Obrako hesia parez pare

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 10a, 09:00

Duela hiru asteburu, errepide aldera erori zen Goiko kaleko egurrezko hesia, eta haren ordez, obrako hesi bat jarri zuten udal langileek, "herritarren segurtasunagatik". Hesi hori jartzerakoan, ordea, ez zuten kontuan izan kale horretako 12. zenbakian norbait bizi dela, eta etxera sartu eta etxetik irten ezinik gelditu zen herritar hori. Obrako hesia kentzeko eta bere etxerako pasabidea txukuntzeko eskatu dio udalari.

Haitz Munizio (Azkoitia, 1993) Goiko kalen bizi da; Kale Nagusiko 12. zenbakian, hain justu. Umetatik bizi da etxe horretan, lehen gurasoekin eta azkenaldian bakarrik. Eta hor bizitzen jarraitzeko asmoa du, ahal duen bitartean bederen. "Baina ematen duenez, bada nire etxetik kanpo ikusi nahi nauenik, edo zenbait gertakarik hori pentsaraztera eramaten naute behintzat". Azkena: Azkoitiko Udalak obrako hesiz itxi du bere etxerako pasabidea. Hesia ahal duen moduan gurutzatu behar izaten du etxera sartu edo etxetik irten behar duen bakoitzean. "Gaztea naiz eta nola edo hala pasatzen naiz, baina ez da batere atsegina horrela ibili behar izatea; neure etxean ilegal bizi naizela ematen du".

Duela pare bat aste jarri zuten obrako hesi hori Munizioren etxea dagoen orubearen eta espaloiaren artean, "herritarren segurtasunagatik". Aurretik egurrezko hesi bat zegoen hor. "Hesi hura orubearen jabeak jarri zuen orain dela urte mordo bat, baina denborarekin hondatzen joan da, eta duela hiru asteburu, hesiaren zati bat errepide aldera erori zen". Munizioren arabera, hala egon zen hiruzpalau egunez, udal langileek hesia guztiz kendu zuten arte. "Ondo iruditzen zait hondatutako hesia kendu izana, baina ez dut ulertzen nolatan jarri duten obrako hesia nire etxerako pasabidea guztiz itxiz". Kendutako hesiaren zatiak ere etxe parean botata utzi zituztela esan du, berak baztertu behar izan zituela.

Horrela gelditu zen egurrezko hesia.

Inork ez zion abisatu, eta etxera sartu ezinik gelditu zen Munizio. "Ni etxe horretan bizi naiz, hortik bakarrik sar naiteke etxera, eta hesi hori jartzerakoan inork ez nau kontuan hartu". Berehala deitu zuen udalera, ez behin, ez bitan. "Azken bi asteotan bai nire aita eta bai ni behin eta berriz saiatu gara udaleko arduradunekin hitz egiten, baina apenas egin digute kasurik". Pare bat alditan zinegotzi batekin hitz egitea lortu du, baina elkarrizketa horietan ez du aurrerabide handirik lortu. "Hesia kentzeko eskatu nion, ezin dudalako etxera sartu, eta erantzun zidan hesi berria jartzea orubearen jabeari dagokiola eta udalak obrako hesia jarri duela herritarren segurtasunagatik". Muniziok onartzen du egurrezko hesiaren ardura orubearen jabearena izango dela, baina obrako hesiarekin etxerako pasabidea itxi diona udala izan bada, hura kentzeko ardura ere udalak duela uste du. "Orubearen jabearekin harremanetan jarriko zirela esan zidan, baina ez obrako hesia kenduko dutenik".

Eta egunak joan egunak etorri, hesiak hor jarraitzen du. "Komeriak ibiltzen ditut etxetik irten eta etxera sartu behar dudan bakoitzean. Lehengoan ere bizikletaz enkarguak egitera atera nintzen, eta bueltan egundokoak ibili nituen erosketa poltsak, bizikleta eta neu hortik pasatzeko". Berarentzat deserosoa ez ezik, inguruko bizilagunentzat eta Altzibar aldera doazen herritarrentzat ere hesi hori hor izatea "polita ez" dela dio. "Herriko plazatik minutu batera bizi naiz, eta ez dut uste hesi horrek itxura onik ematen duenik".

Aspalditik datorren kontua

Lehendik ere hamaika gorabehera izan ditu Muniziok bere etxearen bueltan. Bederatzi urte atzera egin behar izan du gorabehera horiek azaltzen hasteko. 2012ko otsailaren 11n, alboko etxean –Kale Nagusiko 14. zenbakian– izandako sutea ekarri du gogora. Sute hark bi eraikin kiskali zituen eta kalteak eragin zituen alboko beste batzuetan. Munizioren etxeak, ordea, ia ez zuen kalterik jasan.

"Kiskalita geratu ziren bi eraikin haiek eraitsi egin zituzten, Kale Nagusiko 10. eta 14. zenbakiak, eta guk hilabeteak pasatu behar izan genituen etxetik kanpo, han zegoen zerrikeriarekin ezinezkoa zelako gure etxeraino iristea". Izan ere, eraitsi zituzten bi eraikin haien azpitik pasatzen zen Munizioren etxeko bebarrua. "Etxe haien hondakinak hantxe utzi zituzten pilatuta eta urteetan egon ziren halaxe. Belarra eta guzti hazi zen hondakinen gainean, eta herritar batek mendixka hari buruzko artikulu bat ere argitaratu zuen nonbaiten. Etxe pareko espaloia ere urteetan egon zen obrako hesiekin itxita, eta Altzibar aldera zihoazen herritarrek errepidearen bestaldeko espaloitik joan behar izaten zuten".

Pixkanaka, Munizioren etxearen inguruko eraikin guztiak bota dituzte. "Denborarekin sutearen ondorioak azaltzen joan zitzaizkielako bota zituzten batzuk, eta zahartuta eta hondatuta zeudelako bota zituzten besteak". Azkena, Kale Nagusia 4. zenbakikoa, duela bi urte bota zuten. "Pixkanaka erortzen ari zen, arriskutsu egon zen denbora luzean, eta azkenean bota egin zuten". Alboko eraikineko bizilagunek, Kale Nagusiko 2. zenbakikoek, gaizki pasatu zuten. Urteetan jardun ziren udalari etxe hura botatzeko eskatzen, ezbeharren bat gertatuko zen beldur.

Eskaera: pasabidea egokitzea

Munizio saiatu da auzia "onean" konpontzen. "Nire asmoa zen hesiaren kontua udalarekin hitz eginda konpontzea, bestelako iskanbilarik sortu gabe, baina kasurik egiten ez didatenez, Maxixatzenekin harremanetan jartzea erabaki dut". Ez du uste "beste munduko ezer" eskatzen ari denik: "Nire etxerako pasabidea egokitzeko eskatzen dut eta ingurua pixka bat txukuntzeko. Aurrerantzean, berriz, eskertuko nuke jakinaren gainean jartzea nire etxeari eragiten dion zerbait egin aurretik".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide