Urtebete COVID-19arekin

Anartz Izagirre, Mailo Oiarzabal eta Nerea Uranga 2021ko mar. 15a, 11:00

Azkoitia, konfinamendu garaian. (Argazkia: Alex Berasategi)

Iaz, martxoaren 13an, alarma egoera ezarri zuen dekretuz Espainiako Gobernuak. Ordutik, pandemiak eragina izan du eguneroko bizitzan. Azkoitiko Udalean, eskualdeko ekonomian eta herriko gizarte eragileetan urtebetean gainditu behar izan dituzten erronkak eta ajeak aztertu ditu Maxixatzenek.

Azken urtebetean, bazter guztietan izan dira ajeak, berrikuntzak eta bizitzeko era berrira moldatu beharrak. Koronabirusak eragindako pandemiak egunerokoan eragin du. Herritarrak ez ezik, administrazioak, erakundeek eta eragileek ere egokitu behar izan dute. Azkoitiko Udalean alarma egoera ezarri zuten lehen unetik hartu zituzten neurriei aurre egiteko erabakiak, hala adierazi du Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak: "Zerbait ikasi dugu". Gauza batzuk gelditzeko etorri dira haren ustez; telelana, esaterako. "Egoerak udaletxean antolatzeko eta lan egiteko modua aldatu egin digu. Udalaren sail guztietan jarri da telelanerako aukera, udalaren zerbitzu guztiak beti bermatuta daudela".

Denboran atzera eginda, iazko martxoaren 13an ezarri zuten alarma egoera, 463/2020 Errege Dekretuaren bidez. Garai hartan, Azkoitia langabezia datu aldetik nahiko egoera onean zegoen, baita udalaren egoera ekonomikoa ere. "Orain ere, udalaren egoera ona da". Larrialdi egoera ezarri orduko hasi zen udala neurriak hartzen: larrialdi kasuetarako protokoloa martxan jarrita, Jarraipen Batzordea osatu zuen. "Dekretu berri bat atera orduko, udal barruko antolaketan zein kanpokoan zer egin erabakiak hartzen genituen batzordean. Gero, han erabakitakoa udal talde politikoei komunikatzen genien".

Aurren-aurrena, Udal Gizarte Zerbitzuek "behar gehiena" zutenengana nola iritsi aztertu zuten, eta hor jarri zuten "indarra". Hala, Gurutze Gorriarekin hitz egin eta etxeetara laguntzak bideratzeko boluntario sarea osatu zuten. Elikagai Bankuari ere dirulaguntza berezi bat eman zion udalak. Datuak ere eman ditu Azkoitiak: "Iaz, udal Gizarte Zerbitzuetan 30 familia gehiago artatu ziren, 90 pertsona gehiago gutxi gorabehera". Eusko Jaurlaritzak, berriz, larrialdiko laguntzak emateko diru partida igo egin zion udalari.

Ana Azkoitia, Azkoitiko Udaleko Ogasun zinegotzia.

Konfinamendua luzatu zen neurrian, bestelako eskaera batzuk jasotzen hasi zen udala. "Herrixen merkatari elkartearekin eta elkartean ez dauden beste merkatari batzuekin bildu ginen, eta itxialdiak eragindako kaltea samurtzeko 200.000 euro jarri genituen, eta 151 establezimenduri lagundu genion". Horrez gain, itxita egon ziren garaiko terrazaren eta zaborraren tasak ez zizkien koratu ostalariei eta merkatariei. Herriko ostalaritzako, merkataritzako eta zerbitzuetakoei laguntzeko bonoak ere atera zituen udalak: "Sektore desberdinetan gastatzeko bonoak atera genituen, jarduera gehiagotara iristeko". COVID-19aren ondorioz egindako inbertsioei aurre egiteko beste dirulaguntza bat ere bideratu dute udaletik merkataritzara eta ostalaritzara: Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako 34.000 euroko laguntza. Dirulaguntza "erraz eta azkar" eskatzeko modua jartzen ere ahalegindu da udala: "Eskaera egin eta hilabeteko epean ordaindu genituen laguntzak".

