Amorante abeslaria

Iban Urizar: "Bizirik mantentzen naute oholtzak eta zuzenekoek"

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 2a, 09:49

Amorante musikariak kontzertua eskainiko du bihar Matadeixen. (Utzitakoa)

Bat edo Hiru diskoa aurkeztu zuen Amorante musikariak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1975) joan zen urtean. Bihar, larunbata, kontzertua emango du Matadeixen, 25. urtemugako ekintzen barruan, 12:30ean hasita. Sarrerak mataderoekintzak@gmail.com helbidera idatzita eskuratu ahal izango dira, zazpi euroren truke.

Pandemia bete-betean argitaratu zenuen Bat edo Hiru lan berria. Nolakoa da diskoak egin duen ibilbidea?

Oso ona. Harrituta gelditu naiz diskoak izan duen harrera ikusita, ez nuen halakorik espero. Gainera, pentsatu baino kontzertu gehiago eman ditut azken urtebetean, baliteke formatuagatik-edo izatea. Oso eskertuta nago; hainbat musikari ni baino askoz okerrago ibili dira, eta horrek pena ematen dit, baina ni, zorionez, ondo ibili naiz.

Zer-nolako ibilbidea egin du Amorantek 2016an aurkeztu zenetik gaur egun arte?

Mutatzen joan naiz. Beharbada kanpotik begiratuta ez da desberdintasun handirik igarriko, baina asko aldatu naiz. Amorante hasiera-hasieratik zuzenekoetarako planteatu nuen. Diskoak eta grabaketak egiteak aktibo egotea eta beharbada kontzertu gehiago ematea dakar, baina niri gustatzen zaidana zuzenekoak egitea da. 2016an aurkeztu nuen nire lehen lana, eta nire lehen kontzertua Matadeixen izan zen, kasualitatez. Izan ere, Bizarra izeneko proiektu bat nuen garai hartan Mikel Etxegarai bateria-jotzailearekin, eta Mursegorekin batera eman nuen kontzertua.

Asko inprobisatzen duzu zure kontzertuetan. Zer esan nahi dute zuretzako zuzenekoek?

Emozionatu egiten naute, eta oso gustura aritzen naiz agertoki gainean. Amorante sortu aurretik beti izan naiz musika taldeen parte, eta harekin nire lanak bakarrik defendatzeko aurreneko aukera izan nuen. Bakarrik jotzeak ekartzen duena da kontzertuetara eramaten ditudan tresna horiekin inprobisatu egin dezakedala, eta bizirik dauden kontzertuak egin ahal ditudala. Orduan, edozer gauza gerta liteke, eta hortik tiraka asko landu dut inprobisazioa eskaintzen ditudan emanaldietan. Bizirik mantentzen naute oholtzak eta zuzenekoek.

Musika kontsumitzeko moduez ere sarritan aritu zara hizketan. Asko aldentzen al zara egungo musika euskarrietatik?

Grabazioak-eta egiten ditut, baina beste kontu bat da musika hori nola zabaltzen duzun. Diskoaren formatuak berak garrantzia galdu du; kontsumoa digitala eta azkarra da, eta irudiari oso lotuta dago. Amorante zuzenekoetarako proiektu moduan sortu zen, eta nik lan egiten dut abestiak zuzenean aurkezteko. Gero, diskoak egin behar baditut, ba horretara ere jartzen naiz.

Zein aukera eskaini dizkizu sareak musikari moduan?

Sare sozialetan ez naiz oso trebea, baina baditut. Lehen, kontzertuak iragartzeko kalean kartel bat jartzen genuen bezala, orain, sarean ere iragartzen ditut. Jabetzen naiz gaur egungo musikari gazteek beste era batera erabiltzen dutela sarea, baina ni ez naiz horretara iristen; nire kalterako izango da hori, baina ahal dudana egiten dut.

Nola imajinatzen dituzu entzuleak zure musika entzuten?

Musikaren historiako bi garai nahasten dira. Batetik, ahozkotasunaren bitartez transmititzen dena, eta bestetik, digitalki. Niretzat hoberena da nire kontzertu batera etorri, gustatu, eta beste norbaiti nire musika helaraztea. Sare sozialek ere egiten dute hori, baina uste dut bertatik bertara eragin handiagoa duela. Halere, egun musika digitalki kontsumitzen da, ez dago besterik.

Ez da erraza Amoranteren musika definitzea. Zuk "herri musika" egiten duzula diozu.

Bai, herri batekoa naiz eta musika egiten dut. Ez dut hori baino definizio zehatzagorik topatzen. Absurdoa iruditzen zait etiketak ezartzea; badakit topiko bat dela, baina benetan sinesten dut egiten dudana herri musika dela.

Irakurri elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide