Kontzejupea
Kontzejupeak azkoitiar ororen bihotzean du lekua. Eskuin hormako pilotalekua, bere arku, zulo eta ateek berezi egiten dutena. XIX. mendean, jende gazte asko hasi zen udaletxe azpiko arkupeetan pilotan jokatzen, eta hori ikusita, 1894. urtean arkupeetako hormak eraberritzeko agindua eman zuen Jose Manuel Arozena orduko alkateak. Harrezkero, asko eta asko izan dira Kontzejupen pilotan jokatutakoak. Nork ez du jokatu sekula Kontzejupean pilotan?
Madariaga
Madariaga auzoan bi pilotaleku daude: handia eta txikia. Pilotaleku handia aire zabaleko eskuin hormako frontoia da. Pilotaleku horren beste aldean gelditzen da jolaserako aproposa den ezker hormako pilotaku txikia. Bigarren frontoi hori estalitakoa da.
Urrategi
Urrategi auzoan ermitaren eta auzoko elkarte gastronomikoaren artean dago frontoia. Eskuin hormako pilotaleku zuria da Urrategikoa, baina ezker aldeko petrilak eta egurrezko zutoinek jolaserako pilotaleku aproposa sortzen dute.
Goiko Losa
1770ean egin zuten Goiko Losako aire zabaleko pilotalekua, eta 1912an eraberritu; Eusebio Madariagak egin zuen eraberritzeko proiektua. 1923an, berriz, pilota elkartea sortu zuten Azkoitian, eta talde hark Goiko Losa pilotalekua alokatu zion udalari. Hala, elkarteak igande eta jaiegunetan pilota partidak antolatzen zituen bertan, baita herriko festa egunetan ere. Egun, frontisaren eskuin aldean margotuta dagoen Mariano Juaristi Atano III.a pilotari zenaren irudiak egiten du berezi Goiko Losa.
Gurea
Baztarrika aldean 1932. urtean eraiki zuten pilotalekua Etxaniz anaiek bultzatuta; laster beteko ditu 90 urte, beraz. 38,5 metro luze da Gurea frontoia, eta garai batean 1.300 ikusle sartzen baziren ere, eraberritze lanen ondoren, hirugarren solairua kendu zioten, eta gaur egun 888 pertsona sartzen dira pilotalekuan. Pilotaz gain, herri kirolak, dantzaldiak eta bestelako jaialdiak ere egin ohi dituzte bertan.
Xabier Munibe Ikastola
Xabier Munibe Ikastolak pilotaleku luzea bezain zabala du. Ikastolako iparraldeko fatxadaren azpian dago kokatuta. Duela urte batzuk, frontoian bertan egiten zituzten ikasturte amaierako jaialdiak, eta egun hainbat kirol egiteko aukera ematen du.
Izarraitz Lanbide Heziketa
Estalpea duen frontoia da Izarraitz Lanbide Heziketakoa. Ezker hormako pilotaleku motza eta estua da. Kantxan gertatzen ari dena ikusteko, gainera, ikusleak esertzeko bi lerro ditu pilotalekuak.
Floreaga Ikastetxea
Floreaga ikastetxeak bere pilotaleku propioa du. Ikastetxearen atariaren alboan dago frontoia, eta On Bosco izenez da ezaguna. 2009. urtearen amaiera eta 2010. urtearen hasiera artean eraberritu zuten pilotalekua, eta urte hartako urtarrilaren 31n inauguratu zuten.
Aizpurutxo
Aizpurutxon auzoko ermitaren aurrean edo ibaiaren alboan dago auzoko pilotalekua. Ezker hormako pilotaleku estua eta txikia da Aizpurutxokoa, eta noski, estalita dago. Garai bateko pilotalekuen gisan, kolore zuriz dago margotuta.
Martirieta
Martirieta auzoko pilotalekua eskuin hormako frontoi txikia da. Kontzejupearekin antzekotasun gehien duen pilotalekua da Martirietakoa. Eskuin horman leihoak ditu eta ezker aldean pilota desbideratu dezaketen egurrezko zutoinak nahiz horma. Tentu handia eduki behar da, gainera, sabaiarekin.
Elosua
Elosuako pilotalekua auzoko plazan bertan dago. Ezker hormako estalitako pilotaleku zuria da. Eskumenez, Bergarako Udalarena da Elosuako pilotalekua.
Oteiza frontoiak
2006an inauguratu zituzten Oteiza frontoiak. Jorge Oteizak bere ideiak eta Azkoitiko pilotarako tradizioa bateratzeko asmoz sortu zuen lana. Oteizak berak pentsatu zuen, eta Carlos Ceballos arkitektoak zein Antton Mendizabal eskultoreak diseinatu zuten. Euskal Herriko zazpi lurraldeen sinboloak diren sei pilotaleku (Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Bizkaia, Nafarroa eta Araba) biltzen dituzte Oteizaren frontoiek.
Astarbe
Astarbe auzoko pilotalekua aire zabaleko pilotalekua da. Oso egoera onean dago urdin kolorea eman zioten frontoia; izan ere, udalak 2017. urtean eraberritu zuen.