Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena, eta horren arabera, atzo positibo bakarra atzeman zuten Azkoitian. Ondorioz, atzotik jaitsiera nabarmena izan du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak: 517,40koa zen atzo eta 450,64koa da gaur. Hala eta guztiz ere, tasa 400dik gorakoa izanik, eremu gorrian jarraitzen du Azkoitiak.
Eskualdean, berriz, hamar positibo zenbatu zituzten atzo, herenegun baino hiru kasu gehiago. Azpeitia da kasu berri gehien baieztatu zituzten herria, hiru, hain zuzen ere. 328,52koa da hango intzidentzia tasa eta eremu laranjan jarraitzen du. Bina kasu atzeman zituzten Getarian, Zarautzen eta Zumaian, eta eremu horian kokatuta daude kostaldeko hiru herri horiek; 141,34ko intzidentzia tasa du Getariak, Zarautzen 162,76koa da eta Zumaian 254,40koa.
Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Orion eta Zestoan ez zuten positibo berririk atzeman atzo. Honako hauek dira herri bakoitzeko intzidentzia tasak: Aiakoa 50,38koa; Aizarnazabalgoa 260,38koa; Errezilgoa 161,03koa; Oriokoa 293,54koa; eta Zestoakoa 51,36koa. Beizaman, berriz, ez dute positiborik izan azken hamalau egunetan.