Jexux Andueza pilotari ohia hil da gaur, ostirala, 64 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Anduezak, bere dinastiako seigarrenak, hainbat txapelketa irabazi zituen pilotari izan zen sasoian. Gainera, pilotan jokatzeari utzi ondoren Azkoitiko pilota elkartearen ardura hartu zuen.
Anduezak urrea lortu zuen Baiona eta Biarritz artean 1978. urtean jokatu zen VIII. Munduko Txapelketan. Urte hartan bertan, gainera, Espainiako Afizionatuen Txapelketa irabazi zuen azkoitiarrak, Zengotita arabarrari irabazita.
Txapel horiek irabazita, handik urtebetera, 1979an, profesional moduan debutatu zuen Anduezak Bergaran (Gipuzkoa). Urte hartan, halaber, Bigarren Mailako Buruz Buruko Pilota Txapelketa irabazi zuen, Arzelus pilotariari irabazita. 1980an, 23 urte zituela, lehen mailan egin zuen debuta, eta Buruz Buruko Txapelketan finalerdietara iritsi zen hainbat faborito kanporatuta.
Ibilbide luzea herrian
Anduezak, bakarkako ibilbidean ez ezik, lan handia eta oparoa egin zuen Azkoitiko pilota elkartearen alde. 22 urtez aritu zen Oteiza Pilota Kirol Elkartearen gidaritzan, harik eta 2017an Alex Juaristi elkarteko kideari erreleboa eman zion arte.
Anduezaren eskutik irabazi ditu Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako azken txapelak. Hain zuzen ere, 1999an, 2003an eta azkena 2006an. Pilotari zen garaian, berriz, hiru txapel jantzi zituen Herriarteko Txapelketan: 1974an, 1975ean eta 1977an, zehazki.
Hainbat dolumin mezu
Andueza hil eta gutxira hasi dira dolumin mezuak zabaltzen sare sozialetan. Xabier Euzkitzek eta Azkoitiko Udalak Twitterren egin dituzte adierazpenak:
Izan zen nor Andueza VI.a. Munduko txapeldun afizionatuetan, profesionaletan 2. mailako txapeldun eta maila nagusian final erdietaraino heldu zen (Miel Bengoetxea, Gorostitza eta Gartzia Ariño IV.a gainditu eta Maizen aurka galdu). Azken arnasa eman berri du. Bego gugan. pic.twitter.com/SAjSL5DMZN
— Xabier Euzkitze (@XabierEuzkitze) May 14, 2021
Gaur frontoian hutsunea nabarmena izango da. Jesus Mari Andueza, Andueza VI.ena, joan zaigu. Azkoitiari pilotaren sehaska deitzen bazaio, berak eta bera bezalakoek egindako etengabeko lanari esker da.
— Azkoitikoudala (@Azkoitikoudala) May 14, 2021
Azkoitiko herriaren txapela ere ondo merezia du Anduezak.
Goian bego. pic.twitter.com/WDwNndlUP0