Solaserako aukerarik gabe

Aitziber Arzallus 2021ko uzt. 1a, 09:40

Xabier Etxaniz soinu-jotzaile eta idazle azkoitiarra solasaldi batera gonbidatu dute aurten. Trikitixaz eta idazteaz jardun zuen. (Maialen Mujika)

Helduen eskoletako Literatura Solasaldiak kentzea erabaki dute. Azkoitian, 60 urtetik gorako hamabost bat emakume asteroko saiorik gabe utziko dituzte.

Azkoitiko Helduen Eskolan bukatu dute aurtengo ikasturtea. Ikasle batzuek arindua hartuko zuten, urte sasoi honetarako nabaria izaten delako oporren beharra. Beste zenbaitentzat, ordea, bukaera tristea izan da, badakitelako datorren ikasturtean ez dutela ikasgelara itzultzerik izango, ez behintzat Literatura Solasaldietara. Saio horiek kentzea erabaki du Hezkuntza Sailak, beste ikastaro batzuen mesedetan. Maialen Mujika da aurten Azkoitiko saioen ardura izan duen irakaslea, eta hark ziurtatu duenez, "Gipuzkoako Helduen Eskola guztiei eragingo die erabakiak; datorren ikasturtean inon ez dute Literatura Solasaldirik antolatuko".

Loli Garmendiak, Amparo Eziolazak eta Lourdes Sudupek "pena handiz" hartu dute berria. Garmendiak eta Eziolazak hogei bat urte daramatzate Azkoitiko solasaldietan parte hartzen. "Martxan jarri zituztenetik, garai hartan, Floreagan", zehaztu du Garmendiak. Ingelesa ikasteko asmotan hasi zen helduen eskolan, eta literatura saioak antolatzen hastekoak zirela jakin zuenean, izena ematea erabaki zuen. Orduan ezagutu zuen Eziolaza. Ingeleseko eskoletara joaten zen hura ere, eta solasaldietan hastera animatu egin zen. Harrezkero, urtero-urtero parte hartu izan dute biek.

Lourdes Sudupek, berriz, duela lau urte izan zuen literatura solasaldien berri. "Erretiroa hartu nuenean, denborapasa bila hasi nintzen, eta izena ematea pentsatu nuen. Hauen ondoan hasiberria naiz, baina oso gustura etortzen naiz, eta sekulako pena hartu nuen kendu egingo dituztela esan zigutenean".

Hamabost bat laguneko taldea elkartu ohi da Azkoitian, gehienak emakumeak, 60 eta 70 urte artekoak. Astean bi orduko saio bat egiten dute, eta dinamika "oso sinplea" dela esan du Garmendiak: "Zer liburu irakurri erabakitzen dugu, etxean astero kapitulu bat edo bi irakurtzen ditugu, interesgarriena azpimarratu egiten dugu eta klasean komentatzen dugu".

Solasaldiei esker gauza pila bat ikasi dutela nabarmendu du Eziolazak: "Kulturalki izugarri aberastu gara, eta historia, geografia eta arteaz ikaragarri ikasi dugu". Etxean irakurritakoari buruz hasi, eta tiraka-tiraka, askotariko gaiez hitz egiten dute. "Irakasleak azaltzen dizkigu ezagutzen ez ditugun kontzeptuak, mapan kokatzen dizkigu ezagutzen ez ditugun lekuak, hitz egiten dugu herrialde horietako kulturaz… Liburu bat irakurtzea baino askoz gehiago da hemen egiten duguna".

Horretaz gain, solasaldiek sozializatzeko ere balio dietela adierazi dute, bai Azkoitiko taldekoekin, baita Zarauzko eta Azpeitiko taldeetakoekin ere. "Normalean, hiru herrietan liburu bera aldi berean irakurtzen dugu. Gero, liburua bukatzean, gaiarekin zerikusia duen irteeraren bat egiten dugu, denok batera", azaldu du Garmendiak. "Urtean bizpahiru egunpasa egiten ditugu, eta bidaiatxoren bat ere bai, lau edo bost egunekoa". Izanak dira Italian, Frantzian, Erresuma Batuan, Espainiako hainbat lekutan… "Eta Euskal Herriko museo guztiak ere bisitatuko genituen honezkero".

Aurten, pandemiagatik, ezin izan dute irteerarik antolatu, baina saio berezi batzuk egin dituzte, Mujikaren burutazio batetik abiatuta. "Solasaldietara datozenak, oro har, asko irakurritako jendea dira, baina konturatu nintzen gure herriko idazleez ezer gutxi zekitela, ezagutu ere ez zituztela egiten. Horregatik, pentsatu nuen polita izan zitekeela herriko idazle horiek solasaldietara gonbidatzea". Hiru gonbidatu izan dituzte aurtengo ikasturtean: lehendabizikoa, Koldo Campos; bigarrena, Juan Bautista Mendizabal; eta hirugarrena, Xabier Etxaniz. "Egia da Juan Bautista ez dela idazlea, edo hobeto esanda, libururik ez duela idatzi, baina auskalo zenbat idatzitakoa ote den, eta zenbat dakien", argitu du Mujikak. Hiru saioak "oso interesgarriak" iruditu zitzaizkiela baieztatu dute ikasleek.

Irakurri erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide