Sara Aranguren: "Taldekideekin ondo pasatutako oroitzapen bat gordetzeko balio izan du urrezko dominak"

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 9a, 17:03

Sara Aranguren, garaipena ospatzen. (Argazkiak: utzitakoa)

Gimnastika erritmikoan aritzen da Sara Aranguren Elias (Azkoitia, 2004), eta duela egun batzuk Espainiako Kopa irabazi zuen Valladoliden Ipurua senior taldearekin (Gaztela eta Leon, Espainia). Gustura agertu da azkoitiarra garaipenarekin, eta duela bi urte junior mailan gutxigatik lortu ez zuen garaipena lortu du orain senior mailan. 

Espainiako Kopa irabazi berri duzu Eibarko Ipurua taldearekin. Zer sentipen dituzu garaipena lortuta?

Momentuan poz handia nuen barruan. Jendeak domina bakarrik ikusten du, baina domina hori lortzeko ikaragarrizko lana egin behar izaten da. Egunero gurasoek ematen naute Eibarrera, eskolarekin batera uztartu behar izaten da gimnastika erritmikoa... Urrezko domina lortzeak egindako lanak zerbaitetarako balio duela pentsatzeko balio izan dit. Taldekideekin ondo pasatutako oroitzapen bat gordetzeko balio izan du urrezko dominak.

Duela bi urte zilarrezko domina lortu zenuen txapelketa berean. Orduko arantza hura ateratzea lortu duzu orain, ezta?

Duela bi urte bigarren egin genuen taldeka; orduan junior mailakoak ginen. Halere, bakarkako lanarekin ez nintzen oso gustura gelditu orduan, eta bigarren postuak bakarkakoarekin gelditu zitzaidan arantza ateratzen lagundu zidan. Aurten ere jardun dut banakakoa prestatzen, baina ez naiz kopara sailkatu. Halere, horrek ematen dit lanean segitzeko motibazioa.

Zer nolako lana aurkeztu zenuten Valladoliden?

Hamar mazorekin egindako ariketa egin genuen Valladoliden. Esnahai berezia duen musika hautatu genuen entrenatzaileekin, oso mugitua. Nahia Arguizek, June Herederok, Indira del Pinok, Arrate Barojak eta bostok osatzen dugu taldea. 

Taldekako lana egin behar izan zenuten Espainiako Kopan. Zer moduzko taldea duzu alboan?

Ikaragarri maite ditut, oso maitagarriak dira. Entrenamenduetara joan eta egun txarren bat baldin badut, beti animatzen naute. Elkar animatzen dugu, hori baita talde batek izan behar duen zigilua. Sekulako taldea osatu dugu, eta gustura joaten naiz entrenatzera. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta familiako kideak bezela hartuak ditut dagoeneko; gure arteko konexioa berezia da, eta hori gero tapizaren gainean isladatu egiten da. Bikain ulertzen gara elkar, eta beraien alboan lan egiteak poz handia ematen dit.

Modu honetako garaipenek indarra ematen dute aurrera jarraitzeko, ezta?

Horrelako garaipenek indarra ematen dute, baina errealitatera itzulitakoan lanean jarraitu beharra dago, urrunago edota aurrez lortutako lorpenak errepikatzera iritsi nahi bada behintzat. Kontua ez da amaitzen txapelketa batera joan eta irabazitakoan. Datorren astean, Espainiako bigarren kopa dugu Valentzian [Herrialde Katalanak], eta ezin gara erlaxatu kopa berriz lortu nahi badugu, edo gutxienez, sentsazio onekin itzuli nahi badugu.

Badira urte batzuk Zubiberri taldea utzi eta Eibarrerako bidea hartu zenuenetik. Zer eman dizute bi taldeek?

Zubiberri uzteak pena handia eman zidan. Eibarrera neu bakarrik joan nintzen eta 10 urte edo izango nituen; hasiera batean nahiko gogorra izan zen. Azkoitiko Visi eta Lourdes entrenatzaileekin lotura berezia dut, baita lagunekin ere. Eibarko kideek ere oso ondo hartu ninduten, eta harreman estua egin dut hango Tania, Miriam eta Natasha entrenatzaileekin nahiz lagunekin. Bietan gauza berdinak ikasi ditut, baina Eibarren maila eta adin handiagoko taldeetan entrenatu dudanez, Eibarren teknika gehiago ikasi dut. Orokorrean, gimnastika erritmikoak nire egunerokoa hobeto antolatzen lagundu dit, eta bizitzarako oso baliagarria izan zait. 

Aranguren, erdian, urrezko domina lepotik zintzilik duela.

Oro har, zer moduz joan zaizu denboraldia?

Orokorrean, ondo joan zaigu urtea. Ezohiko denboraldia izan da guretzat; izan ere, Espainian zehar bidaiatu ohi dugu lehiatzeko. Txapelketa desberdinetan parte hartu dugu, baina COVID-19a tarteko, ez dugu bidaia horiek asko egiterik izan; Euskadiko zein Gipuzkoako txapelketak bakarrik jokatu ditugu. Gainera, 2021ean online jokatu dira txapelketa ugari. Konfinatuta egotea ere egokitu zait, eta nire ordez Maddi Teranek aritu behar izan zuen. Gainerakoan, ordea, nahikoa ondo joan da. Ea laster txapelketa gehiagotara mugitzeko aukerarik dugun; izan ere, une politak pasatzen ditugu hara eta hona bidaiatzen. Horren falta sumatu dut gehien bat.

Orain arte lortu dituzun emaitzaa guztien artean, zeinek egin dizu ilusiorik handiena?

Duela bi urte Espainiako Kopan junior mailan lortu genuen bigarren saria eta aurtengo senior mailan lortu dugun lehen postua bereziak izan dira. Hainbat txapelketetara sailkatzeak ere ilusio berezia egiten du. Hala eta guztiz ere, Espainiako txapelketetan denboraldi osoan egindako lana bi minutu eta erdian erakutsi behar izaten da, eta ilusio handiena bi txapelketa horiek egin didate. 

Ordu asko eskaintzea eskatzen duen kirola da gimnastika erritmikoa. Zenbatero eta zenbat orduz aritu behar izaten duzu astean entrenatzen?

Astean lau entrenamendu izaten ditut. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan hiru ordu eta erdiko lan saioak egiten ditugu, eta larunbatetan hiru edo lau ordukoak. Entrenatzaileak esandakoaren arabera izaten da azken finean. 

Zer du gimnastika erritmikoak zuretzat horren erakargarria izateko?

Entrenatzera joan eta kanpoan dituzun arazo guztiekin ahazteko balio dit gimnastika erritmikoak. Ezerk barruan sentiarazten ez didan zerbait sortzen dit gimnastika erritmikoak. Lehiatzea gustuko dut, eta lagunekin nahiz entrenatzaileekin sortzen den harremana ere polita da. Txikitan makillajeak eta jantziek erakartzen ninduten gehien bat, baina jolasa baino gehiago kirola zela ikusi nuenean, dena aldatu zen niretzat. Nire burua ez dut ikusten gimnastika erritmikorik gabe.

Banakako lanak edo taldekoak dituzu nahiago?

Egia esan, ez dut lehentasunik; ezingo nuke bat aukeratu. Bi modalitate zeharo desberdin dira, biak disziplina handikoak, baina bestelako ekarpenak egiten dizkidate. Taldekakoan, lagunen babesa jasotzen dut, eta gaizki joandakoan edo lehiatzerakoan ez zara bakarrik sentitzen. Bakarkakoan, berriz, bakoitzak nahi duen moduan prestatzen du ariketa.

Kirolariek bere ohiturak eta erritualak izan ohi dituzte lehiatzen hasi aurretik. Tapiz gainean lanean hasi aurreko erritualik ba al duzu?

Lehiatzera irten aurretik edo egun bat aurretik egiten ditudan erritualak baditut, baina niretzat gordeko ditut. Talde gisan ere badugu erritual bat. Gauza oso pertsonala da guretzat, superstizio handiko neskak gara eta. Oso serio hartzen ditugu kontu hauek, oso garrantzitsuak baitira guretzat. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide