Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketan lehiatuko da Txikia IV.a etzi Aian

IƱigo Gaiton 2021ko eka. 25a, 11:26

Julen Alberdi 'Txikia IV.'-a.

Txapelketaren lehen edizioa izango da eta Jesus Mari Mujikarekin osatuko du bikotea aizkolari azkoitiarrak; Larrañaga-Azurmendi eta Otaño-Mugertza dira lehian ariko diren beste bi bikoteak.

Igande honetan hitzordu garrantzitsua izango dute Aiako probalekuan herri kirol zaleek. 12:00etatik aurrera, Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketaren lehen edizioa jokatuko dute han. Hiru bikotek hartuko dute parte txapelketan, eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra da txapelaren bila lehiatuko diren sei aizkolarietako bat. Jesus Mari Mujikarekin osatuko du bikotea Txikia IV.ak: Mikel Larrañaga-Iñaki Azurmendi eta Eneko Otaño-Ugaitz Mugertza dira lehian ariko diren beste bi bikoteak. Bikote bakoitzak sei kana erdiko eta sei hirurogei ontzako enbor moztu beharko ditu.

Txapelketaren lehen edizioa izango da Aian igandean egingo dena. Hala azaldu du Ainhoa Etxabe Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidenteak:?"Udazkenean hasi ginen lanean zuzendaritza berriko kideak, eta kirolariekin bilerak egin genituen, federazioan egon zitezkeen gabezien gaineko iruzkinak eta proposamenak  haien ahotik jasotzeko. Hala iritsi zitzaigun lehiaketa hau antolatzeko eskaera, eta aurrera egitea erabaki genuen".

Aiako Udalaren babesarekin antolatu dute hitzordua:?"Aiak herri kirolen aldeko apustua egin du datozen hilabeteei begira, eta eskertzekoa da kirol probak hartzeko erakutsi duten prestutasuna.

Publikoa ere probalekuan

Azken hilabeteetan, kirol proba gehienetan ez da publikorik izan, osasun krisiak hala behartuta. Igandean, ordea, aizkolariek ondoan izango dituzte zaleak. "300 lagun ingururentzako tokia egongo da probalekuan, dena ondo bidean bada", azaldu du presidenteak pozarren.

Bere hitzetan, publikoaren presentziarekin zentzu beteagoa hartzen du herri kirol proba batek. "Ikuslerik gabeko txapelketa bat ikusi nuen duela hilabete batzuk, eta oso tristea egin zitzaidan. Pena ere sentitu nuen isilik, jendearen animo eta berotasunik gabe jardun zuten kirolariengatik".

Ekonomikoki ere eragin handia du zaleak plazan (probalekuan, kasu honetan) izateak:?"Segan, adibidez, sarrera kobratzea izaten da antolaketaren gastuak ordaindu eta kito egiteko modu bakarra. Beste modalitateetan, aizkoran kasu, udalek jartzen duten diruaren arabera kalkulua egiten da, sarrera kobratu edo ez adosteko", eman du jakitera Etxabek 

Udan agenda zabala

Neurri murriztaileak arintzen ari direla aprobetxatuz, udan zehar Gipuzkoako federazioak antolatutako txapelketak egingo dira ia astebururo, modalitate desberdinetan.

"Gure esku egon dena ahalik eta azkarren ixten saiatu gara, kirolariei data zehatzak eman eta prestaketa hobeto bideratzeko aukera izan dezaten", bukatu du presidenteak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide