Liburu berria plazaratu du Felipe Juaristi idazle azkoitiarrak: Itzultzeko etorri naiz. Balea Zuria argitaletxearen eskutik kaleratu du azken lana Juaristik. Saiakera liburua da Itzultzeko etorri naiz, eta idazleak hausnarketara gonbidatzen ditu irakurleak bere ibilbidean zehar garrantzia berezia edo eragina izan duten pentsalari, idazle eta poeten ideietatik abiatuta.
Atzo aurkeztu zuen Juaristik Itzultzeko etorri naiz, eta liburuaren aurkezpenean ahotan izan zituen Friedrich Nietzsche, Theodor W. Adorno edo Walter Benjamin, eta hizpide izan zituen haiei lotutako pasadizoak, baita "XX. mendea ulertzeko funtsezkoak diren poetak", hala nola Osip Mandelstam, Jon Mirande, Rainer Maria Rilke, Anna Akhmatova, Aresti, Paul Celan, Franz Kafka, Marina Tsvetayeva, Maria Zambrano eta Lizardi.
Juaristik aurkezpenean adierazi zuenez, Itzultzeko etorri naiz-en ziurtasunak baino gehiago zalantzak ikusten ditu pentsatzeko eta pentsarazteko "norbere buruarekin kritiko" izan behar dela iritzita. Walter Benjaminen hitzak gogoan hartuta, Juaristik aurreratu zuen liburuan "literaturaren zein pentsamenduaren historian galtzaile izan diren horien begirada" islatzen dela.