Gutuna

Lehengo lepotik burua

Ioritz Gonzalez Maxixatzeneko erabiltzailea kexu agertu da bigarren aldiz isuna gaztelera hutsean jarri diotelako. Autoa gaizki aparkatu zuelako "erruduna" sentitzen da, baina egoera hau salatzeko "beharra" sentitu du, euskararekiko "konpromisoa" sentitzen duelako. Era berean, euskararen erabilera "arrisku bizian" dagoela sentitzen du Gonzalezek. Hona hemen bere idatzia:

Aurreko ale batean ere idatzi nuen gai berberaz jardungo dut gaurkoan, udaltzaingoak jartzen dituen isunen harira hain zuzen. Bai, erruduna naiz, eta ez da lehen aldia. Nire autoa gaizki aparkatuta utzi nuen gurasoei bisita egiten nien bitartean, 30 minutuz. 

Iluntzeko 21:15ak, gurasoen etxean, txirrin hotsa. Balkoira irtetean, udaltzaingoaren auto bat nire autoaren ondoan, ateak ixten eta lagun bat esanez; "esan diet etxean zaudela, eta txirrina jo eta autoa kentzeko esatea besterik ez zutela, baina isuna jarri eta autoan sartu dira. Horregatik jo dizut txirrina, ia beraiekin hitzegin eta konpontzen zineten..." Hori esaten ari zitzaidan bitartean, udaltzainen autoa aldentzen hasi zen, presaka antza. Ez zuen ematen behintzat helburua autoa geure garaje paretik kentzea zenik, eta nirekin hitz egitea saihestea nahiago izan zutela iruditu zitzaigun. Autorantz abiatu nintzen udaltzainen asmoa zein izan zitekeen pentsatzen nuen bitartean, eta esaera zaharrak dioena etorri zitzaidan burura: aditu nahi ez duenak, ez luke esan behar.

Autorantz gerturatu eta nire harridurarako, isuna berriro gaztelaniaz, soilik gaztelaniaz! Berriro ere sentsazio berdina; isuna ordaintzea baino tristura handiagoa sorrarazi zidan isuna gaztelaniaz soilik idatzi zela ikusteak. Berehala aurreko isuna ordaintzera joan nintzenean bizi izan nuena etorri zitzaidan burura; udaltzaingora ordaintzera joan, eta bi udaltzain, euskaraz. Hirugarren bat agertu zen, esanez; "¿Cómo funciona la fotocopiadora?". Ondorioa: automatikoki hirurak gaztelaniaz hitz egiten hasi ziren, eta hala jardun zuten, bost bat minutuz. 

Zoritxarrez, hori da egun bizi dugun errealitate gordina. Nahiz eta hainbat erakundetan euskararen aldeko ekimen asko egin, egunerokoan ditugun gabeziak ere oso errotuak daudela esango nuke. Jarrera horiek euskararen erabileran izan duten eragin negatiboa ikusita, egonezina sortzen dit arnasgune aitortua dugun herrian bizitzeak. Ez dakit neure kontu pertsonala den, baina erabilera arrisku bizian dagoela sentitzen dut. Ondorioz, eta aurreko isunaren harira idatzi nuen kexak izan zuen eragina aintzat hartuz, nire burua egoera hau salatzera behartua ikusi dut, gure hizkuntzarekiko kompromisoa izaki.

Bestalde, jarrera horrek hainbat hausnarketa egitera narama:

  • Agian idatzi nuen kexa norbaiti ez zitzaion gustatu, eta autoa kentzeko hitz egin beharrean, isuna jarri eta berehala egin zuten alde? Baliteke kasualitatea izatea, baina kasualitatea ez dena da isuna berriro gaztelaniaz soilik egotea. Hainbat herritarrekin hitz egin ondoren, badirudi eguneroko kontua dela.
  • Ni erruduna naiz, autoa gaizki aparkatu nuelako, baina udaltzainak ere bai, isunak hainbat aldiz soilik gaztelaniaz idazten dihardutelako. Astoa zaldiz jantzi arren, beti asto, esan ohi da. Ez da ahaztu behar, ordea, udaltzainek herritarren zerbitzura dihardutela, udalaren zaindariak, teorikoki. Azkoitiarron zerbitzura jarrera horrekin eta soilik gaztelaniaz zuzenduz? Badirudi euskararen erabilera instituzionalari duen garrantzia aitortzetik urrun gaudela, erabileraren kaltetan nik uste.
  • Egoera hori ohikoa izateko aukerak zein izan dira? Udaletxeak izandako kexak kontuan izan eta esku hartu du, baina erdaltzainek ez dute egoera zuzentzerik nahi izan, edo entzungor egin eta ez da esku hartzerik egon? Egia esan, ez dakit zer den okerragoa.
  • Hain zaila al da isun soil bat euskaraz idaztea? Ez al dira bada egunerokotasunean antzeko hainbat isun jartzen? Arau hauste arruntenentzako esaldi edo txantiloi batzuk prestatzea ez zait iruditzen horren lan zaila denik.

Nire idatzia amaitzeko aipatu nahi nuke horrelako gertaerak salatzeko Euskararen Behatokira jo dezakegula, gure hizkuntza eskubideak errespetatzen ez direla konstantzia egon dadin. Are gehiago, beharrezkoa dela iritzi diot, geure hizkuntzaren biziraupena bermatzeko ekinbidean. Guk geuk egunerokotasunean garrantzia ematen ez badiegu, jai daukagu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide