala, aparteko kezkarik gabe". Ez luke nahi berak sentitu duen zama sentimentala alabak sentitzerik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide