Aitorpen batekin hasiko naiz: ikaragarri atsegin dut objektu hauskorrak biltzeko erabiltzen den plastikozko bilgailuko burbuilak lehertzea. Améliek eskua lekalez beteriko zakuan sartzean sekulako gozamena sentitzen zuen, eta niri, berriz, egundoko plazera ematen dit atzamarretatik ateratako zart soinua entzuteak. Nork bere astoari egiten dio arre. Guztiak esplotatu arte ezin geratu. Albeolo-film izen teknikoa duen bilgarria lau-lau utzi behar izaten dut behin hasiz gero. Zart eta zart, denak zanpatu arte, zart eta zart plastikozko azaletik airezko baba guztiak desagerrarazi arte.
Aitzitik, globoen eztandari izua diot benetan. Ligirifobia omen da bat-bateko hots ozenek batzuoi ematen digun beldurraren izena. Améliek ere bazuen berea, ez pentsa. Harena fobia soziala zen. Dena den, orain, bizirik balego, burbuiletan sartuta bizi behar dugun garai aldakor honetan, lasaiago biziko litzateke, giza harremanak minimora murriztutako kale hutsetan barrena paseatuz.
Horiek horrela, aurrekoan lagun batek emandako gomendioaz luze pentsatu dut, eta izurra izurtzera iritsi naiz, fobiaren fobiara, alegia. "Ez ezan eduki umea burbuila batean sartuta eta eraman haurtzaindegira; ederki etorriko zaion beste haurtxoekin sozializatzea!". Eta nireak poulaintarrenak duen beldur bera izan ez dezan, lagunari jaramon egin, eta nire etxeko burbuilatik ikastolakora eraman dut ene seme koitadua. Zart!
Beste behin, berriz, etxera nindoala, aldameneko bizilagunarekin topo egin eta kafe bat hartzera joateko gonbita egin zidan, sine die, eskerrak. Harrituta baina pozarren hartu nuen hasieran haren proposamena, eder egiten niolakoan, nirekin geratzeko gogoa zuela sineskor uste izan nuelako, "Bebarru berekoak izanda burbuila berekoak gaitun eta!" bota zuen arte. Zart!
Gogoko nuen, bestalde, txikitan xaboi-burbuilen hauskortasuna behatzea. Magikoa iruditzen zitzaidan potea astindu, tapoia askatu, arnasa sakon hartu eta putz egitearen indar zehatza kalkulatu behar izatea punpuilak errenkada garden eta dotorean zeruranzko bidaiarantz bultzatzeko. Bunbuiloak lehertzeko, alabaina, ez da orratzik behar, aski baita elkar ukitzea eztanda egin eta biak ala biak supituan desagertzeko. Egun, ostera, musukoak ufakoa eragotzita, ez dago burbuilei zart egingo dien haur-hatzik.
Varron latindar idazlea aspaldi ohartu zen gizakiaren ahuleziaz, gehienbat, adinarekin lotutako ajeez atsekabetu zenean. Eta halaxe adierazi zuen Rerum rusticarum liburuan: homo bulla est (gizakia burbuila bat da). Ez zen Sentikortasun Kimiko Anizkuna pairatzen dutenei buruz ari, zahardadeari buruz baizik. Gu guztioi buruz, finean. Zart!