Kasu positiboek gora egiten jarraitzen dute Azkoitian

IƱigo Gaiton 2021ko mar. 31a, 13:32

Eskualdean zenbatu duten kasu gehien Azkoitian zenbatu dute. Hori horrela, intzidentzia tasak ere gora egiten jarraitzen du etenik gabe; egun, 166,90ekoa da tasa.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak orain gutxi kaleratu du COVID-19ak eragindako pandemiaren bilakaera txostena, eta han jakinarazi dutenez Azkoitian bost kasu positibo atzeman dituzte. Azken egunetan berriz ere kasuen goranzko joera nabaritzen hasi da herrian, eta hori irudikatzen du azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak. Azkoitiak eremu horiaren barruan jarraitzen du, baina intzidentzia tasak 33 puntu egin du gora, eta 166,90ean kokatu da. 

Urola Kosta eskualdean, bestalde, hogei kasu positibo izan dira eskualdean. Herenegun egin zituzten probetan 11 positibo detektatu zituztela kontutan izanik, azken orduetako zenbakiak okerragoak izan dira. 

Azpeitian –144,55–, Zarautzen –248,43– eta Zumaian –162,82– hiruna kasu hauteman dituzte, eta hiru udalerriak eremu horian daude kokatuta. Aian –604,53–, Getarian –106,01– eta Orion –81,54–, aldiz, bina positibo zenbatu dituzte. Aiako kasuan, azken zazpi egunetan hamaika positibo izan dira, eta intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du herrian. Zazpi egun horietatik bitan ez dute positiborik izan. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da positiborik izan.

792 positibo Hego Euskal Herrian

Azken orduetan 792 koronabirus kasu detektatu dira Hego Euskal Herrian. Herenegun egindako probetan 683 izan zirela kontutan hartuta, datuen gorakada nabarmena izan da. Positibo horietatik 118 Araban detektatu dituzte, 297 Bizkaian, 210 Gipuzkoan eta 161 Nafarroan. Beste lurraldeetan bizi diren sei herritarrek ere eman dute positibo.

Hala, positibotasun tasa %7,7 da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta RO Indizea 1,14ra igo da. Azken orduetan koronabirusak jotako 39 pertsona ospitaleratu dituzte hiru lurraldeetako erietxeetan, eta denera 273 lagun daude ospitaleratuta; horietatik 84, ZIUetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide