Omenaldia, liburuei

Andoni Elduaien 2021ko api. 23a, 08:30

1996. urteaz geroztik ospatzen da gaurko egunez Liburuaren Nazioarteko Eguna. Literatura eta irakurketa sustatzeko egun honetan, liburuak eskuetan hartu, kalera atera eta barruan dituzten istorioak munduari zabaltzeko data da.

Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur mundu zabalean. 1995. urtetik sustatzen du UNESCOk nazioarteko egun hau, eta 1996. urteko apirilaren 23an hasi ziren hainbat herrialdetan liburuari merezi duen eguna eskaintzen.  2001. urteaz geroztik, munduko hiriburu bat izendatzen du urtero UNESCOk Liburuaren Munduko Hiriburu gisa, eta urtean zehar liburuarekin zerikusia duten kultur jarduerak antolatzen dituzte bertan. Aurten Georgiako Tiflis hautatu dute Liburuaren Munduko Hiriburu. 

Mundu mailako 25. urteurren ospakizuna izan arren, ez dago urrutira joan beharrik liburuekin harremantzeko. Azkoitiko Aizkibel Udal Liburutegian, esaterako, nahierako ehunka liburu eskuratu daitezke. Aizkibel liburutegia Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko kidea da, eta bazkide doan eginda, txartela baliagarria da sare horren baitan dauden liburutegi guztietarako.

Jendeak Azkoitiko liburutegira joateko joerari eusten diola azaldu dute Aizkibeleko kideek. "Hona etortzeko ohitura ez da aldatu. Irakurlea denak berdin segitzen du liburutegira etortzen, izan maileguak hartzera, ikastera, Interneten nabigatzera, hemerotekara zein multimedia materialak hartzera", adierazi du Mari Carmen Arrieta liburutegiko arduradunak. Bibliotekara prentsa eta aldizkariak irakurtzera "jende asko" joan ohi zela nabarmendu dute, baina COVID-19a tarteko, zerbitzu hori "etenda" dute.

2020ko martxotik 2021eko martxora bitartean, Aizkibel liburutegian 12.043 mailegu egin dituzte azkoitiarrek. Halere, kontuan eduki behar da COVID-19ak eragindako pandemiagatik, ia bi hilabete osoz liburutegia itxita egon zela iaz. Liburutegiko arduradunen arabera, liburuen mailegu eskaerak "azken urteetakoen antzekoak" izan dira Aizkibelen. Halere, nabarmendu dute Liburutegi Arteko Mailegua eta eLiburutegia zerbitzuak erabiltzeko joera "handitu" egin dela. "Bai bazkide berriak eta bai maileguak hazi egin dira zerbitzu horietan", adierazi du Arrietak. Internet bidez eduki digitalen irakurketa errazten duen plataforma da eLiburutegia. Irakurketa horiek streaming bidez, ordenagailuarekin edota gailu mugikorrekin egin daitezke.

Azkoitiko Aizkibel Udal Liburutegiaren eraikina. (Argazkia: Javier Beristain)

Irakurtzeko joera desberdinak

Genero, itxura zein estilo desberdinetako liburuak daude Aizkibel liburutegian, eta herriko bibliotekak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatzen dituzte irakurleek; izan ere, irakurtzeko joera zeharo desberdina da adinaren arabera. Liburutegiko arduradunak nabarmendu du, helduek, gehienbat, euskarazko zein erdarazko literatur liburuak hartzen dituztela. "Generoaren ikuspegitik, intrigazko, amodiozko, beldurrezko zein komedia nobelak nagusitzen dira". Halere, jakinarazi dute irakurleen artean joera handia dagoela psikologia liburuak irakurtzeko. "Autolaguntza eta bidaia liburuak irakurtzeko ohitura du jendeak".

Gazteen eta haurren irakurketa ohiturak, ordea, bestelakoak dira. "Gazteek orain modan dauden Youtuberren liburuak irakurtzen dituzte, baita komikiak, Geronimo eta Tea Stiltonen liburuak, Nur, Diario de Greg, Futbolísimos eta Forasteros del tiempo bezalako liburuak zein eskoletan eskatutako liburuak ere", adierazi du arduradunak. Haurrek, ostera, ipuinak eta hizki handiko liburu "asko" hartzen dituzte.

Egoerako eragindako aldaketak

Osasun egoerak izan du eraginik Aizkibel Udal Liburutegian; izan ere, iaz bi hilabetez egon zen itxita etxeratze aginduaren ondorioz. "Liburutegia itxita egon zenean, guk barruko lana egiteko baliatu genuen denbora. Liburutegiko inbentario osoa egin genuen, baita liburutegiko liburuen garbiketa edo xahutzea ere". 

Osasun egoerak eragin dituen ohitura aldaketen aurrean, oraindik ez dira zerbitzu berriak eskaintzen hasi Aizkibelen, baina aurretik zituzten zerbitzu batzuk "aldaketak" jasan dituzte. Itxialdiaren ondoren, 2020ko maiatzean ireki zituen ateak berriro liburutegiak, baina hasiera batean liburu maileguen zerbitzua eraikiaren atean hasi ziren eskaintzen. "Herritarrak telefonoz zein e-mailez jartzen ziren gurekin harremanetan, eta haiek eskatutakoa guk prest edukitzen genuen atean emateko". 

Gerora, ordea, "poliki-poliki" gauza gehiago hasi ziren egiten liburutegian. Liburutegiko ateak ireki eta jendea barruan hartzen hasi ziren, baina arau zehatz batzuk jarraituta. "Edukiera murriztu behar izan genuen, eta jendeak banaka sartu behar izaten zuen liburutegira ikastera zein liburuak hartzera. Ikasteko, adibidez, pertsona bakarra egon daiteke une berean mahai bakoitzean; ezin da bi edo hiru lagun baino gehiagoko taldeetan etorri", azaldu du. Liburuak maileguan hartzeko ere modu berdina darabilte Aizkibelen, banaka edo familia bereko kideak sar baitaitezke batera. Hala eta guztiz ere, badira mantentzen diren zerbitzuak: Interneta, adibidez. "Interneteko nabigazioa mantentzen dugu, baina ezin da ez inprimatu ezta fotokopiak egin ere". Liburutegian haurrentzako egin ohi dituzten ipuin kontaketa saioetan eta tailerretan ere edukiera murriztu behar izan dute.

Murrizketa arau horiek tarteko, Aizkibel liburutegian erabaki zuten liburuak hartzeko "aukera zabalagoa" eman behar zitzaiola jendeari. "Erabiltzaile bakoitzak sei liburu eta sei film hilabete oso baterako maileguan hartzeko aukera du", adierazi du Arrietak. Igandea da liburutegiak atseden hartzen duen egun bakarra; izan ere, astelehenetik ostiralera bitartean 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara egon ohi da irekita, eta larunbatean 09:30etik 13:30era. Gaur, Liburuaren Nazioarteko Eguna, egun aproposa izan daiteke liburutegira sartu-irtena egin eta liburuak irakurtzen hasteko ohitura hartzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide