Tapakiak altxatu nahian

Andoni Elduaien 2021ko mai. 25a, 08:15

Azurmendi, Chej, Ceron eta Jauregi.

Azkoitiko Caritasen harrerako zerbitzuak beharra duten pertsonei laguntzen dihardu urte luzez herrian. Besteak beste, atzerritik Azkoitira iristen diren lagunei errolda lortzen ahalegintzen dira. Urrats hori egitea, ordea, gero eta zailagoa ari zaie egiten harrera taldekoei. "Presiopean" sentitzen dira, eta erakunde publikoei irtenbideak eskatu dizkiete.

Azkoitiko Caritasen harrera zerbitzuak baliabide ekonomiko nahikoa ez duten pertsonei eta familiei eskaintzen die arreta. Besteak beste, herrian erroldatzen, etxebizitza bilatzen edota gaixotasunekin laguntzeko osasun txartelak lortzen laguntzen dute. Pertsona askok Caritasen laguntza behar izaten dute administrazioaren gizarte babes sisteman edota lan merkatuan sartzeko. Azken urteetan atzerritik, eta bereziki Mendebaldeko Saharatik, Azkoitira iritsitako lagunei harrera egin diote Caritasen.

Nona Ceron Caritasen harrerako zerbitzuko kideak dioenez, 2017an "saharar asko" jaso zituzten herrian, eta haien eskakizunei eta beharren erantzunez, errolda agiria ateratzen lagundu zieten batzuei. Azken bi urteetan, 26 lagun hartu ditu Caritasen harrerako zerbitzuak. Hogei lagunetik hamalauk lortu dute Azkoitian erroldatzea, eta beste sei laguni aurkitu ahal izan dio Caritasek etxebizitza, hori bai, "ikaragarri kostatuta" lortu dituzte. "Gugana etortzen diren pertsonek erroldatzeko eskatzen digute ia beti, eta etxebizitza eskatzen dute horretarako. Kontuan hartu behar da pertsona asko gaixorik iristen direla hona. Gugana etortzen direnek osasun txartela behar dute, bizitzeko lekua eta beste hainbat dokumentu. Besteren artean, aberrigabeen txartelaren eskaera egiten dute; ikaragarri kostatzen zaie dokumentu hori eskuratzea. Behar larria da hauentzat errolda izatea, eta horregatik Caritasen agiri horiek lortzen saiatzen gara".

Felix Azurmendi Azkoitiko parrokoaren esanetan, Azkoitira iristen diren sahararrek "arazo izugarri batekin" egiten dute topo. "Erroldatzeko pertsona batek etxebizitza batean bizi behar du nahitaez, eta bizilekurik edo etxerik ez badu, ezin da erroldatu; gainera, ez badaude inon erroldatuta, ezin dute osasun txartelik lortu, ezta bestelako dokumenturik ere. Noraezean uzten dituzten gurpil baten aurrean aurkitzen dira une oro. Pertsona batek eskubide guztiak izan behar ditu bermatuta gizaki izate hutsagatik eta duintasunagatik". Horregatik, Azkoitiko Caritasek etxebizitzak aurkitzen laguntzen diete atzerritik herrira iritsitako lagunei.

Jabetzako etxebizitzetan

Caritaseko harrera zerbitzuak bere jabetzako etxebizitzetan nahiz parrokiaren etxebizitzetan erroldatzen ditu laguntzaren premia duten pertsonak; Santa Klara komentuan, esaterako, hiru lagun daude egun bizitzen. "Santa Klaran erroldatu ditugu batzuk, baina kontraesan berean erortzen gara. Ezin dugu gogoa ematen digun jende guztia han erroldatu, gero ezingo baitute han bizi guztiek; ez dugu gaitasunik leku jakin batean hogei lagun hartzeko. Jendeak pentsa lezake mojen gelak uzten dizkiegula, baina ez da horrela".

Egun, Azkoitiko Caritasen jabetzakoa den etxebizitza batean ari da bizitzen Salha Chej eta bere familia. Duela lau bat urte iritsi zen Chej bere familiarekin Azkoitira Ciudad Real (Gaztela-Mantxa, Espainia) hiritik. Aurrez, baina, Chejek Mendebaldeko Saharatik ihes egin behar izan zuen bere familiarekin eta Tindufen (Aljeria, Afrika) dauden kanpalekuetan bizi behar izan zuen zenbait urtez. Unibertsitate ikasketak ditu nola Chejek hala bere senarrak, eta Azkoitiko eskola batean dituzte eskolaratuta beren bost haurrak. Azkoitira iritsi zirenean, premiazko erantzun gisan eskaini zion etxebizitza Caritasek Chajen familiari. Aurrerago Chejek beste etxebizitza bat aurkitu nahi bazuen ere, Caritasek alokatutako etxean bizi da oraindik orain, ezinezkoa baitzaio egun Azkoitian beste etxebizitza bat alokairuan aurkitzea.

Parrokiarenak diren beste etxebizitza zaharretan ere hainbat lagun erroldatu ditu Caritasek. "Etxebizitza horietan erroldatzen ditugu, baina pisu horiek ez daude bizitzeko moduan. Horregatik, udalak errolda horiek ukatu egin dizkigu. Legearen arabera, gezurrezko erroldak dira, eta horren jakitun gara; halere, guk ez dugu iruzur moduan egiten urrats hori, funtsezko eskubide bati erantzuteko egiten dugu". Azurmendik nabarmendu du Azkoitian ez dagoela "atzerritar guztiei errolda lortzeko modurik", baina "dagokigun kuotari erantzun" beharko litzaiokela uste du. Elizbarrutiaren etxebizitza bat ere bada herrian, Azkoitiak eta Azpeitian partekatzen dutena. Han pertsona bat bizi da, eta beste bat dago erroldatuta, ezinbesteko arrazoi bategatik. 

Erroldatzea, lan nekeza

Azkoitira iritsi eta errolda lortzea, ordea, gero eta gauza zailagoa ari da bihurtzen zenbait atzerritarrentzat Caritasen harrerako zerbitzuko kideen esanetan. Azurmendik adierazi du udala "zorrotza" dela lege aldetik. "Udaletxera jo izan dugu, eta horietako batean sei lagun parrokiarenak diren egoitzetan erroldatzeko eskatu genien, baina legeak ez duela onartzen esan ziguten han. Lege hori horrela beteta zeharo gizagabea da, ez baitio gizartearen errealitateari erantzuten. Gainera, lege horrek ez ditu arazoak konpontzen, arazoak areagotu besterik ez ditu egiten. Ulertzen eta onartzen dugu udalak ezin duela Mendebaldeko Sahara erdia Azkoitian erroldatu, baina, gure ustez ez dira ari funtsezko beharrak dituen kolektibo bati erantzuten". Erroldatze sozialak egiten dituzten udaletxeak izan ditu hizpide erretoreak segidan. "Caritas moduko erakundeekin akordioetara iristen dira zenbait udaletxe erroldatze sozialak egiteko", azaldu du Azurmendik. 

Ceronek dio, bestalde, beraiek arduratzen direla pertsonen egoera aztertzeaz. "Kontua ez da Caritasera errolda eskatzera joaten den jende guztiari agiria ematea. Beste hainbat gauzetan egiten dugun bezala, erroldaren gaiarekin ere zubi lana egin nahi dugu; izan ere, udalarekin harreman ona dugu. Enpatia izateko eskatu nahi diegu, orduan lortzen baita benetan bestearen azalean jartzea. Sufritzen ari den pertsona asko dago atzean, eta zin dagit, asko ikusi ditut negarrez. Ulertezina da gazte bat bere itxaropen guztiarekin hona bere bizitza egitera iristea eta gure partetik ezer egiterik ez dagoela erantzutea".

Erroldatzea bideratzeko Caritasek duen beste aukeretako bat da etxebizitzak alokairuan hartzea. Aukera hori herrian gauzatzea zaila dela diote Caritaseko kideek. "Alokairuak ordaintzen ere laguntzen dugu, baina hor etxebizitzaren arazoarekin topo egiten dugu. Arazo hori ez da soilik Azkoitikoa, arazoa zabala da, eta gainera, oso mardula. Etxebizitza huts asko dago herrian, baina etxejabeek ez dituzte alokatu nahi". Erretoreak azaldu du atzerritarrek jasotzen dituzten laguntzengatik, jendeak sarritan "protesta" egiten duela, eta zabalduta dagoen esamesaren inguruan sakondu nahi izan du. "Chejen familiak, esaterako, bere dirulaguntza jasotzen du, baina 400 euro guri eman behar izaten dizkigu etxeagatik. Gero guk diru hori beste bati itzultzen diogu laguntza bezala. Egia esan, dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonen dirua etxejabeen eskuetara joaten da azkenean". Ceronek, bestalde, alokairurako etxeen prezio altuak salatu ditu. "Etxebizitza bat ikustera joan nintzen, eta ez nuen ulertzen haren prezioa. 500, 600 eta 700 euro artean eskatzen dituzte etxejabeek etxea errentan uzteagatik".

"Presiopean"

Pertsonei laguntzen ahalegintzen dira Caritasen. Egun, ordea "presionatuta" sentitzen dira, eta sahararren kasuan erantzun ezineko egoerara iristen hasiak direla aitortu dute. "Begiratzen dugun lekutik begiratuta, sahararren egoera oso zaila da. Nekez lortzen dituzte gizarte larrialdiko laguntzak. Laguntzak jasotzeko, gainera, erroldatuta egon behar izaten dute eta gutxienez sei hilabetez eduki behar dute etxe bat alokairuan hartuta. Traba ugari jartzen zaizkie erakunde mailatik", azaldu du Ceronek. 

Era berean, Azurmendik dio arazo hau ez dela Caritasek konpondu beharrekoa, erakunde publikoen zeregina dela uste du, Caritas “laguntzeko” dagoen elkartea baita. "Publikoki azaldu nahi dugu egoera. Lanbiden, esaterako, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Legea berrituko dute, eta ondo iruditzen zait; udalari ere guri dagokigun gaian beharrezko kontrol guztiak jartzeko eskatuko nioke. Pertsona batek lurralde honetan gizarteratu nahi badu, lagundu egin behar zaio".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide