Nolatan hasi zinen sokatiran?
Beti gustatu izan zait sokatira. Nuarben hasi nintzen tiralari, lur gainekoan. Han bi urte egin nituen; aurreneko urtean nahiko ondo ibili nintzen, bigarrengoan, ordea, gerriko minez eta nahiko pattal. Garai hartan, taldea ere desegiteko zegoen, eta utzi egin nuen. Gero, Ibarran tiralari bila zebiltzala jakin eta animatu egin nintzen; bosgarren sasoia egin dut talde horretan. Orain dela bi-hiru urte, lur gainekoan Mutriku sokatira taldearekin ere bi urte egin nituen tiralari.
Alde handia al dago lur gaineko eta goma gaineko modalitateen artean?
Sokatiran hankak-eta asko nekatzen dira, nekea orokorra izaten da. Baina lur gainekoa eta goma gainekoa desberdinak dira oso. Esaterako, gerritik gutxiago sufritzen dut goma gainekoan tiratzen hasi nintzenetik. Bestalde, goma gaineko sasoia orain gutxi bukatu da, negu aldean jokatzen da. Orain, berriz, lur gaineko denboraldia hasiko da.
Zer moduzko sasoia izan da aurtengoa?
Ondo joan da. Baina pandemia dela eta, nahiko narrasa izan da Euskal Herriko Sokatirako Goma Gaineko Txapelketa. Berandu jokatu da, eta normalean, pisu bakoitzean hiru jardunaldi izaten dira; lehenengo biak kanporaketak izaten dira eta sei talde sailkatzen dira finalerako. Aurten, ordea, txapelketako jardunaldi guztiak pisu bakoitzeko finalak izan dira; bakarra jokatu da maila bakoitzean. Azkenean, bost egunetako txapelketa izan da. Bestalde, oso talde gutxik lehiatu dugu txapelketan: Bizkaiko talderik ez da izan eta Ipar Euskal Herrikoei ez diete utzi etortzen.
Neurri berezirik hartzen al duzue egungo egoera tarteko?
Entrenatzeko-eta ez dugu aparteko neurri bereziegirik hartzen, baina txapelketako jardunaldietan neurri zorrotzak hartzen dira. Aurten, esaterako, txapelketako tiraldi denak leku berean jokatu dira, Getxon [Bizkaia]. Ikuslerik gabe izan dira; bestela ere ez da jende asko joaten gu ikustera, baina... Gainera, talde bakoitza aparte egoteko itxitura batzuk jarri dituzte jardunaldietan, eta itxituran maskara jantzita eduki behar izaten genuen. Lehen, izurriaren aurretik, elkarren kontra tira egin ondoren, bi taldeetako tiralariak gurutzatu eta elkarri eskua ematen genion, baina horrelako kontu denak kendu egin dituzte.
Orain denboraldia eta txapelketak bukatutakoan dena lagatzen al duzue?
Orain, fisikoa pixka bat mantentzeko, geure kasa ibiltzen gara bizikletan eta bestelako ariketak egiten. Irailean hasiko gara berriro entrenatzen. Orain, txapelketa bukatuta jan da egiten duguna.
Pisua asko zaindu behar izaten al duzue?
Hori izaten da gure gaitza. Txapelketa garaian kiloak eta jatekoa asko zaindu behar izaten ditugu; pisua jaitsi eta gosea pasatu behar izaten dugu, eta txapelketak bukatu eta lehenengo hiru bat aste ezer askorik egin gabe igarotzen ditugu; jan eta egon egiten gara. Ondoren hasten gara mendian eta bizikletan ibiltzen.
Sokatirako hiru munduko txapelketatan parte hartu duzu.
Bai, orain dela hiru urte, Mutriku taldearekin, Hegoafrikan Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan parte hartu nuen, eta urte berean, Ibarra taldearekin Goma Gaineko Munduko Txapelketan Txinan. Iaz, berriz, azken talde horrekin Irlandan izan nintzen munduko leihan. Bazterrak eta leku desberdinetako jendea ezagutzeko aukera eman dit sokatirak, eta ederra da hori. Datorren urtean, Singapurren zen jokatzekoa Goma Gaineko Munduko Txapelketa, baina esan berri digute Singapurren behintzat ez dela jokatuko, bertan behera utzi dutelako. Pena da, banuelako hara joateko gogoa.