Azkoitiko Udalak Ttipi Ttapa programa abiatu du, adin nagusiko pertsonen artean ohitura osasungarriak bultzatzeko xedez. Proiektuaren helburua da pertsonak jarduera fisikoa praktikatzera animatzea, eta, bide batez, sozializatzen laguntzea une atsegin bat partekatuz.
Ekimenaren baitan, ibilaldi osasungarriak egiteko aukera eskainiko dute. Ibilbide osoa begiraleen laguntzarekin egingo da. Esperientzia pilotu gisa emango zaio hasiera proiektuari eta horretarako, hiru irteera antolatu dituzte, hirurak ostegunetan egitekoak. Apirilaren 22an izango da lehenengo irteera eta maiatzaren 6an eta 27an beste biak. Esperientziaren "balorazioa positiboa" izaten bada eta "erantzun ona" jasotzen badu, udalak jakinarazi du irailean berriro helduko diotela "egitasmoa egonkortzeko" asmoz.
Proiektua garatzeko udalak bidelagun ditu Izarraitz Lanbide Heziketa zentroa, Azkoitia Lagunkoia eta Plaza Ondo jubilatuen elkartea. "Planteamendua da indarrak batzen jarraitzea eta sarea zabaltzen joatea boluntariotzako beste elkarte batzuekin", adierazi du udalak. Izan ere, Ttipi Ttapa 2011. urtean sortutako komunitate-proiektua da, ibiltarientzat ibilbideak dinamizatzeko eta komunitatearen osasuna sustatzeko estrategia gisa sortua Osasun Publikoaren eskutik. Ordutik, hainbat udalerri batu da ekimenera.
Ibilbideak
Irteeretan parte hartzea doakoa izango da. Ibilbideak egingo dituzten hiru egunetan, Aizkibel Liburutegia izango da topagunea, 10:00etan. Partaideek bi ibilbideren artean aukeratu beharko dute, iraupenaren eta zailtasunaren arabera. Ibilbide motzena aukeratzen dutenak, Aizkibel Liburutegitik aterako dira eta Juin kaleraino joango dira, beilatoki pareraino. Handik Trenbidearen Zumardia Aldapa kalera abiatuko dira eta Intsaustitik berrio Aizkibel Liburutegira iritsiko dira, ibilbidea amaituz. Bigarren ibilbidea luzeagoa izango da. Aizkibel Liburutegitik Juin kalera joango dira partaideak, eta handik igerileku irekietara. Azken puntu horretatik herriko plazara joango dira oinez eta Aizkibel Liburutegian amaituko dute saioa.
Izen-ematea
Interesa duten pertsonek Plaza Ondo jubilatuen elkartean edota udaletxera –Herritarren Arreta Bulegoan–bertara joanda edo 943-08 00 80 telefonora deituta eman dezakete izena. Iragarritako irteerak ostegunetan direnez, izena emateko azken eguna aurreko astelehena izango da kasu guztietan. COVID-19aren hedapena saihesteko segurtasun protokolo bat beteko dela ere nabarmendu du udalak.