Udalak iazko aurreikusita zituen inbertsioetan ere aldaketak egin behar izan ditu pandemiaren ondorioz; esaterako, teniseko pista estaltzean eta skate, kalistenia eta parkour parkean. "Alarma egoera ezarri aurretik, tenis pista estaltzeko lizitatzea ateratzear ginen, eta hor utzi behar izan genuen. Inbertsio handia da, 475.000 eurokoa. Dena den, argi dugu proiektu hori agintaldi honetan egin nahi dugula, kirol horrek merezi duelako". Skarte, kalistenia eta parkour parkearen proiektua (120.000 euro), berriz, aurtengo inbertsioetan aurreikusi du udalak.

Udaleko ditu kontuetan ere nolabait erasan du pandemiak, eta horri aurre egiteko erabakiak hartu behar izan dituzte. "Foru Funtsetik milioi bat euro inguruko jaitsiera izango genuela jakinda, gure kezka zen ea nola orekatu aurrekontua. Izan ere, udalaren sarrera garrantzitsuena da Foru Funtsa". Gerakina bazuen udalak, ordea, baita aurrera egiteko aukera ere. Dena den, esku artean zituen proiektuei heltzeko, beste neurri batzuk hartu behar izan zituen udalak: batetik, hainbat gastu izoztu egin zituen, eta beste batzuk ez egitea erabaki zuten. Bestetik, zorpetzea erabaki zuten. "Kostu handia duten eta udal alderdi guztiok adostutako bi proiektu genituen: Floreagako irisgarritasuneko obrak eta igerileku berria. Pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, baina, arau fiskalak malgutu egin dituzte, eta guk lehenago zorpetzea erabaki dugu. Hala, abenduan 1.800.000 euroko mailegua sinatu genuen. Eta aurten, beste mailegu bat eskatzea aurreikusita dugu. Zorpetzea aurreratu dugu, legeak ahalbidetu digulako eta proiektu horiekin aurrera jarraitu nahi dugulako", azaldu du Ogasun zinegotziak. Aurtengo udal aurrekontuekin ere gustura da, "sekula ez bezalako adostasunarekin" onartu dituztelako.

Baheketa masiboa, urrian

COVID-19 kasuei dagokionez, Osakidetza proba diagnostikoak egiten hasi zenetik otsailaren 24ra artean, 912 kasu hauteman dituzte herrian; dena den, gaitzaren agerraldirik ez da egon Azkoitian. Baina urrian ezustekoa hartu zuten: Jaurlaritzako Osasun Sailak baheketa masiboa egitea erabaki zuen herrian. Agerraldirik izan gabe, baheketa masiboa egin zuten lehen udalerria izan zen. "Positiboen datua altua zen orduan, baina ezustekoa hartu genuen, kontu berria zelako".

Herriko arlo desberdinetakoekin harremanetan egon da hilabeteotan udala, egoera zuzenean jarraitzeko; besteak beste, Iraurgi Berritzeneko Enpresagunearekin: "Hala, gune horretako enpresen berri jakin dugu zuzenean". Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere bildu dira udal ordezkariak: "Koordinazioa egon da eta informazioa ere jaso dugu". Inon hutsunea atzeman badute, Europatik iritsiko diren funtsen inguruan da, Azkoitiaren arabera: "Ez dakigu Europako diru horiek iritsiko diren udalera eta zer bidetatik helduko diren".

Elikagai bankua, zabalik

2020ko martxo erdian, konfinamendu hertsia iritsi zenean, mundua gelditu egin zen, neurri handi batean. Jarduera asko, ia arlo guztietan, eten, bertan behera gelditu edota mantsotu ziren. Caritasek kudeatzen duen Azkoitiko elikagai bankuan, ordea, mugak muga eta hartu beharreko neurriak hartuta, jarduerari eustea erabaki zuten. "Ezin genituen ezer gabe utzi", diote bankuaren erabiltzaileez Amaia Ansoaldek eta Felix Alkortak, elikagai bankuko boluntario eta arduradunek. Caritasek Bergaran (Gipuzkoa) duen biltegitik jasotzen dute generoa Azkoitiko bankukoek, baina biltegi hura itxi egin zuten konfinemanduarekin, Azkoitiko biltegia pixkanaka husten joan zen, eta udalak lagundu zien hura hornitzen. "Guretzat salbazioa izan zen", eskertu du udalaren prestutasuna Alkortak. Udalarena ez ezik, herritarren laguntza eta kezka ere azpimarratu du Ansoaldek."Azken urte honetan, Azkoitiko jende eta enpresa askok eman digute dirulaguntza, askok".

Felix Alkorta eta Amaia Ansoalde, Caritaseko elikagai bankuaren arduradunak.

Ehun bat familiak erabiltzen zuten elikagai bankuaren zerbitzua pandemiaren aurretik, eta kopuru horrek azken urtean gorabehera handirik ez du izan. "Ehun bat familia, 360 bat lagun denera, eta 30 bat ume horien artean, 3 urtetik azpikoak", atera ditu kontuak Alkortak, elikagai bankuaren uneotako erabiltzaileez galdetuta.

Urte honen hasierarekin antzeman dute elikagai bankukoek egoeraren okertzea. "Ikusi dugu jendea itzultzen ari dela", dio Ansoaldek. Ezkutuko ekonomia aipatu dute elikagai bankukoek, kontraturik gabeko lanak, elikagai bankura itzuli diren askoren kasua azaltzeko. Alkortak dio "herriko jendea" ere hurbildu zaiela azkenaldian; "gero eta gehiago", gehitu du Ansoaldek.

Etxerainoko laguntza

Azkoitiko Gurutze Gorrian ere majo igarri dute COVID-19aren eragina. Orain arte ohikoak zituzten jarduera gehientsuenak alde batera utzi behar izan dituzte, ezinbestean. Pandemiaren aurretik, asteburuero ez bazen oso sarri bai, kirol, kultur edota festa ekitaldietan zerbitzua ematen zuten Gurutze Gorriko boluntarioek. Azken urtebetean, ordea, horrelako gutxi egiteko aukera izan dute. Aitzitik, gizarte laguntzan buru-belarri murgilduta igaro zituzten pandemiaren lehen asteak. Hala ere, hasierako lan karga laster arindu zitzaiela kontatu du Ibon Errazuk Gurutze Gorriaren Azkoitiko boluntario taldeko kideak.

Ibon Errazu, Gurutze Gorriko boluntarioa.

COVID-19aren aurrean, "herritarrei laguntzen" ahalegindu dira. Duela urtebete, osasun krisialdiaren hastapenetan, beren egiturako pertsonalarekin zein inguruko erakundeetako gizarte arloko arduradunekin eta eratu ziren herritar sareekin elkarlanean, "ezintasunen bat zutelako edo ausartzen ez zirelako" itxialdia zela-eta etxetik irteten ez zirenak artatzea bihurtu zen Gurutze Gorrikoen eginkizun nagusia. Erosketak egitea eta etxeetara eramatea, botikak tartean, eta hondakinak ateratzea izan ziren betebehar nagusiak. Azkoitian, Azpeitia, Errezilen eta Zestoan eskaini zituzten zerbitzu horiek; guztira, 28 familia artatu zituzten.

Enpresak eta langabezia

Iraurgi Berritzen garapen agentzia ere Espainiako Gobernuak itxialdia agindu bezain pronto jarri zen Urola Erdiko enpresekin eta udalekin harremanetan. Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendariak dioenez, 2019. urtea bukatzerako eta 2020. urtea hasterako ekonomiaren makaltzea zetorrela erakusten zuten datuek, baina martxoan izan zen benetako kolpea. Bat dator Itziar Abarisketa Iraurgi Berritzeneko Enplegu eta Enpresa Arloko koordinatzailea ere: "Adituek zioten epe horretarako krisi berri bat etorriko zela, baina inork ez zuen espero halakorik". Beobidek dio enpresentzat ez ezik garapen agentziarentzat ere "kaosa" izan zela: "Egun osoa pasatzen genuen lanean. Enpresek esaten ziguten ahal ziren neurrian ari zirela dena kudeatzen, denok bezala". Dena den, eskualdeko enpresek iazko urtea "uste baino hobeto" amaitu dutela dio Beobidek: "Udazkenean aurreikusten genuen %25 jaitsiko zirela fakturazioak, baina azkenean %15-20 arteko jaitsiera izan da. Enpresa batzuetan, gainera, inoiz baino gehiago fakturatu dute".

Abarisketaren arabera, azken urtebetean "fase desberdinak" izan dituzte eskualdeko enpresek: "Hasieran, denon lehentasuna segurtasuna zen: EPIak lortzea, maskarak banatzea... Gero, berriz, ABEEE-en kudeaketa". Gaineratu du martxoa eta apirila "abiadura handiko hilabeteak" izan zirela. Beobideren arabera, digitalizazioa izan zen hasieratik enpresa askoren erronka eta oztopoa: "Egoera honek behartu gaitu orain arte gauzak egiteko genituen hainbat modu zalantzan jartzera. Lehen aurrez aurre egiten ziren jarduera asko orain online egiten dira; adibidez, bilerak". Abarisketa ere bat dator: "Egoera honek estrategia birdefinitzeko beharra ekarri dio hainbat enpresari: barne antolaketa, ekoizpena...".

Denbora laburrean Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak (ABEEE) ezezagunak izatetik herritar guztien ahotan egotera igaro ziren, eta ez da gutxiagorako; izan ere, 2020ko martxoaren 16tik abenduaren 31ra artean, guztira, 487 ABEEE izan ziren Urola Erdian; horietatik gehien, zerbitzuen sektorean (383), eta, bereziki, ostalaritzan (148). Pandemiaren hasiera izan zen ABEEE gehien egon ziren unea, hortik aurrera beheraka joan zen kontua. Beobideren esanetan, enpresa askok "enplegua mantentzeko" erabili zituzten espediente horiek.

Enpresen ohiko jardueran ez ezik, langabezia tasan ere zuzeneko eragina izan du pandemiak, eta Iraurgi Berritzenek egindako diagnostikoaren arabera, joan zen abenduan 2019. urtean baino 47 langabetu gehiago zeuden Azkoitian. Abenduan %9,1eko langabezia tasa zuen Azkoitiak —%10’4 emakumeena eta %8 gizonena—. Urola Erdiko tasatik (%9) zertxobait goitik, baina Gipuzkoako (%9,8) eta EAEko (%12,1) batez bestekoaren azpitik. Abarisketak dio abuztutik aurrera jaisten joan dela langabezia tasa. Biek ala biek diote, langabetuen ezaugarriek "orain arteko joera" mantendu dutela; hau da, lanik gabe daudenen gehiengoa oinarrizko ikasketak dituztenak direla, eta nabaria dela genero arrakala ere.

Ikusitakoa ikusita, Iraurgi Berritzeneko kideek diote azken urtebeteko datuak ez direla "hain txarrak" izan, eta hainbat gauza on ere ekarri dituela: "Beharrak elkarren beharra dugula erakutsi du; konfiantza eta harremana asko hobetu dira".

Datozen hilabeteetara begira jarrita, berriz, "ziurgabetasuna" aipatzen dute Iraurgi Berritzeneko biek ala biek, eta hil honen bukaerarako egingo duten diagnostikoan islatuko dela urte honen hasierako lehen hiru hilabeteetako joera: "Urteari zer erantzun eman diogun ikusiko da hor, eta orduan irizpide gehiagorekin erantzuteko aukera izango da. Horren arabera, apirilaren bukaerako edukiko dugu aurreikuspena".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide