Erretratua

Odei Arregi: "Gauza gutxi dira ipuin bat ondo kontatzea bezain gauza sotilak"

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 22a, 09:33

Odei Arrieta. (Marrazkia: Gorka LarraƱaga)

Sortzea du gustuko Odei Arregik, eta sortutako hori jendearekin elkarbanatzea. Kale antzerkilaria, clowna, ipuin kontalaria, idazlea... da. Bapatean Zirko konpainiako kidea da, eta kale antzerkiko lan berria sortu dute orain gutxi: 'Adabaki'.

Kale antzerkilaria, clowna, ipuin kontalaria, idazlea... horiek guztiak eta gehiago da Odei Arregi (Azkoitia, 1984), baina ez da kapaz bere buruari etiketa bat jartzeko. "Askotan galdetu izan didate zer naizen, zer lanbide dudan, eta sekula ez naiz gai izan erantzun bat emateko". Badaki sortzea gustatzen zaiola, sortutako hori jendearekin partekatzea, eta, ahal dela, kalean. "Zeuk sortu duzun zerbaitekin publikoarengana iristen zarela sentitzeak ez dauka parekorik".

Ez pentsa artista izatea umetako ametsa zuenik. "Zer izan nahi nuen galdetzen zidatenean, albaitaria esaten nuen, eta bolada batean baita moja ere. Izeba bat moja da, eta hura bisitatzera joaten ginenean, primeran bizi zela iruditzen zitzaidan". Probatu ere, hamaika gauza probatu zituen umetan. "Marrazketara joaten nintzen, irakasleak ez nuela balio esan zidanera arte; gimnastika erritmikoan ibili nintzen, baina handik ere bota egin ninduten...".

Batxilergoa bukatuta, Artearen Historia ikastea erabaki zuen, eta Gasteizera joan zen unibertsitate ikasketak egitera. Garai hartan piztu zitzaion artista sena, baina ez Arabako hiriburuan zela, Granadan (Andaluzia, Espainia) zela baizik. "Ikasketa programa batekin, Granadara joan nintzen urtebeterako, eta han mundu berri bat ireki zitzaidan. Eguraldi onak lagunduta, sekulako giroa egoten zen kalean, gazte pila bat era guztietako jarduerak egiten, eta han hasi nintzen zirkuari lotutako jardueretan interesatzen". Gasteizera bueltan, horretan aritzen zen talde bat topatu zuen, eta haiekin elkartzen hasi zen.

Unibertsitate ikasketak bukatuta, irakasle izateko titulua atera zuen, baita AEK-ko irakasle izatekoa ere. "Lanpostu normal bat izateko prestatu nintzen, baina sekula ez dut irakasle lan egin". Ordurako gehiago erakartzen baitzuen zirkuak eta dagoeneko gurpil hartan biraka hasia baitzen. Uda batean, kalean emanaldiak egiten ibili ostean, hura gustatzen zitzaiola ikusita, prestatzen hastea erabaki zuen. Kontrako bidea egin zuela dio, "lehendabizi jendaurrera atera, eta gero prestatzen hasi". Garai hartan, ordea, ez zegoen oraingo erraztasunik. "Zirku eskolarik ez zegoen, ezta Interneten gaur adinako eskaintzarik ere". Elkarri irakasten zioten, elkarrengandik ikasten zuten, eta inguruan topatzen zituen ikastaro guztietan ematen zuen izena. "Auskalo zenbat ikastaro txiki egin ditudan, baina paper bat bera ere ez daukat Odei Arregi arte eszenikoetan aditua dela dioenik".

Gustuko munduan murgilduta, ezeri uko egiterik ez nahi, eta zalantzak izan zituela aitortu du. "Zirkuaren barruan diziplina pila bat jorratzen dira, eta hasieran komeni izaten da denetik probatzea, baina iristen da puntu bat zerbaitetan espezializatu behar izaten dena, eta nik ezin erabaki, denetik egitea gustatzen baitzitzaidan". Horregatik, pailazo izateko bideari heldu zion, "denetik egiteko aukera ematen duelako, ezertan oso ona izan beharrik gabe". Eta asmatu zuela dirudi, harrezkero horretan baitabil Bapatean Zirko konpainian.

Duela hamahiru bat urte laukote gisa abiatu zuten proiektuari bikotean eusten diote Israel Cuadradok eta biek. "Bikote gara lanean, bikote maitasunean eta guraso ere bagara; beraz, patxadaz hartzen ditugu gauzak". Hori bai, guraso izan zirenean erabaki batzuk hartu behar izan zituzten. "Europan zerbait ibilitakoak gara, eta Espainian dezente ibiltzen ginen lehen, baina guraso izan ginenean erabaki genuen Euskal Herrian barrena bakarrik mugituko ginela; goizean etxetik irten eta gauean etxeratzeko moduko lanak hartuko genituela".

Ondo doakie horrela, eta horren erakusgarri da orain gutxi estreinatu duten ikuskizuna: Adabaki. Iazko martxoan estreinatzekoak ziren, baina pandemia iritsi zen, eta harekin, geldialdia. Harrezkero egin dituzte emanaldi batzuk, baina ez zaizkio gustatzen oraingo baldintzak. "Kaleak duen berezko xarma erabat puskatu dute indarrean dauden neurriek. Pandemia aurretik, publikoa oso gertu izaten genuen, zirkulu itxian, haien arnasa ere sentitu egiten genuen; orain, askoz hotzagoa da dena. Emanaldia eguerdi partean bada, musukoa eta betaurreko beltzak jantzita dituen publikoa izaten dugu aurrean; maskara batzuei ari garen sentipena izaten dut". Hala ere, kalea nahiago du antzokia baino. "Egia da antzokietan dena alde izaten dela: argiak, tenperatura, isiltasuna, jendearen prestutasuna... Baina antzoki batera joan egin behar da. Kalea, berriz, askoz irekiagoa, askeagoa da, era guztietako publikoa nahasten da, eta hori da niri gustatzen zaidana".

Ipuinetan murgilduta

Kalean aritzeak asko betetzen badu, bada horrek adina motibatzen duen beste gauza bat: ipuinak kontatzea. Horretan ere, ez da gaur goizean hasitakoa. "Aspalditik egin nahi nuen, eta duela hamar bat urte, ausartu egin nintzen". Ordutik, Euskal Herriaren luze zabalean zientoka ipuin kontatutakoa da, eta beste horrenbeste ume aho zabalik utzitakoa, baina sekula ez zaio ahaztuko lehenengo aldi hura. "Maeztun (Araba) izan zen eta desastre hutsa izan zen. Haur guzti-guztiek alde egin zuten, eta gurasoei ipuinak kontatzen bukatu nuen". Orain barre egiten du; "une hartan, ordea, negargurea galanta”. Hala ere, ez zuen etsi. "Ezin nuen etsi. Kristoren ilusioa neukan ipuinak kontatzeko, sekulako lana hartu nuen dena prestatzeko, eta behin gaizki atera zitzaidalako ez neukan amore ematerik". Handik astebetera beste saio bat muntatu zuen. "Lagunak eta haien umeak gonbidatu nituen, eta bigarrena hobeto joan zen".

Atzera begira jarrita, badaki izugarri hobetu duela. "Lehen, traste pila bat hartuta ateratzen nintzen ipuinak kontatzera, babesak behar nituen; orain ia ezer gabe irteten naiz, ia biluzik ateratzeko gai naiz". Esperientziak eman dio konfiantza, baita Arabazan Arabako ipuin kontalarien elkarteak ere. "Itxialdi garaian hasi ginen zazpi ipuin kontalari elkartzen, hasieran bideodei bidez, orain aurrez aurre, eta niretzako sekulako oparia izan da. Gauza pila bat ikasten ari naiz, adibidez, ipuin berari matiz diferenteak ematen".

Ikuspegia zabaltze horrek sekulako bultzada eman dio ipuinak kontatzen jarraitzeko. "Ipuin kontalariona oso ofizio bakartia da: ipuinak bakarrik aukeratzen dituzu, emanaldiak bakarrik prestatzen dituzu, bakarrik joaten zara ipuina kontatu behar duzun lekura eta bakarrik bueltatzen zara etxera. Ipuinak kontatzeko ikastaroak, egon, badaude, baina sekula ez dut haietako bat egin, eta sekula profesional baten aurrean ipuin bat kontatu gabe nintzen. Orain, ordea, badakiten sei lagunen aurrean aritzeko aukera daukat astero, eta urrea dira niretzat haiek egiten dizkidaten kritikak eta ematen dizkidaten aholkuak".

Horri esker, idazten hasi da berriz. “Garai batean poesia eta helduentzat ipuinak idazten nituen, baina aspaldiko urteetan utzita neukan dena. Arabazanen hasiz gero, berriz hasi naiz idazten, orain haurrentzako ipuinak, neuk kontatzeko helburuarekin”. Eta urrats hori egitera ere ausartu da dagoeneko: aurten hasi da berak idatzitako ipuinak jendaurrean kontatzen, eta funtzionatzen dutela ikusteak “sekulako poza” eman diola aitortu du. “Dena dela, beti esango dut gauza gutxi egongo direla ipuin bat ondo kontatzea bezain gauza sotilak eta zailak”.

Etorkizunaz galdetuta, orain artekoekin jarraitu nahiko lukeela dio, alegia, Bapatean Zirko konpainiarekin eta ipuin kontatzen herriz herri; baita AtauriArt jaialdia antolatzen ere. "Orain Ozetan (Araba) bizi gara, baina aurrez Ataurin bizi ginen, Arabako mendialdeko herri txiki batean, eta han, herrikideekin batera, AtauriArt antolatzen hasi ginen duela hamar bat urte. Antzerkia, zirkoa, clowna, musika eta abar batzen dituen jaialdia da, oso jaialdi berezia, eta horri eutsi nahi genioke". Horiez gain, sortze bidean diren bi proiektu aipatu ditu: Basotuz eta txotxongiloen ikuskizun bat. Eta bukatzeko, pandemiagatik emateari utzi behar izan dion ikastaroei eta tailerrei berrekitea nahiko lukeela esan du. Egonean egoteko asmorik ez du beraz.

Motzean

Adina: 37 urte.

Ikasketak: Artearen Historia ikasi zuen eta irakasle izateko titulua ere badu.

Lanbidea: artista.

Artista ez banintz... nekazaria.

Lanetik ateratzean gogoko dut... musika entzutea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide