Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena zikloa eskainiko dute aurrerantzean Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan

Maialen Etxaniz 2021ko api. 19a, 11:10

Izarraitz Lanbide Heziketa zentroa. (Izarraitz LHII)

Informatika eta komunikazioak arloko goi mailako zikloa da Izarraitz Lanbide Heziketan eskainiko dutena. 2021-2022 ikasturtean emango dute aurrenekoz, eta bertan mugikorrentzako aplikazioak garatzen, sistema informatikoak programatzanen eta kudeatzen, Java eta Visual Studio programak sortzen nahiz bideojokoak programatzen irakatsiko dute, besteak beste. Formakuntza berria "eskualdeko enpresen beharrei erantzutera" datorrela azaldu dute heziguneko arduradunek, eta "erakundeen eta enpresen arteko elkarlanaren emaitza" dela azpimarratu dute. 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak onespena eman dio Izarraitz Lanbide Heziketa zentroari informatika eta komunikazioak arloko goi mailako ziklo berri bat eskaintzeko. Horrenbestez, 2021-2022 ikasturtetik aurrera Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena goi mailako zikloa eskainiko dute Izarraitz Lanbide Heziketan. "Pozez" hartu dute berria heziguneko arduradunek nahiz eskualdeko udalek. 

Eduardo Sudupe Izarraitzeko zuzendariaren hitzetan, "goi mailako ziklo berria Izarraitzera etortzea ez da Izarraitzen lorpena bakarrik izan", eta erakundeen, enpresen eta udalen arteko elkarlana azpimarratu du. "Elkarlanaren zati bat izan gara gu, baina lorpenaren atzean jende asko dago. Enpresak, Aizarnazabalgo, Azpeitiko, Azkoitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako udalak, Iraurgi Berritzen garapen agentzia... Guztion artean lortutako gauza bat da hau", azaldu du Sudupek. 

Baina, zer dela eta eskatu dute ziklo zehatz hori? Izarraitz Lanbide Heziketa zentroko zuzendariak argi azaldu du zergatia, eta azpimarratu du goi mailako ziklo berria eskualdeko enpresen beharrei erantzutera datorrela: "Iraurgi Beritzen garapen agentziak identifikatuta zuen epe motz-ertainera formazio hori izateko beharra egongo zela enpresetan, eta pandemiak behar hori bizkortu du, geroz eta gehiago egiten baita lan era digitalean. Enpresek ikusten zuten epe motz-erdira langileen kualifikazio hori beharko zutela; esan daiteke informatika arloko langileen beharra identifikatuta zutela. Garapen agentzitik egin ziguten eskaera, eta gu eskualdeko beharrei erantzuteko gaudenez, erronka hori hartu genuen. "Enpresek hori behar zuten eta hori eskatu dugu. Horrenbestez, eskaerak egiteko prozedurari ekin genion, eta geroztik zain-zain egon gara onespena ematen ziguten edo ez jakiteko". Joan zen ostegun eguerdian jaso zuten onespena, eta ordurako prest zuten goi mailako zikloaren inguruko zabalpena egiteko materiala. "Zorionekoak garela esan dezakegu, hiru urteren buruan hiru ziklo berri jarri baititugu martxan", aitortu du Sudupek. Aurtengo ikasturtean aurrenekoz, Gizarteratzea zikloa eskaini du zentroak. 2019-2020 ikasturtean Mekatronika Industriala hasi ziren ematen eta aurretik Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonei Arreta emateko Zikloa jarri zuten martxan.

Azkoitiko Udalak ere begi onez jaso du berria; izan ere, erakundearentzat "formazioa da lan merkatuko ateak irekitzen dituen giltzarri nagusia". Zentzu horretan, Izarraitz Lanbide Heziketak formazio eskaintza zabaltzeko egindako lana azpimarratu du Azkoitiko Udalak. "Helburua da profil kualifikatuak lantzea bailarako lan merkatuaren beharrak asetzeko". Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena zikloa Azkoitian eskaintzea "oso berri ona" dela adierazi du Marijose Arregi udaleko Hezkuntza zinegotziak : “Lan merkatuak behar propioak ditu eta ondo prestatutako langileak eskatzen ditu. Lanbide Heziketako zentro bat herrian bertan izatea, bertako errealitatea gertutik ezagutzen duena, eta etengabe erakundeokin eta enpresekin harremanetan dagoena guziz onuragarria da herriarentzat eta bailararentzat. Gazteek, lana izateko, formazioa behar dute eta aukerak zabaltzea oso berri ona da”. 

Zikloaren inguruko informazioa  

Irailean, 2021-2022 ikasturtean, jarriko dute martxan Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena goi mailako zikloa, eta bertan mugikorrentzako aplikazioak garatzen, sistema informatikoak programatzanen eta kudeatzen, Java eta Visual Studio programak sortzen nahiz bideojokoak programatzen irakatsiko dute, besteak beste.

Izarraitzeko arduradunek azaldu dutenez, zikloko ikasleek "talde lanean eta erronketara zuzendutako metodologia erabiliz ikasiko dute, eta eskualdeko enpresetara bisitak egiteko aukera izango dute, bertan praktikak zein dual erara ikasketak egiteko aukerarekin batera". 

Goi mailako zikloaren inguruko xehetasun guztiak gizarteratzen eta azaltzen joango dira pixkanaka, haien helburua ahalik eta jende gehiengana iristea baita.  

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide